Eskolaz kanpokoekin, orekari eutsi nahian

Iker Tubia / 2014-10-04 / 1.083 hitz

Eskolako orduez gainera, haurrek eskolaz kanpoko jardueretan izena ematen dute. Adituek diote onuragarriak direla, betiere neurrian. Hala ere, haurren beharrak eta gurasoen ordutegiak uztartzea zaila izaten da askotan.

Oraindik ikusten dira haurrak plazetan jostatzen. Denak, baina, ez daudela jolastokietan. Asko eta asko dira arratsaldea toki batetik bestera ematen dutenak: pianoa, pilota, dantza, judo, gimnastika, ingelesa, antzerkia eta pintura. Tartean etxeko lanak, eta aukerarik balego, lagunekin futbol partida azkarra. Gurasoen ordutegiek batzuetan ez dute laguntzen, baina eskolaz kanpoko jarduerekin ere oreka mantentzen saiatu beharra dago.

Dudarik gabe, azkenengo belaunaldietan handitu egin da eskolaz kanpoko jarduerak egiteko joera. Joxe Amiama EHUko irakasleak bi arrazoiri atxiki die horren ardura: batetik, emakumea lan munduan hasi zenetik etxeko antolakuntza aldatu egin zen. Bestetik, eskola bera ere aldatu egin da azken urteetan. Adibidez, ordutegiak moldatu egin dira. Jarduera horiek, baina, ez dira berdinak. Badira edukiari edo curriculumari lotutakoak: ingelesa, musika eta abar. Horiek ahalegin kognitiboa eskatzen dute. Badira mugimenduaren garapena lantzeko jarduerak ere: igeriketa, dantza, futbola… Horietaz gainera, badira sormena lantzeko balio dutenak, pintura adibidez. Azkenik, harremanak sortzeko eta harreman sareak zabaltzeko jarduerak ere izaten dira: eskaut taldeak, besteak beste.

Jarduera horiek egiteko arrazoia, baina, ez da beti gaitasun horiek lantzea. Amiamaren ustez, «oso garrantzitsua» da haietan izen emateko arrazoiak zein diren aztertzea. Normalean, etxeko antolakuntzak eragin nabarmena izaten du. «Eskolak eta egoerak ez badu gure ordutegia betetzen, beste era batera antolatu behar da. Hori bada arrazoia, alternatibak zein diren begiratu beharko litzateke, baina posible ez balitz, familia guziak onena egiten saiatzen dira». Konpentsazioa edo errefortzua ere izaten da arrazoi nagusi bat EHUko irakaslearen aburuz. Ingelesa ikasteko adibidez, edo lotsatia den haurra ireki dadin.

Beste batzuetan, gurasoek pentsatu ohi dute haurtzaroa dela garairik egokiena zernahi ikasteko. «Argudio hau erabiltzen da, adibidez, ingelesa ikasteko, errazago ikasten dutelakoan. Hori kontrastatu beharko litzateke, haurtzaroa beti ez da garairik egokiena ikasteko». Badira arrazoi arriskutsuagoak ere: gurasoen aurreikuspenak gainditzea. «Gai horrekin hausnarketa sakona egin behar dugu. Hasieran, badirudi seme-alabengatik egiten dugula, baina berrikusi egin behar dugu. Adibidez, musika. Gurasoentzako oso polita da seme-alabek bazkarian trikitia jotzea, baina gero hamabi urterekin apalean uzten dute». Dioenez, haurrek askotan gurasoak kontent izateko egiten dituzte jarduera jakin batzuk, baina garai batetik aurrera beren buruan pentsatzen hasten dira. «Kiroletan ere gauza bera gertatzen da, seme-alaba nabarmentzen hasten bada txapelketetan, hor egotea nahi dute gurasoek, harrotasun apur bat ematen dielako». Villi Etxeberria Bernat Etxepare ikastetxeko Gurasoen Elkarteko kideak ongi ezagutzen du hori. «Benetan gustuko dituzten gauzak egin behar dituzte haurrek. Futbolean, adibidez, badirudi guraso batzuek Messi txikiak dituztela».

Gurasoen eragina, baina, ez da beti erabakigarria. Seme-alabek jarduera hori maite dutelako egiten dute askotan. Hori da egoerarik onena, Amiamaren ustez. Berdin pentsatzen du Etxeberriak: «Haurrei gehiago aditu behar diegu». Baina batzuetan jarduera asko egin nahi izaten dituzte, eta horrek, beste gauzetarako tarterik ez izatea ekar dezake. Hori azaldu du Ander Errastik, irakasletza ikasi ondoren Orioko Danbolin musika eskolan irakasle denak: «Batzuetan dena egin nahi dute, baina ezin da. Zenbat eta gauza gehiagotan izena emanda egon, ez dute denborarik lagunekin jolasten aritzeko, edo lasai egoteko, edo norberak nahi duena egiten egoteko». Horrekin batera, beste faktore batzuk ere kontuan hartzekoak dira: «Ez da bakarrik gustatu edo ez gustatu, kontuan izan behar da familiaren ordutegien antolakuntza, eta haurrarentzako zer estres eta zer kostu duen ere baloratu behar da», esan du Amiamak.

Izan ere, denbora librea izatea ere beharrezkoa da. «Nahiz eta guri iruditu ez direla deus egiten ari, jolasak libre izan behar du, umeak behar du denbora hori, estresaren aurkakoa da gainera», dio EHUko irakasleak. Familiarekin egoteko denbora ere aipatu du. Eskolaz kanpoko jarduerak, denbora librea eta etxeko lanak. Denak antolatzea, zaila izaten da. Horregatik, Etxeberriaren ustez eskolan ere aldaketak egin beharko lirateke: «Eskolan denbora asko ematen dute, eta kalean ere bizi behar dute, harremanak egin behar dituzte. Agian, ez lukete hainbeste etxeko lan izan behar».

Jarduera osagarriak

Alde onak eta txarrak dituzte eskolaz kanpoko jarduerek, baina bada denak ados jartzen dituen ideia bat: jarduera horiek osagarriak dira. Maria Luisa Sanz de Acedo NUPeko irakasleak azaldu duenez, ikasleen hezkuntza integrala osatzen dute jarduera horiek, betiere gehiegi ez badira. «Ongi aukeraturik eta neurrian, haurraren hezkuntzaren alor asko garatzeko lagungarri dira, hainbat ikuspuntutatik: soziala, emozionala, intelektuala…». Are, esan duenez, hainbat ikerketa lanen arabera eskolaz kanpoko jarduerak eta eskolako garapen egokia loturik egoten dira. Betiere, neurrian, jarduera gehiegi egiteak estresa sor liezaioke, eta haurrak jarduera horiek «derrigorrezkotzat» har litzake. Horregatik, ezinbestekotzat jo du haurrek beraiek hautatzea jarduerak.

Amiamak etxeko lanei buruzko tesia egin zuen. Eskolaz kanpokoak eta eskolako errendimendua lotu ditu. Gehiegizko jarduna aztertu du. «Esaten da korrelazioa dagoela eskolaz kanpoko jardueren eta errendimendu akademikoaren artean. Bi edo gehiago egiten baditu eragina du, batez ere haietan ahalegin kognitiboa egiten badute, errendimendua jaitsi egiten da. Kasu guzietan ez, baina ehunekoak kontuan izanda badu eragina».

Jarduerak aukeratzerakoan, haurraren beharrak aztertzea beharrezkoa dela uste du Sanz de Acedok. Bide horretan eskolek laguntza eman dezaketela uste du gainera, eta hori gurasoentzako onuragarria izanen litzatekeela. NUPeko irakaslearen arabera, interesgarria izan liteke bi jarduera mota egitea: bat kirola egiteko, eta bestea, sormena lantzeko edota ezagutza zabaltzeko. Baina, betiere, haurraren nahi eta beharren arabera. «Batzuetan, gurasoek semea edo alaba isila dutenez harremanak egitera bultzatuko duen jarduera batean sartzen dute. Kontuz ibili behar da, antsietatea sor diezaioke besteekin konpromiso handiak hartu behar baditu, adibidez. Haurraren izaera kontuan izan behar da, progresiboa izan behar da, eta inola ere ez muturrera eraman».

Neurrian, ongi

Gauza gehienetan bezala, eskolaz kanpoko jardueretan ere neurria garrantzitsua da. Errastik uste du haurraren arabera ezberdina izanen dela jarduera horietan eman daitekeen denbora. «Arratsalde osoa toki batetik bestera lotuta izatea ez da ona. Ordu bat edo bi ondo, baina hortik aurrera… etxeko lanak egiteko ere denbora behar dute». Horregatik, Etxeberriak autokritika pixka bat egin du, guraso den heinean. «Sobera gauzatan izena ematen dute, eskolan ez zaielako hori eskaintzen. Baina egia da, batzuetan sobera berandu bukatzen dute». Dena dela, guraso askok arazoak dituzte ordutegiekin, eta, beraz, ahal duten moduan kudeatzen dute. Sanz de Acedok argi du, onena gurasoen arabera baino haurren beharren arabera antolatzea da, baina beti ez da posible teoria praktikara eramatea. «Kasu horretan, asteburua haurrarentzako har dezakete gurasoek».

Hala ere, eskolaz kanpokoak ez dira ezinbestekoak. Sarri inguruan jasotako presioak ere bideratu ditzake gurasoak haurrak haietan apuntatzera. EHUko irakasleak hala uste du: «Zure seme-alabak ez badu deus egiten gaizki ikusia dago, eta presioa egon liteke helduen artean eta baita haurren artean ere». Sanz de Acedoren aburuz denbora hori gurasoekin ematea da beste aukera bat. Horrek, baina, konpromiso handiagoa eskatzen du haurrak denbora aprobetxa dezan. «Gurasoek posible badute beste jarduera batzuk irakastea, haurrak ere gaitasun pila bat lor dezake, eta mezu onuragarri asko jaso».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.