Glu eta glu

Zihara Enbeita / 2014-10-30 / 249 hitz

Zeliako baten paperetik Ruper Ordorikak abesten duen Glu eta glu kanta sorpresa ederra izan da, dudarik gabe. Ikasturte hasierarako ezin egokiagoa. Izan ere, ikasturte hasieran gelakoren baten bat zeliakoa bada, urtebetetze egunean zer eraman zer ez eraman izaten da gaietako bat. Edota esnearen proteinari, esnekiei edo bestelakoei alergia dien umeren bat badago, zer jan dezakeen eta zer ez. Batzar batzuetan heltzen da momentu bat badirudiena zeliakoak izateagatik edo alergikoak izateagatik errudun direla ume horiek, eta gurasoek etengabe barkamen eske ibili beharra dutela. Guraso batzuen jarrera ikusi besterik ez dago. Holakoetan, beti gogoratzen naiz Maltan dirua bizitzeko justu-justu eta semea zeliakoa zuen emakumeaz. Supermerkatuetako glutenik gabeko janarien prezioei begiratzea negargarria zen berarentzat, hura zen inpotentzia. Baina semea zuen. Eta gu, bitartean, haserretu egingo gara gelan zeliakoak eta alergikoak ditugulako eta ezin dugulako edozer erosi edota normalean baino garestiagoa den pastel berezia erosi behar dugulako ikasturtean baten, gure seme-alaben urtebetetze festarako, gainera. Nahiz eta urteko beste 364 egunetan ez dugun etiketarik begiratu beharrik izango.

Zer diren gure janari ohiturak. Horretan ere normala zer den arautzen dugu, eta belarjaleek sandwich begetal atundun eta urdaiazpiko egosidunekin konformatu beharko dute, eta barkamena eskatu. Izan ere, hautu pertsonala izan da animaliarik edo eratorririk ez jatea. Garirik jan ezin duenak ogi berezia besapean hartuta joan beharko du jatetxera, eta kontrabandoan jan ogi muturrak, edota ogiaren laguntzarik barik jaten ikasi. «Glu eta glu», umeek eurei kalte zer egiten dien ondo baino hobeto ikasten duten moduan, ikas dezagun guk ere besteak ere badirela edo gu garela askorentzat besteak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.