Joseba Gabilondoren ‘New-York-Martutene’-k jaso du Euskadi saria

Mikel Lizarralde / 2014-10-30 / 638 hitz

Ramon Saizarbitoriaren eleberriaren azterketak irabazi du saiakera alorreko saria.
Maite Gurrutxagak ‘Habiak’-en egindako ilustrazio lana eta Harkaitz Canoren ‘Orkestra lurtarra’ ere saritu dituzte.

Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberritik tiraka, Euskal Herriak mundu globalizatuan duen tokia aztertuz Joseba Gabilondok idatzitako saiakerak (New-York-Martutene. Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz) irabazi du 2014ko Euskadi Literatura saria. Saizarbitoriaren lanari euskal literaturaren eleberri gailen deritzo Gabilondok, eta Euskal Herriaren iragana eta etorkizuna berrikusteko perspektiba ematen duela uste du.

Irakasle eta literatura kritikaria ez zen izan atzo Donostian, sariaren berri emateko Eusko Jaurlaritzak antolatutako agerraldian, baina AEBetatik igorritako idatzi baten bitartez nabarmendu zuen saiakerak genero gisa duen balioa: «Egungo saioari —euskaraz idatzitakoari—, poesiari gertatu zaion bezala, narratibaren morroi edota bigarren mailako genero izatea suertatu zaio (…) Euskaraz idatzitakoak narratibara jo duenean bakarrik izan du arrakasta». Hala ere, saiakeraren indarra ere aldarrikatu nahi izan du Gabilondok, eta polemikarako bidea zabaltzeko —haren iritziz «polemikak baitirudi hitz eginarazteko bide bakarra Euskal Herrian»—, narratiba baino beharrezkoa dela uste du: «Inondik ere ezin aldarrikatu saioa jada errotu denik Euskal Herrian, baina pentsatu nahi dut geroa berea dela, literaturaren eta pentsamenduaren geroa berea duela».

Jon Sudupe buru izan duen epaimahaiak —iaz irabazi zuen euskarazko saiakera saria—, Gabilondoren lanari aitortutako merituak aletu zituen Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak: «Martutene lanean barrena egiten duen ibilaldia oso iradokitzailea da. Haren unibertso literarioan barneratzeko orientabide ugari ematen dizkigu».

Gaztelaniazko saiakeraren alorrean, Jon Juaristiren Espaciosa y triste lanak irabazi du saria. Azkeneko 25 urteetan idatzitako saiakera sorta batek osatzen du liburua, eta, epaimahaiaren arabera, elkarrekin darabiltza «goi mailako literatura estiloa, zorroztasun akademikoa eta hausnarketa sakonak; identitate politikoa sortzen duten diskurtsoei buruzko hausnarketa batetik, eta andaluziar, euskal edo espainiar nazionalismoen azpian egon diren mito identitarioei buruzko hausnarketa bestetik».

Harkaitz Canok badaki zer den Euskadi saria irabaztea. Beluna Jazz-ekin irabazi zuen aurrenekoz 2005ean, eta Twist-ekin bigarrenez 2012an. Biak Euskarazko Literaturaren alorrean. Hirugarren saria Orkestra lurtarra-k (Elkar) eman dio, oraingoan haur eta gazte literaturaren atalean. Bremengo musikariak tradiziozko ipuinaren zantzuak ditu liburuaren abiapuntuak; izan ere, liburuan ere orkestra bat da protagonista. Canok, epaimahaiaren iritziz, «eraginkortasunez eta maisuki erabiltzen ditu nola hizkuntzaren bitarteko guztiak, hala literaturaren esparrukoak ere». Cano ere ez zen atzoko agerraldian izan, Italian baitago, baina bideo bidez eskertu zuen saria, eta, batik bat, Jokin Mitxelena ilustratzailea izan zuen gogoan, «zorretan», hark marraztu baititu pertsonaiak. Liburu bihurtu baino lehen, Orkestra lurtarra BERRIAko Mantangorri gehigarrian argitaratu zuen atalka.

Habiak lanak (Txalaparta), berriz, lehenengo Euskadi saria eman dio Maite Gurrutxagari. Dejabu Panpin Laborategiaren eskaera baten emaitza da liburua, eta epaimahaiak nabarmendu duenez, «ilustratzailearen gaitasun narratibo eta adierazkor izugarriari esker, xehetasun eta sentimendu handiz deskribatzen da oroitzapenez eta emozioz gainezka dagoen istorioa». AHTko trenbidea eraikitzeko etxea kendu dioten Simon baserritarraren eta Bosniako gerratik ihesi Euskal Herrira iritsitako Selma errefuxiatuaren arteko harremana kontatzen du Habiak-ek

———————

Maite Gurrutxaga. Ilustratzailea: «Nire bihurtu dut ‘Habiak’-en istorioa, eta lan handia egin behar izan dut»

Maite Gurrutxagak (Amezketa, 1983) aurrenekoz eskuratu du ilustrazio alorreko Euskadi saria.
Dejabu Panpin Laborategiaren proposamen bat izan da Habiak. Zerk erakarri zintuen?

Dejabukoek antzezlan gisa taularatu zuten testua [Gizona ez da txoria izenburuarekin], eta taula gaineko bizitza amaituta, pentsatu zuten papereratu zitekeela, eta formatua komikia izan zitekeela. Proposatu zidaten zerbait egitea, ondo jakin gabe gero nola emango genuen. Beraiek oso eskuzabalak izan ziren, utzi zidatelako istorioa neure egiten eta neure erara papereratzen. Baina elkartu egiten ginen, eta ikusten genuen proiektua tamaina handia hartzen ari zela. Eta hor sartu zen Txalaparta.

Antzezlana ikusi zenuen liburua egiteko?

Ez, bueno, DVDan ikusi nuen, antzezlana 2009ean estreinatu zenean kanpoan nintzelako. Eta gehienbat gidoiari egin nion kasu.

Ze zailtasun izan ditu gidoia komiki bihurtzeak?

Niretzat, garrantzitsuena da istorioa ondo garatzea eta story-board-ean forma hartzea. Zirriborroak egitea eta… Gainera, akuarelaz eginda daude marrazki guztiak, uste nuelako istorioari hori zetorkiola ondo, baina horrek asko luzatu du lana. Bi urteko lana izan da.

Zure lanik konplikatuena izan da?

Komikiak inplikazio handia eskatzen du, marrazki asko egin behar direlako. Gainera, nire bihurtu dut Habiak-en istorioa, eta hor lan handia egin behar izan dut

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude