Sentatik Lakhurara

Gorka Lopez / 2014-10-28 / 427 hitz

Santa Grazin hasi eta Lakhurako terraza panoramikoan amaitzen den ibilbideak Ehüjarreko arroila ederra ikusteko aukera eskaintzen du.

Ehüjarreko arroilak osatzen duen labar natural zoragarria aprobetxatuz, Lakhurako terraza panoramikoan barneratuko gara. Santa Grazi eta Belagua artean altxatzen den mendilerroaren iparraldeko hegaletan zabaltzen da labar hori.

Senta auzoko elizatik abiatuko gara —Santa Grazi komunan dago—. Errepidetik jaitsiko gara ibai gaineko zubiraino eta hurrengo bidegurutzeraino, eta, Ehüjarrerako bidea erakusten duen seinalea ikustean, eskuinera joko dugu. Pista horretatik, galtzeko arriskurik gabe joango gara Ehüjarreko arroilaren ahoraino bertaraino; han, bidea utziko dugu ezkerretik, eta basarte trinkora sartuko gara bidezidor batetik.

Ehujarreko arroilan zehar

Bidezidorra ibiliko dugu, eta pare bat tokitan arroila zeharkatzen duen ibaiaren beste ertzera igaroko gara. Aurrera egingo dugu baso trinkoaren artetik ageri diren mutur harkaiztsu eta pareta handietan zehar, pixkanaka igoz, goranzko bide gogor bati heltzen diogun arte. Baso barneko bukaerako aldean azalduko da, eta, gero, zuhaiztia atzean utzitakoan, bide harritsu zabal batetik hedatuko da, aire zabalean.

Gorako ibilbidean, zeinetatik arroila gaindituko dugun, Molerseko haitzulo aurretik igaroko gara; hura atzean lagata, Erraitzeko belazeetatik datorren errekara ailegatuko gara. Hura gurutzatu, eta errekaren beste bazterreko goranzko bidexkari ekingo diogu; ez diogu kasurik egingo kartel batek Ehüjarreko tour gisa erakusten duen bideari. Zertxobait gorago joan, eta arroilan zeharreko ibilbidea burutuko dugu. Erraitzeko belazeetan agertuko gara, errekari eusten dion presa baten aldamenean.

Erraitzetik Lakhurara

Handik hogei bat metro aurrera jo, eta eskuinera biratuko dugu, Sargateko muinoko hegal belartsuan gora, zeinak Mendi Beltzako gaina ezkerraldean uzten baitu. Sargatetik, Ihizkundizeko muinoaren parean jarriko gara; ibar batek bereizten gaitu handik; Lakhurako gainera doan mendi sokaren pean egongo gara, eta garbi-garbi ikusiko dugu Lakhurako gaina.

Ezkerreko bidetik segituko dugu, eta lepo biak batzen dituen magalean zehar ibiltzen hasiko gara, zirkuluerdi formako ibilbide bat osatuz Ihizkundizeko muinoraino. Han, ikuspegi aparta izango dugu Txardekagaina inguruan biltzen diren tontorretara, eta Kakuetako haitzartearen ebakidura sakona ere ikusi ahal izango dugu.

Ihizkundizeko muinoan, ezkerrera egingo dugu, eta Lakhuraren iparraldeko hegi makurra hartuko. Bidezidor estu batetik zeharkatuko dugu hango sasiarte trinkoa, eta bide horrek Lakhurako gailurrera eramango gaitu, non baserri formako postontzi bat dagoen. Lakhuraren kokaleku estrategiko horrek eskaintzen duen ikuspegi ederra parean dugula, hegoaldeko hegitik egingo dugu behera, igo garen kontrako aldetik, Belaguako ibar aldera ematen duen bidezidor batetik, harri hesi batera iritsi arte. Aireko ibilbidea luzatuko dugu ekialderantz zabaltzen den mendilerro batetik; Erraitzeko muinorantz joko dugu handik, Auñamendi aldera ematen duten ikuspegi zabalen artean.

Erraitzeko muinoa zeharkatzen duen errepidera heldu aurretik, ezkerrera hartuko dugu, eta, beherantz, Erraitzeko belazeetara doan bideari batuko gatzaizkio; zelaietara bueltatuko gara, handik Ehüjarreko goranzko ibilbideari berriro ekin eta Sentara itzultzeko. Han amaituko da ibilbide eder hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude