Ander Martinez de Albeniz, ‘Rosetta’ misioko ingeniaria: «’Philae’ Lurrera bidaltzen ari den datuek ez dute preziorik»

Arkaitz Almortza Muro / 2014-11-16 / 818 hitz

Minutu bakoitza urre izan da. Energia falta izan du ‘Philae’ zundak, eta lokartu egin da azken orduetan. Martinez de Albenizek argi eta garbi du, hala ere: lorpen handia izan da operazioa bera.

Erronka ez zen makala. Urte askotako lana karta bakarrean jokatu zuten: eta irabazi. Asteazkenean, Philae zundak 67/P Churyumov-Gerasimenko kometan ipini zituen oinak, eta zientziaren historia liburuan kapitulu berri bat idatzi. Idazle horien artean hainbat euskal izen eta abizen daude, tartean Ander Martinez de Albeniz (1985, Tolosa, Gipuzkoa). Ingeniaritza Aeronautikoa ikasi zuen, eta bi urte daramatza ESA Europako Espazio Agentzian lanean, GMV enpresaren bitartez. Rosetta misioan ibili da buru-belarri, eta haren lantaldearen helburua izan da, besteak beste, Philae-ren ibilbidea marraztea ongi kometaratzeko. Emaitza «ezin hobea» izan dela dio. Astea gogorra izan da; ahotsean sumatzen zaio, baina irribarretsu dio oso harro dagoela eginiko lanarekin.

Lehenik eta behin, zorionak. Urte askotako lanaren ostean, zer-nolako sentipenarekin geratu zarete lantaldean?

Ez dakit; pixka bat arraroa izan da. Arreta asko jaso dugu, eta ez gaude ohituta hainbesteko iskanbila sortzera. Oso pozik dago jendea hemen. Denok dugu sentipena horrelako momenturik ez dugula denbora luzean berriro ere izango.

Philae-k espaziontzitik askatu eta oinak kometan jarri arte, zazpi ordu igaro ziren. Nola bizi izan zenuten denbora tarte hori?

Tentsio pixka batekin, iritsi behar zitzaizkigun datu guztien zain. Ni neu zain egon nintzen zerbait gertatuz gero Rosetta larrialdiko modutik berreskuratzeko. Zorionez, ez genuen ezer ere egin behar izan.

Handik gutxira hasi ziren lehen irudiak iristen. Zer-nolako erreakzioa izan zenuten argazkien eta datuen inguruan?

Sekulako poza. Bereizketa egin zenean, handik 28 minutu ingurura telemetria iritsi zitzaigun: azelerazioa hartzen duten sentsoreen eta beste batzuen informazioa heldu zitzaigun. Orduan jakin genuen banaketa ongi atera zela. Handik kometaratzera arte ez genuen berri gehiagorik izan. Rosetta-tik informazioa jasotzen ari ginen, guztia ongi ateratzen ari zela adierazten zuena, baina Philae-ren berririk ez genuen. Bitartean, Rosetta-k argazkiak ateratzen zizkion Philae-ri, baina ez genituen eskuratu kometara heldu baino pittin bat lehengora arte; hori ere sekulakoa izan zen: Philae ikusi ahal izatea guk espero genuen bideari jarraitzen eta kometaratzeko hankak irekita zeuzkala, hori eguneko mementorik hoberenetakoa izan zen.

Zailtasunak ere izan ziren…

Hala da, bai. Philae-k, berez, zailtasun dezente zituen. Adibidez, gailua kometaratzeko sistemak ez dauka kontrol ziklo itxi bat. Horrek esan nahi du guk Philae askatu genuela ahalik eta norabide eta abiadura hoberenarekin. Ikusi da arrakastatsua izan dela kalkuluak ongi egin zirelako, baina behin askatuta ez zegoen modurik gailuaren ibilbidea zuzentzeko. Jaurtitzerakoan gradu baten milaren (0.001 gradu) batean huts egiten baduzu, kometaratzean hori zenbait metroko desbideratze bihurtzen da. Beste zailtasunetako bat gailuaren diseinuan dago. Philae-k sistema batzuk zituen kometari eusteko, eta ez dute funtzionatu. Jaurti baino lehenago ikusi zen gailuak zuen suziri txikiari ezin zitzaiola presioa eman, eta bateriarekin ere arazoak izan zituen. Baina aurrera egitea erabaki zen.

Oztopoak oztopo, kometara iristea lortu zuen. Baina gero ikusi zen ez zela geratu aurreikusi zen lekuan: Agilkian. Zergatik?

Berez, kometaratu behar zuen lekuan kometaratu zen. Kontua da kometari eusteko zituen bi sistema nagusiek ez zutela behar bezala funtzionatu. Kometari eusteko zuen suziriak ere ez zuen funtzionatu. Horrenbestez, kometa jo zuenean zundak bote egin zuen, eta, horregatik, behin kometaratu beharrean hiru aldiz kometaratu zen. Lehenengoan, hanken malgutasunaren ondorioz, gainazaletik 400-500 metrorainoko saltoa egin zuen. Gero, kometaren grabitate eskasak tiratuta, berriro gerturatu zen lurrazalera, eta beste bote txiki bat eman zuen orain dagoen lekuan kokatu zen arte.

Aingurek huts egin zuten arren, torlojuekin eutsi dio kometari. Ez al du alde egiteko arriskurik?

Gailuekin, bi aingurekin eta suziri txikiarekin batera, torlojuen antzeko piezak ditu hanketan. Ez dago argi horiek kometan finkatu diren ala ez, baina, hala ere, behin geldirik egonik, nahikoa da kometaren grabitatea bertan egoteko; beraz, oraingoz, ez dago arriskurik alde egiteko.

Pixkanaka itzali egin da…

Bai, hala da. Geratu den lekuan erdi itzalean geratzen da Philae, eta eguzki izpiek ez dute behar adina jotzen. Izan ere, kometak hamabi ordukoa du erreboluzio periodoa; hau da, lurrean egunak 24 ordu dituen bezala, kometaren gainazalean egun batek hamabi ordu ditu. Kometaratzea hobeagoa izan balitz, egunaren erdia argitan egongo zen; hots, sei ordu argitan eta sei itzalean emango zituen. Leku berriaren ezaugarrien ondorioz, soilik ordubetez jasotzen du argia gutxi gorabehera, eta beste 11 bat ordu ematen ditu itzalean. Horrek esan nahi du eguzki panelek ez dutela energia nahikoa sortzen bateria egoki kargatzeko. Ondorioz, misioaren iraupena espero zena baino txikiagoa izango da.

Pena sortzen du uste baino lanaldi laburragoa izateak, ezta?

Philae oso arrakastatsua izan da. Egia da uste baino etekin gutxiago aterako zaiola, baina orain arte lortutakoak eta Lurrera bidaltzen ari den datuek ez dute preziorik.

Azken orduetako informazioaren arabera, gailua lekuz aldatzeko saioa aztertzen ari dira. Lortutakoaren ostean, merezi al du Philae mugitzea?

Teorian, Philae ez dago diseinaturik lekuz mugitzeko, baizik eta iristen zen lekuan ainguratzeko. Zorionez, kometaren grabitatea oso txikia da, eta Philae-k barruan dauzkan instrumentuak nola edo hala mugituz lor daiteke pittin bat mugitzea. Agian iraul daiteke edo posizioa aldatu, Eguzkiak hobeto emateko. Azken orduetan zientzialarien helburua izan da izan duten denbora eskasean ahalik eta informazio gehiena eskuratzea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude