Apustu egin eta irabazi

Igor Susaeta / 2014-11-12 / 612 hitz

Erbestetik bueltan Martin Ugalde arbuiatua izan zela nabarmendu du Joan Mari Torrealdaik. Euskaraz sortzeko egin zuen ahaleginak hunkitzen du Anjel Lertxundi (Bideoa: Ander Gartzia).

Venezuelan 1947 eta 1969 artean, erbestean igaro zituen urteetan, Martin Ugaldek (Andoain, 1921-Hondarribia, 2004) arrakasta eduki zuen kazetari eta idazle moduan. Aurreneko lanbideari dagokionez, Elite, Nosotros eta El Farol aldizkariak zuzendu zituen, esaterako. Baina, Joan Mari Torrealdai idazle eta euskaltzainaren esanetan, Ugaldek sentitzen zuen jaioterriarekiko konpromiso bat, eta horregatik itzuli zen Euskal Herrira. Ia inork ez zituen ezagutzen, ordea, ez hura, ez haren obra ere. «Orduan erdal idazletzat ere hartzen zutela aitortu izan zuen. Abertzaleen arteko giroa nahasia zen, eta arbuioa sumatu zuen; besteak beste, EAJkoa zelako», adierazi zuen Torrealdaik atzo Andoainen, Martin Ugalde Foroak antolatutako Martin Ugalde gogoan solasaldian —atzo bete zen, hain zuzen, haren jaiotzaren 93. urtemuga—.

Anjel Lertxundi izan zuen solaskide, eta Ugalderen ibilbidean eta jokabidean alderdi batek harritzen, are hunkitzen du bereziki: «Gaztelaniaz hainbat urtez modu arrakastatsuan lan egin eta gero, erabakitzen du, 60 bat urterekin, bere ama hizkuntzan nahi duela sortu, ahaleginduko dela. Lortu zuen, gainera, testu oso duinak osatzea». Ugalderen apustuetako bat da; etxera itzultzearen modukoa; Euskal Herriaren historia eta memoria modu dibulgatibo batean azaltzearen parekoa; 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran pilatutako ilusio eta nekeen tamainakoa —«1962an amestu zuen halako egitasmo bat», jakinarazi zuen Torrealdaik—. Egindako apustuak irabazi zituen, halere.

Galdutako gerra baten ondorioz alde egin behar izan zuen etxetik, dena den. Venezuelan ondu zuen bere lehen narrazio liburua: Iltzaileak (1961). Irakurri zuenean, 1973an, Lertxundiri iruditu zitzaion lan harekin jaio zela euskal ipuingintza modernoa. Lan hura 1936ko gerraren ondorioez mintzo zen, eta zatika baino ez zen heldu Euskal Herrira —Erein argitaletxeak handik hainbat urtera berrargitaratu zuen—.

Egile eta pertsona «guztiz ezezaguna» zen Ugalde bere jaioterrian, Lertxundiren hitzetan frankismoaren eraginez erbestera jo behar izan zuten beste batzuen moduan. Miguel Unamunori buruz gazteleraz egindako saiakera batek eta Ama gaxo dago antzezlanek soilik zuten sona apur bat. Hasi zen, baina, bere bidea egiten. Kostata. «Amesten zuena eta topatu zuen errealitatea oso diferenteak ziren eta. Sekulako erronka izan zen harentzat hona bueltatzea», azpimarratu zuen Lertxundik. Ekin zion, ikusi zuelako, Torrealdariren aburuz —«oso tematia zen»—, Euskal Herriko biztanleak desinformatuta zeudela, ezjakintasun izugarria zutela eta beren errealitatearen berri ere ez zeukatela.

Hori azaltzeko, bide dibulgatiboa aukeratu zuen, eta elkarrizketatu zituen Joxemiel Barandiaren, Koldo Mitxelena, Eduardo Txillida, Agustin Ibarrola… Horren emaitza dira Síntesis de la historia del País Vasco, Hablando con los vascos, Hablando con Chillida… «Jendeak ulertzeko moduan idatzi zituen», zehaztu zuen Torrealdaik. «Euskal Herria bere osotasunean hartuta, gainera», Lertxundik.

Haren ustez, kazetaritza ikuspegitik osatu zituen. «Formazio akademiko hori zeukan». Hori narrazioetara ere eraman zuen. «Izan ere, ipuingintza da kazetaritzatik gertuen dagoen literatur generoa». Lertxundik oroitu zuen Ugaldek esaten zuela berak ez zekiela gramatikarik eta «literaturaren teoria» ere ez zuela menperatzen. «Baina bazuen sena, eta uste dut hori kazetaritzatik zetorkiola».

«Erraldoia» da, Torrealdairen esanetan, Ugalderen obra. 47 liburu idatzi zituen —horietako hamazazpi euskaraz—, eta «700 bat lankidetza osatu euskaraz». 1962an jada esan zuen bere ama hizkuntzan lan egin nahi zuela. «Baina kostatu zitzaion, hizkuntza ez zegoelako landuta kazetariza profesionalerako, eta bera ere ez zelako bere buruaz seguru».

Sinesgarritasuna emanez

Euskaldunon Egunkaria argitaratzen hasi zenean, 1990ean, Ugalde administrazio kontseiluko lehendakari izendatu zuten. Haren sorreran ere parte hartu zuen. «Harrigarria zen zeukan ilusioa. Oso aktiboa zen, diziplinatua, eta baita ausarta eta askea ere. Haren itzalak sinesgarritasuna eman zion proiektuari», esan zuen Torrealdaik, eta baita oroitu ere nola altxatu zen bilera batetik 1992ko martxoan, Joseba Arregi orduko Kultura sailburua «ezezko posizioan» zegoelako. «Zera esan zion: ‘Nire golkoan ez da mamu gehiago kabitzen’». Lertxundik galdetu zion Torrealdairi ea Egunkaria-ren sorrerak etorrerako minak arindu ote zizkion Ugalderi. Baietz Torrealdaik. Apustu hura ere irabazi zuen

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude