Funtzioz aldatu diren binetak

Lander Muñagorri Garmendia / 2014-11-22 / 822 hitz

XX. mendean argitaratu ziren gazteentzako euskarazko lehen komiki aldizkariak hezkuntzarako tresna ziren. Denborarekin, ikuspegi hori aldatu egin da, eta gaur egun aisialdiarekin lotzen da komikia. Getxoko Komiki Azokak gazteentzako ‘Xabiroi’ aldizkaria saritu du lan horregatik.

Tradizio baten azken katebegia. Horrela definitu du Iratxe Retolaza ikerlariak Xabiroi gazteentzako komiki aldizkaria. 2005ean kaleratu zen lehen zenbakia, Ikastolen Elkartearen eskutik, eta orduz geroztik hiru hilean behin argitaratu da, etenik gabe. Euskarazko komikigintzari egin dion ekarpena «garrantzitsua» izan dela iritzita, lan hori saritu nahi izan dute atzo hasi zen Getxoko Komiki Azokan. Ikuspegi hori partekatzen du Juan Manuel Diaz de Gereñu komiki adituak ere: «Xabiroi aldizkariak sekulako meritua dauka, jarraitutasunez lan berriak argitaratzeak industria bera indartzen duelako eta, era berean, sortzaileen plataforma bat ere sortzen duelako».

Gazteentzat egina da aldizkaria gehienbat, baina «helduak izango balira bezala» idazten dituzte istorioak. Hori azaldu du Dani Fano Xabiroi-ren koordinatzaileak. Horregatik, aldizkariak adin tarte zabala hartzen duela azaldu du, baina onartu abiapuntua gazteak direla. Era horretan, Xabiroi-k jarraipena eman die euskal komikigintzako gazteentzako argitalpen anitzi; Retolazak aipatzen duen katebegia. Baina azken horrek gainerakoengandik bereizten duen bereizgarri bat du Diaz de Gereñurentzat: kalitatea. «Ipurbeltz bezalako aldizkari batean pieza oso onak zeuden, baina ez zen egonkorra. Komiki on horren ondoan kaskarragoa zen, beste bat azaltzen zelako. Xabiroi-ren kasuan ez da halakorik gertatzen, orain arte ez baitiot irakurri herrena den alerik». Izaera hori aurretik egin den lan guztiaren oinordekoa dela ere onartu du, ordea. Askotarikoa izan baita euskarazko komikigintzan egin den lana.

Hezkuntzarako tresna

XX. mende hastapenetara jo behar da euskarazko gazteentzako lehen komikiak topatzeko. 1927. urtean Txistu komiki aldizkaria argitaratu zuten Argia-rekin batera. Jarraipen mugatua izan zuen, hamabi zenbaki besterik ez zelako argitaratu, eta zortzi urte itxaron behar izan zen antzeko beste proposamen bat azaltzeko. Orduan ere Argia-rekin batera banatu zen Poxpolin komiki bilduma. «1936ko gerra aurretik euskal prentsa piztu zenean, Jon Zabalotxiki eta Ixaka Lopez de Mendizabalek beharra ikusi zuten irudia prentsara eramateko, eta horrela sortu ziren komiki horiek gazteei begira», Retolazaren arabera. Gerrak ekarpen hori eten egin zuen, euskalgintza bera eten zen modu berean, eta 1960ko hamarkadara arte ez zen bestelako komiki aldizkaririk argitaratu. Pan-Pin komikia argitaratu zuten hamarkada batez, eta Zeruko Argia-rekin batera banatu zen. Argia eta Zeruko Argia-k, beraz, ekarpen garrantzitsua egin zioten XX. mendeko euskarazko komikigintzari.

Baina gaur egungo komikiekin zerikusi gutxi zeukaten. Ez irudi aldetik bakarrik, eduki aldetik ere erabat ezberdinak baitziren. «Garaiak oso ezberdinak ziren, eta giroa ere askoz tradizionalagoa zen hartan. Horregatik, kutsu hori komikietan ere sumatzen da». Nekazaritza ingurua goratu eta hiriko bizitza gutxiesten zuten, erlijioa ere sustatzen zuten bineten bidez, eta euskaltzaletasunak garrantzi berezia zuen. Alegia, komikiek ikuspegi didaktikoa hartu zuten garai horietan. «Ez zen denbora-pasa gisa ikusten, hezkuntzarako tresna gisa baizik».

1977. urtean argitaratzen hasi zen Kili-kili komiki aldizkariak ere hezkuntzarako tresna gisa ikusten zuen komikia. 2003ra arte argitaratu zen, eta, Euskal Herri osoan zabaldu zen arren, Bizkaian izan zuen oihartzunik handiena. Han egin ziren aldizkariaren aldeko festa egunak ere. Euskalduntasuna eta transmisioa izan ziren komikiaren kezka nagusiak, eta ildo horretan lan egin zuten hamarkada luzeetan. Ildo horretan, halaber, euskal mitologia zabaltzeko baliabide gisa ere erabili izan dira binetak. Euskal Herriaren historia erakusten zuten komikiak ere azaldu zirela esan du Retolazak, eta horretan ekarpen garrantzitsua egin zuten Gabai komiki bildumek.

Aldaketa, ‘Ipurbeltz’-ekin

Aurreko komikigintzatik aldaketa nagusia Ipurbeltz-ek ekarri zuen, ordea. 1977. urtean hasi ziren argitaratzen, eta 2001era arte hilero banatu zen, etenik gabe. Retolazak argi azaldu du zein izan den haren ekarpen nagusia: «Lehenengoak izan ziren komikia aisialdiko tresna gisa ikusten». Mugarritzat hartu du komikiaren lana, «adierazpide artistikoari eta narrazioari eman ziolako lehentasuna». Azken finean, sormena bihurtu zen lehentasun nagusia. Baina, komikiarekiko ikuspegi aldaketaz gain, aldizkariak beste hainbat berrikuntza ere ekarri zituen. Aurreko komiki asko ez bezala, Ipurbeltz-eko lan denak beren osoan originalak ziren. Hau da, denak ziren sorkuntza propiokoak. «Beste komiki aldizkari askotan, itzulpenek presentzia handia zeukaten».

Sorkuntzarako ildo hori hartzeagatik, marrazkilariak elkartu zituen plataforma bihurtu zen Ipurbeltz. Han bildu ziren Antton Olariaga, Jon Zabaleta, Asun Baltzola eta beste hainbat egile. Plataforma iraunkor horri esker, ondorengo marrazkilari belaunaldiekin zubi lanak egitea ere lortu zuen. «Esan daiteke eskola bat sortu zuela», Retolazaren arabera. Baina ez zen marrazkilarientzako elkargune bakarrik bihurtu. Izan ere, gidoi asko idazleekin batera egin zituzten, tartean Anjel Lertxundi. «Ez da kasualitatea Ereinek ere [Ipurbeltz argitaratzen zuen], literaturarekin lotutako argitaletxeak, hori egin izana». Gaur egun lekuko horixe bera hartu du Xabiroi-k berak, besteak beste Harkaitz Cano eta Iban Zalduaren gidoiak eramaten dituztelako binetetara.

1990eko hamarkadan, bestalde, Ipar Euskal Herrian izan ziren haurrei begirako beste esperientzia batzuk ere: Xirrista eta Kometa. Xirrista 4 eta 8 urte artekoentzat zen, eta Kometa, berriz, 8 urtetik gorakoentzat. Horien artean komiki zaletasuna sustatzea izan zuten helburu. Iparraldean «ekarpen interesgarria» egin zutela uste du Retolazak, baina hamarkada amaitzerako amaitu zuten ibilbidea. «1990eko hamarkadan komiki zaletasunak izan zuen halako beherakada bat», eta horren eraginez itxi ziren Kili-Kili, Ipurbeltz, Xirrista eta Kometa. Nanai komikia sortu zen ondoren Iparraldean, eta 2005etik Xabiroi ere ekarpena egiten ari da. Urte luzeetan komikigintzak izan duen segidaren azken adibideak besterik ez dira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude