Jorge Cardona, Nazioarteko Zuzenbideko katedraduna: «Justiziari eskatu behar zaio umeekin adiskidetsu izateko»

Jon Rejado / 2014-11-19 / 801 hitz

Justizia sisteman haurren interes gorena bermatzeko arazo nagusiak formakuntza eta baliabide falta dira, Cardonaren iritziz; halaber, epaiketen prozesuen epeak laburtzeko beharra nabarmendu du.Gurasoen arteko harreman txarragatik, delitu baten biktima izateagatik, delitua egiteagatik… Adingabe batek arrazoi askoren ondorioz izan dezake harremana justizia sistemarekin. Haurraren interes gorena errespetatzeari buruz jardun zuten Bilbon EAEko Arartekoak, Unicefek eta Save the Childrenek antolatutako jardunaldietan atzo. Jorge Cardona Nazioarteko Zuzenbideko katedradun eta Haurren Eskubideen Batzordeko kideak (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1957) interes gorenaren oinarriak azaldu zituen bertan.

Zein da haurraren interes gorena justizia sisteman?

Haien eskubide guztiak bermatzea da, baita umearen garapen holistikoa ere. Hau da, haurren eskubideen errespetua eta garapen osoa ahalbidetzea: kognitiboa, fisikoa, psikikoa, morala…

Hori nola islatu beharko litzateke ebazpenak hartzean?

Egoera berean dauden bost adingaberen interes gorena aztertu beharko banu, bost konponbide ezberdin hartu beharko nituzke. Ume bakoitza ezberdina dela ulertu behar dugu, eta berezitasun horietan oinarritu haren eskubideak bermatzeko.

Hots, epailearen iritzia bainoago umearen banakotasunak zehaztu beharko luke ebazpena.

Bost epaile ezberdin, kasu beraren aurrean, konponbide berera heldu beharko lirateke. Umearen interes gorena ez da nik pentsatzen dudana, umearentzat egokiena den hori baizik.

Hori bermatu ahal izateko, zeintzuk dira justizia sisteman dauden gabezia nagusiak?

Lehenik eta behin, operadore judizialen artean formakuntza falta dago; ez dute adingabearen interes gorena zehazteko eta ebaluatzeko prestakuntza jaso. Estereotipo asko dago, baita iltzatutako jokabide ugari ere. Bestetik, baliabide falta dago. Epaile batek ez du zertan jakin ume batekin hitz egiten. Horretarako profesionalak daude, psikologoak adibidez; horien bitartez, epaileak jaso dezake behar duen informazioa.

Epaitegietan egindako jardunbide egokirik ezagutzen duzu?

Justiziari eskatu behar zaio umeekin adiskidetsu izateko; umea ez dadila beldurtu bertan sartzean. Ildo horretan, epaitegi batzuetan gela bereziak egin dituzte, umeek bertan deklara dezaten. Ikasgela baten modukoa da, epaileak ez du togarik, batzuetan psikologoa baino ez dago… Tamalez, egoera horiek ezohikoak dira.

Ez dago ildo horretan aurrera egiteko egitasmorik?

Espainiako Gobernua lege aldaketa prestatzen ari da justiziaren alorrean, eta haurtzaroaren arretari buruzko gaietan eragingo du. Besteak beste, praktika onak zabaltzeko helburua izango du; dena den, ikusi beharko da legearen memoria ekonomikoa, ea baliabide ekonomikorik badagoen.

Egungo araudian ez al dago umeen arretarako tresnarik?

Diziplina arteko taldeak aurreikusita daude. Haiei dagokie umearen egoera aztertzea. Nolanahi ere, talde horiek familia epaitegietan daude, eta auzitegi horiek hiriburuetan baino ez daude. Hortaz, zer gertatzen da hiriburuetan bizi ez direnekin?

Epaiketa prozesuak geldoak izan ohi dira. Haurren beharretara egokituta al daude?

Hori da, hain zuzen ere, adingabearen interes gorena ebaluatzeko irizpideetako bat: denbora. Ume batek ez du denbora neurtzen helduen moduan. Guri urte bat kenduko baligute, ez litzateke alde handirik egongo, baina ume bati kenduz gero… Haurra ezin da zain egon; ezin izango du berreskuratu galdutako denbora hori. Adingabeak tartean daudenean, erabakiek premiazkoak izan behar dute.

Kasu guztietan?

Bai, baita adingabearengan zeharka eragiten duten kasuetan ere; bera protagonista ez denean, alegia. Denbora funtsezko elementua da, eta hori kontuan hartu behar da erabakien arintasunean, baita egonkortasunean ere.

Zeri buruz ari zara egonkortasuna aipatzen duzunean?

Ezin dugu erabaki bat hartu eta datorren urtean beste batekin aldatu. Umeak egonkortasuna behar du garatu ahal izateko. Ezin da urte batean zaintza partekatua ezarri, hurrengo urtean gurasoetako batekin utzi, eta, azkenik, umearen zaintza beste gurasoari eman.

Gaur egun errespetatzen al da aipatu duzun bizkortasun hori?

Justizia oso mantsoa da, baita haurren kasuan ere. Are gehiago, prozedura batzuetan ez da kontuan hartzen umeak tartean daudela; auzia helduen artekoa bada ere, batzuetan adingabeengan eragiten du, baina ez da ikusten.

Profesionalen formakuntzak hori saihesten lagunduko luke?

Profesionalek haurren eskubideak ulertuko balituzte, kasu bakoitzean duten garrantzia, ez ginateke askorik kezkatuko legeekin; gauzak ondo egiteaz arduratuko lirateke. Profesionalak ez badaude ondo prestatuta, lege on batek ere ez du balio izango.

Adingabeek aukera dute justiziara jotzeko, beren kabuz?

Norbaitek egin behar du haien izenean: gurasoek, tutoreak edo fiskalak. Nire ustez, horrek agerian uzten du ez dugula haurra herritar osotzat hartzen. Adinez nagusi izan aurretik izan beharko lukete aukera; ohartu beharko ginateke adingabea, batez ere nerabea, bere eskubideez ahalduntzearen garrantziaz.

Aurretik zaintza partekatua aipatu duzu. Zer iritzi duzu hori lehenestearen aldeko legeez?

Haurren Eskubideen Batzordearen iritzia oso argia da: umearen interes gorenaren aurkakoa da besteen gainetik lehenetsi nahi den irizpide oro.

Aurretik aipatu duzun umeen banakotasuna al da gakoa?

Kasu bakoitzaren analisia da gakoa, bai. Kasu batzuetan zaintza partekatua ezarriko da; beste batzuetan amak izango du zaintza; eta beste batzuetan, aitak; baina betiere kasu bakoitza aztertuta eta adingabe horren interes gorena aintzat hartuta. Umeentzat infernu hutsa diren zaintza partekatuak daude, egunero epaitegietan sartuta daudenak.

Bukatzeko, zer iritzi duzu bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren adina ezagutzeko ekinbideez? Kasu horietan adingabeen tutoreak, aldundiak, jo izan du haien aurka.

Gai horri buruz Espainiako Auzitegi Gorenak ebazpen bat jakinarazi berri du. Bazen garaia. Esan du lehenetsi behar direla adingabeak dituen paperak, edozein azterketa medikoren gainetik. Adina zehazteko probak estatistiketan oinarrituta daude; herrialde garatuetan, ondo elikatutako gizonezko kaukasoarrekin egindako estatistikak, hain zuzen ere. Ezin da neurtu adingabe oro estatistika horien arabera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.