Kon-Tiki

Mikel Iriondo / 2014-11-16 / 204 hitz

Askotan adierazi dut zutabe honetan giza populazioen genetika gure historia berreraikitzeko erabil daitekeela. Aurreko astean Current Biology aldizkarian lan eder bat atera dute Moreno-Mayar eta lankideek, Amerikatik emandako Polinesiaren kolonizazioaren inguruan. Ziurrenik, askok eduki dugu 1947. urtean Thor Heyerdahlek antolaturiko Kon-Tiki espedizioaren berri, zeinarekin Amerikako indigenak Polinesiara heldu zirela frogatu nahi zuen. Hipotesi horrek ez zuen babes handirik jaso zientzialarien aldetik, horrelako kolonizazio baten aldeko frogarik ez baitzegoen.

Ikerketa berri honetan, Pazko uharteko (Rapa Nui) egungo 27 indibiduoren genomak aztertu dituzte, eta, hara non, eta beraien genomaren %8 Amerikako indigenetatik datorrela frogatu dute. Noiz gertatu zen ere jakin ahal izan dute. Nahasketa izan ondoren, belaunaldiz belaunaldi, errekonbinazio genetikoak amerikar jatorrizko DNA zatitu duenez, egungo zati txikiek 19-23 belaunaldi pasa direla adierazten dute. Horrela, Pazko uhartea polinesiarrek orain dela 800 urte kolonizatu zuten, eta, pixka bat geroago, 1280-1495 urteen artean, amerikar indigena batzuk heldu ziren uhartera. Argitu gabe dago amerikarrak beren kabuz irlara heldu ziren edo polinesiarrek Amerikara joan eta bueltan eraman zituzten.

Nahikotxo geroago, 1722. urtean, europarrok uhartea aurkitu genuen. Pazko uharteko egungo biztanleen genomaren %16a europar jatorrizkoa da, baina DNA zatiak amerikar jatorrizkoak baino handiagoak dira; nahasketa hori 1850-1895 urteen artean izan zen nagusiki. 67 urte pasatu dira, baina azkenean Heyerdahl zuzen zebilen…

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.