Umeak plazan

Idurre Eskisabel / 2014-11-19 / 168 hitz

Eguneroko kezken erdiguneetako bat dut nola ari garen alaba hazten. Adibidez, betebeharrez gainezkako eguneroko zoro honetan ematen ote diogun behar adina arreta, behar adina maitasun. Edota nolako eragina duten beregan eskolak: nola sentitzen den han, nola sentiarazten duten. Zer ote diren ikusi, entzun eta, oro har, jasotzen dituen gauzak; uztartzen ote diren guk adierazitakoekin; kontraesanak nola bidera daitezkeen… Galanta kezka-zopa.

Ohartu naizenez, jende askorekin partekatzen dudan barneko harra da, gainera. Tira, zehatzago, gurasogintza fasean dagoen jendearekin, eta, batik bat, amagintzan ari diren andreekin. Eta hainbat dira kezkari emandako formak, irudikatutako irtenbideak. Baina esango nuke hari berak lotzen dituela denak: guraso zehatzen errutik (bereziki amen kulpatik) abiatzen da kezka, eta haur zehatzen ongizatean ardazten da konponbidea —hau da, norberaren ume goretsien zorionean—.

Eta ari naiz pentsatzen hortxe dagoela akatsa: haurtzaroari buruzko gogoeta, haurtzaroaren definizio eta haurren eskubideen gainekoa, plaza politikora ekarri beharrean indibidualizatzeko joera nartzisista horretan. Alde batetik, arazoaren muina nire umea munduko zoriontsu eta bizkorrena izateko baldintzak sortzera mugatuko balitz bezala. Bestetik, zeresana gurasoek soilik bagenu legez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.