164.000 urte baditu gutxienez Lezetxikin aurkitutako humeroak

Maddi Ane Txoperena / 2014-12-11 / 524 hitz

Uranio serieen bidez datatu dute duela 50 urte Arrasaten atzemandako hezurra.
Euskal Herrian aurkitutako giza hezurrik zaharrena da.
Haren DNA ikertuko dute hemendik landa.

Ezarri diote antzinatasun data 1964an Arrasateko (Gipuzkoa) Lezetxiki kobazuloan aurkitutako humero hezurrari: egindako ikerketen arabera, 164.000 urte izanen lituzke, gutxienez. Uranioaren serieen bidez egin dute datazioa, eta DNA ere aurkitu diote besahezurrari. Horrek ikerketa sakonagoetarako bide emanen du ondoko urteetan. Euskal Herriko giza hezurrik zaharrena da atzemandakoa, eta Europan hori baino zaharragoak gutxi daudela erran dute: neandertalen garaiaren aurrekoa den susmoa dute.

Jose Migel Barandiaran eta Jesus Altuna antropologoek topatu zuten Lezetxikiko humeroa orain dela 50 urte, eta ikerketa lanak zuzentzen dabil oraindik ere bigarrena. Atzo aurkeztu zuten azterketaren emaitza, Donostiako Goaz Gipuzkoako Ondarearen Zentroan, eta bertan izan ziren Altunarekin batera Concepcion de la Rua Euskal Herriko Unibertsitateko antropologia katedraduna eta Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea. Poza eta garrantzia izan ziren aurkezpenean gehien nagusitu ziren hitzak, eta Altunak hunkituta oroitu zituen emaitzak sortu dizkion sentimenduak. «Niretzako poz handia izan zen hori aurkitzea, ikusten genuelako oso garai zaharretan genbiltzala. Ikusten da, gainera, zientzia unibertsalari ere emango diola bere ondorioa».

Urte luzeetako kezka

Lezetxikiko humeroa aurkitu zenetik hipotesi ugari egin dira haren adinaren inguruan, baina orain arte ez zegoen haren gainean eginiko datazio zuzenik. De la Ruak azaldu duenez, deus egin aurretik metodo egokia aukeratuko zutela ziurtatu nahi zuten, lagina ez hondatzeko. Alde batetik, karbono-14 proba —gaur egun datazioetarako garatuen dagoen teknika— ez zen baliagarria, 45.000 urte ingurura arteko datuak soilik ematen baititu. Eta De la Ruaren hitzetan, humero hezurra hori baino zaharragoa izateko susmoa zegoen: Mousteriar garaikoa (neandertalak bizi ziren garaia) edo lehenagokoa. «Orain dela hamar bat urte, datatzeko jakin-mina genuen, baina orduan plazaratzen ziren datuak ez ziren aski ziurrak. Lehentasuna eman diogu proba baliogabea ez izateari; emaitza zuzena izatea nahi genuen». Gaur egun uranioaren teknikak fruituak ematen dituela ikusita, ekin egin diote bideari.

Ikerketa aitzina eramateko aditu ugarirekin izan dute harremana, eta bereziki Australiako Unibertsitate Nazionaleko Rainer Grun adituarekin. Uranio bidezko zuzeneko datazioa egiteaz gain, analisi morfometrikoa ere egin diote humeroari, eta zantzu guziek erakusten dute neandertalena baino zaharragoa dela. Erdi Pleistozenoko gizakien hezurren antza du Lezetxikikoak, hau da, Atapuercako (Espainia) Sima de los Huesos leize-zuloan aurkitutakoen antzekoa. Horiek Lezetxikikoak baino zaharragoak dira, dena den, ikerketek erakutsi dutenez.

Dataren aurkikuntzak aurretik egindako hipotesiak gainditu baditu ere, lehenagoko ikerlariak ez zeuden erabat urrun emaitzatik: Barandiaranek berak errana zuen Mousteriar arokoa edo lehenagokoa izan zitekeela. Jose Maria Basabe irakasleak ere, neandertalen hezur bat zela pentsatu arren, elementu arkaikoak zituela zioen. Datazio zuzenik ez izanik, bertze ezaugarri batzuetan oinarritzen ziren: goragoko geruzetan aurkitutako fosiletan, erraterako.

Hurrengo urratsa: DNA

Humeroaren laginarekin egindako ikerketek bertze informazio garrantzitsu bat eman dute: hezurrak DNA badauka oraindik. Hori dela eta, hemendik aitzina horixe aztertzeari ekinen diote. De la Ruak azaldu duenez, «itxaropena» dute hortik informazioa ateratzeko, DNA zatituta egon arren ez baitago sobera kutsatua. Baliabideak lortuz gero, urtebeteko lana eskatuko luke DNAren analisiak, eta horri esker, hezurra ar ala eme batena den jakin ahal izanen dute —uste dute emea dela, baina ez dago segurtamenik—. Bestalde, neandertalen aitzineko zein espezietakoa den jakiten ahalko da: «Badirudi uste baino konplexu eta askotarikoagoak zirela garai hartako giza taldeak».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.