C02 xurgatu, biomasa sortu

Arkaitz Almortza Muro / 2014-12-14 / 464 hitz

Klima aldaketari aurre egiteko baliabideak badira naturan: mikroalgak, esaterako, erabilgarri izan daitezke. Landare txiki horiek ekoizteko, fotobioerredaktore bat ari da egiten Gaiker Ik-4.

Oso tamaina txikia dute; alabaina, oso lan handia egiten dute. Aspaldidanik gizakiaren amesgaizto bilakatu den klima aldaketaren kontrako borrokan lagun dezakete uretako mikroalgek; izan ere, gainerako zuhaitz eta landareen antzera, fotosintesiaren bitartez CO2a xurgatzen dute, baita ingurumenera isurtzen diren beste hainbat gas kutsakor ere. Horrekin batera, beste funtzio bat ere betetzen dute, hainbat osagairen iturburu baitira, hala nola biomasa eta omega 3a. Beraz, esan daiteke rol bikoitza antzezten dutela naturaren antzerkian: airea garbitzen dute, eta osagai osasungarriak sortzen dituzte.

Hala ere, beren lana egin ahal izateko, ezinbestekoa dute argiaren indarra. Fotosintesiaren bitartez CO2a hartzen dute, eta argiaren laguntzarekin onuragarriak dituzten molekula bihurtzen dute, hazi eta ugaltzeko —beren elikagaien menuko plater bat da—. Pilar Brettes ikertzaileak Gaiker Ik-4 ikerketa zentroan lan egiten du, eta oso gertutik ezagutzen du mikroalgen unibertsoa: «Zelula bakarreko organismoak direnez, azkarrago egiten dute CO2aren eraldaketa». Hau da, esan daiteke gainerako landare eta zuhaitzek baino azkarrago garbi dezaketela airea.

Lurreko zenbait lekutan, ordea, arazoak izaten dituzte argiarekin, adibidez, klimaren eraginagatik. Euskal Herrian, esaterako, sarri askotan hodeiak dira nagusi, eta, horrenbestez, mikroalgek ezingo lukete beren egitekoa behar bezala bete. Hori dela eta, Gaiker-Ik4 erakundea fotobioerreaktore malgu bat sortzen ari da, uretako landare mikroskopikoak argi gutxiko eremuetan hazteko eta industria eremuetako gas isuriak xurgatzeko. Kutxa baten antzekoa da. Alde batetik, eguzki erradiazioa bilduko luke mikroalgak bideratzeko eta beren fotosintesia ahalbidetzeko, eta, bestetik, industria eremuetako gasak sartuko lirateke. Askotan, CO2arekin batera, beste osagai batzuk izaten dituzte gas mota horiek, eta asko, gainera, toxikoak izaten dira. Horregatik, ikerketaren bigarren zatiak bi helburu izanen ditu: lehenik, osagai horien toxikotasuna neurtzea, eta, bigarrenik, gasaren osagaiak aztertzea, toxikotasuna deuseztatzeko eta CO2a mikroalgetara zuzenago iristeko.

Horrekin batera, landare txikiek betetzen duten bigarren funtzioa ere ikertuko luke proiektuak, bioosagaiarena, alegia. Brettesek azaldu duenez, mikroalgak haztean eta beren funtzioa betetzean, landareak uretatik bereiziko lituzkete, beren osagaiak atera ahal izateko; ikerketaren lehen faseetan atera dituzten ondorioak aplikatuko lituzkete. Bi mikroalga mota haziko dituzte, haien errendimendua aztertzeko, bai biomasaren ekoizpena sustatzeko, eta baita balio handiko konposatuen produktibitatea ere, hala nola gantz azidoa eta omega 3a. «Mikroalgek oso osagai onuragarriak dituzte; adibidez, arrainek omega 3 asko dute, mikroalgekin elikatzen direlako».

Mikroalgen industria

Ingurumenari mesede egiten diote mikroalgek. Haatik, Lurraren ezaugarri klimatologikoak direla eta, ez dira mikroalgak leku guztietan landatzen; ez CO2a eta industria eremuetako gasak edonon xurgatzeko eran, bederen. Egun, Espainia hegoaldean, Kanariar uharteetan, AEBetako hegoaldean, Mexikon eta Israelen daude mikroalgen industria eremu nagusienak; hots, eguzki ordu gehien duten eremuetan. Iparraldean, aldiz, landaretxoek laguntza behar dute, beren funtzioak betetzeko. Brettesek azaldu duenez, jada hainbat proiektu daude martxan Herbehereetan eta Alemanian, besteak beste. Horren harira, I+G Flexipho proiektua martxan jarrita dago; Estudios e Ingenieria Aplicada XXI S.A. eta Gaiker-Ik4 ari dira elkarlanean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude