Kometak, biziaren giltza?

Koldo Nuñez Betelu / 2014-12-07 / 210 hitz

Kometak txikiak ohi dira, eta ez balitz Eguzkira hurbiltzean horren argia islatzen dutelako ur-baporeko buztan ikaragarri luze batean, ez genituzke ikusiko. Gure eguzki sistemaren barruan ez omen daude asko, gehien-gehienek hasieran talka egin baitzuten planetekin. Egun, Eguzki Sistemaren kanpoaldean milioika daude Oort izeneko hodeian.

Kometak, antza, gure Eguzki Sistema sortu zenean bezala kontserbatzen dira, eta, hortaz, garai hartako informazio asko gordetzen dute. Kometaren gunearen gehiena ur izoztu zikina da, eta Eguzkira hurbiltzean badoa poliki ebaporatzen eta higatzen. Izotzaz gain, molekula organikoak ere ba omen dauzkate eta horien konbinazioak sortu ahal izan zuen bizia gure planetan, alegia, agian bizitza ekarri zuten gurera.

Poliki-poliki gure espaziontziak joan dira kometetara hurbiltzen informazio bila. Aurrenetakoa 1986an izan zen. Orduan, Halley kometaren gunetik 600 kilometrora hurbildu zen Giotto zunda eta datu asko bildu zituen. Duela aste batzuk, azkenik, gizakiok bidalitako zunda bat aurreneko aldiz lurreratu da kometa batean, hamalau urteko bidaia baten ondoren. Hain justu, aurtengo abuztuan Rosetta ontzia oso kilometro gutxi duen 67P/Churyumov-Gerasimenko kometaren orbitan kokatu ondoren, hasi zen hura kartografiatzen eta aztertzen. Azaroaren 12an, Philae modulua bidali zuen kometaraino.

Rosetta harriak eta Philaeko obeliskoak oinarrizkoak izan ziren antzinako kultura bat ulertzeko. Orain, berriz, Rosetta-k eta Philae-k, lagungarri izan nahi dute gure munduaren oinarriak ulertarazteko. Gizakiok hiru laurdenetan ura gara; hiru laurdenetan kometetatik etorriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.