Legatz eta barazki hanburgerra

Iker Markinez / 2014-12-13 / 185 hitz

1

Lehenik, legatza hezur eta azalik gabe utzi, eta moztu puska txikietan. Gero, xehatu guztia, eta jarri ontzi batean.

2

Bertara gehitu txiki-txiki egindako baratxuri aleak eta perrexil xehatua. Gatz pittin bat eta arrautza erantsi, eta guztia ongi nahastu, eskuaz.

3

Bitartean, zartagin batean tipulin txikitua erregosten ipini, gatz pittin batekin. Bost minutu igaro ondoren, gehitu bertara kuia txikia, puska oso txikietan. Beste bost bat minutuz erregosi, eta oraingoan ziazerba sorta juliana moduan moztuta gehitu. Segidan, hozten utzi denbora bat.

4

Zartagineko barazki horiek legatza dagoen ontzira gehitu, eta berriro guztia ongi nahastu. Bola forma eman, eta ondoren zapaldu hanburgerren gisako itxura emanez. Beste zartagin batean olioa berotzen ipini, zurrutada bat, eta beroa dagoenean raf tomateak hazirik gabe eta karratu txikietan gehitu. Gatz pittin bat gehitu, eta bost bat minutuz frijitu.

5

Orain, hanburgerrak frijituko ditugu beste zartagin batean. Olio pittin bat jarri, eta beroa dagoenean legatz hanburgerrak ogi birrindutik pasatu, eta frijitzen jarri, hiru bat minutuz alde bakoitzetik.

6

Atera sukaldeko papera dugun plater batera, olio soberakina kentzeko. Eta beste plater batean koilarakada bat tomate zabaldu. Gainean legatz hanburgerrak jarri, eta prest daude dastatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.