Lotsen gordailu

Anjel Lertxundi / 2014-11-30 / 116 hitz

Azken aste hauetako liburu-aurkezpenen alfonbra gorria laster iritsiko da Durangoraino, eta bateon batek esango du modu zeremoniatsuan: zabalik da aurtengo Azoka!

Zertarako balio duten liburuek? Funtzionaltasunaren parametroetatik begiratuta, praktikotasun nabarmena dute, aski da pelikula askotan ikusi ditugun bi erabilera gogoratzea: whisky botilatxo bat edo arma bat aise kabitzen dira liburu hustu bateko bi azalen artean. David Millar txirrindulariak, ordea, EPOren frogak gordetzeko baliatu zuen liburu bat. Galdetu ziotelarik zergatik ez zituen dopatu izanaren frogok zaborretara bota, erantzun zuen lotsa sentitu nahi zuela liburua ikusten zuen aldiro.

Begitantzen zait Millarren erantzuna oso metafora ona dela irakurketari segitzen zaion ondorio goratsuenetako bat ilustratzeko: liburuetan gordeta daude gizakion lotsa ezkutuenak, eta liburu bat zabaldutakoan, gure lotsak identifikatzen ditugu biluz-biluzik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.