Xose Maria Diaz Castroren liburu bakarraren edizio elebiduna kaleratu dute

Igor Susaeta / 2014-12-17 / 285 hitz

‘Nimbos / Argi-koroak’ 1961eko poesia lana Xuntaren eta Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren emaitza da.
Gerardo Markuletak itzuli du euskarara.

Lan bakarra argitaratu zuen Xose Maria Diaz Castro poeta eta itzultzaile galiziarrak (1914-1990). Nimbos olerki sorta intimistak 1961ean ikusi zuen argia, eta Jose Maria Diaz Zubizarreta idazlearen seme-alabetako baten esanetan, lan hark dezenteko oihartzuna eduki zuen orduan, Galiziako literaturaren esparruan. Zubizarreta du bigarren abizena, Teresa Zubizarreta Bengoetxea urretxuarrarekin ezkondu baitzen poeta, Urretxura bertara (Gipuzkoa) hain zuzen ere. «Nimbos ingelesera itzulita dago, eta uste dut errusieraz eta espainolez ere irakur daitekeela. Halere, bai nire anai-arrebak eta baita ni ere euskarara itzuli izanak hunkitzen gaitu gehien», aitortu zuen Diaz Zubizarretak, atzo Donostian. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eta Galiziako Xuntaren lankidetza harremanari esker, Nimbos / Argi-koroak edizio elebiduna kaleratu dute bi instituzioek, eta atzo aurkeztu zuten. Gerardo Markuletak ekarri ditu euskarara Diaz Castroren hitzak.

Zazpi atal dauzka liburuak —Atarikoa, Gaua, Argia, Esperantza, Miraria, Ametsa eta Zauria—, eta, erabiltzen zuen gaitegiari dagokionez, testuingurua eta garaia hartu behar dira kontuan, poetaren semearen iritziz. Lugoko Os Vilares herrixkan jaiotakoa, Mondoñedoko apaizgaitegian egin zituen ikasketak — «han ikasi zituen latina eta greziera»—, harik eta 1936ko gerrak horiek etetera behartu zuten arren. Behin guda bukatuta itzuli zen seminariora, baina berehala utzi zuen elizbidea. Espainiako Barne Ministerioko itzultzaile bihurtu zen gerora, eta hamahiru hizkuntzatan moldatzeko gaitasuna zeukan.

Bizipen horien guztien ondorioz, aitaren poesiak ukitu erlijiosoa bazuela iruditzen zaio semeari. «Baina zerbait telurikoa zen, lurrari oso lotuta zegoena. Mintzo da gauza txikiez, lurraz, jendeaz… Poesia zaila da, eta buelta asko eman behar zaizkio».

Letren egunean omendua

Bere garaian eman zuen zeresana Galizian, eta aurten, atzera, Real Academia Galegak antolatutako Galiziako Letren Egunean omendu zuten —joan den maiatzaren 17an—, egun horretan antolatutako ekitaldi guztien ardatz bihurtuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.