Fin

Idurre Eskisabel / 2015-01-30 / 166 hitz

Kopeta tinko duela galdetu dit alabak zergatik ibiltzen garen emakumezkook (neskak esan du berak) gizonak (mutilak) baino pauso laburragoz. Esan berri duena zalantzan jarriz erantzun diot; alegia, itaundu diot nondik atera duen andrazkook ez garela pauso luzez ibiltzen.

Orduan, neure urratsen imintzioak egiten hasi da, eta bere irakaslearenak, eta nire lagun min batenak (emakumezkoak denak): pinpirin-edo dabil, zurrun; joateak baino gehiago urrats bakoitzaren nolakotasunak, egokitasunak, arduratuko balu bezala. Beste norbaitentzako ibiliko balitz legez.

Gizonezkoen txanda ailegatu da gero: aitaren pausokera imitatzeari ekin dio, alboko gelako irakaslearena hurrena, osabarena… zangokada luzez dabil, besoak zintzilik baina indartsu, aurrera begira; iduri luke iristea duela helburu bakar.

Erakustaldiaren ostean, begira-begira jarri eta berriro galdetu dit: ea zergatik ibiltzen garen neskak mutilak baino pauso laburragoz.

Eta halaxe etorri zaizkit burura neure takoiak; amaren eta amonaren, eta amonaren amonaren gona trabaitzaileak; faxa eta gerruntze mugimendu eragoztaileak; jauzika aritzearen arriskuen mehatxuak; zangoak elkarri atxikita eta bizkarra zut esertzeko aginduak; fin ibiltzeko oharrak. Begiradak, begiradak eta begiradak. Beti besteenak.

Ez dakit azalpena nondik hasi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.