‘Bartleby’ baten baiezkoa

Juan Luis Zabala / 2015-02-15 / 537 hitz

Eleberri bakarra du argitaratua orain arte Harper Leek; arrakasta ikaragarrikoa ordea: ‘To Kill a Mockingbird’. Haren aurretik idatzi zuen nobela argitaratuko du uztailean.

Izenburutzat Go Set a Watchman zuen eleberri bat amaitu nuen 1950eko hamarkadaren erdialdean», kontatu du, denboran 60 urte inguru atzera eginez, Harper Lee idazle estatubatuarrak, To Kill a Mockingbird nobelaren egileak. «Scout pertsonaia ageri da eleberri hartan, adin nagusian, eta nik eleberria balekoa zela uste nuen. Editoreak, ordea, Scouten haurtzarorako flashback-ekin liluratuta, proposatu zidan Scout umearen ikuspegitik nobela bat idazteko». Editoreari kasu eginez, lehendabiziko nobela argitaratu gabe utzita, beste nobela bat idatzi zuen orduan Leek, flashback haietan ageri zen ume garaiko Scout pertsonaia abiapuntu nagusitzat hartuta. «Hasiberria nintzen, eta agindu zidatena egin nuen». Horrela sortu zen To Kill a Mockingbird, 1960an argitaratua, Harper Leek egundaino plazaratu duen eleberri bakarra. Hortik aurrera, lerro bakar bat gehiago ere ez zuen idatzi —edo argitaratu bederen—, eta To Kill a Mockingbird arrakastatsuaren aurrekoa, Go Set a Watchman izenburua zuen lehen nobela hura, ahaztu egin zuen lehendabizi; gero, antza denez, galdu. Orain, Leeren abokatuak, Tonja Carterrek, aurkitu egin du eskuizkribua eta, idazlearen baimenarekin, nobela haren lehen argitalpena kaleratuko du Harper Collins argitaletxeak, uztailaren 14an. Bi milioi aleko tirada egingo dutela iragarri dute.

Joan den asteko asteartean albistea zabaldu zenetik, polemika iturri oparoa bihurtu da Go Set a Watchman-en argitalpena. Harper Leek 88 urte ditu, eta 2007an bihotzean arazo bat izan zuenetik Monroevilleko (Hego Alabama) zahar etxe batean bizi da; hedabideetatik urrunduta beti, elkarrizketarik eman gabe, lehen bezala. Lee gertutik ezagutzen duten batzuen ustez, begien bistakoa da berez nahi ez zuen erabakia hartzera bultzatu dutela, eri dela eta burua ere indar betean ez duela baliatuz. Tonja Carterrek, ordea, adierazi du idazleak ilusio handiz eman duela eleberria argitaratzeko baimena, eta orain minduta dagoela atzipetu egin ote duteneko susmoak zabaldu direlako. «Emakume indartsua da, eta independentea», esan du Carterrek. «Bere nobela galduaren argitalpenaz gozatzen egon beharko zukeen orain, eta horren ordez bere sinesgarritasuna defenditzera behartuta dago».

‘Bartlebytasun’ perfektua

Bartleby perfektua zen orain arte Harper Lee, 2000. urtean Enrique Vila-Matasen Bartleby y compañía eleberria argitaratu zenez geroztik, idazteari —eta batez ere argitaratzeari— uko egiten dioten idazleak bartleby izendatzen direla kontuan hartuz gero; idazteko —eta batez ere argitaratzeko— aukerari, Herman Melvilleren Bartleby izkribatzailearen antzera, «aukeran nahiago ez» erantzuten diotenak. Liburu bakarraren egilea izan da orain arte Harper Lee, eta hura inoizko arrakastatsuenetako bat: Pulitzer sariaren irabazle 1961ean; film askoren oinarria, horien artean ezagunena Robert Mulliganek Gregory Peck eta Brock Peters aktoreak zuzenduz 1962an ondu zuena, hiru Oscar sariren irabazlea; AEBetan inoizko libururik irakurrienetakoa, herrialde hartako eskoletan hainbat belaunalditako gaztetxoak eskubide zibilez eta Justiziaren funtzionamenduaz leziatzeko erabilia; itzulpenaren bidez mundu osora zabaldua eta orotara 40 milioitik gora ale saldua.

Ezer idatzi eta argitaratu gabe 55 urte eman ondoren, Harper Leek bere bartlebytasun perfektu hori urratuko du udan Go Set a Watchman-en argitalpenarekin. Pentsatzekoa da egileak lan hartan konfiantza duelako eman duela baiezkoa; eta ez, batzuek uste eta esaten duten bezala, bere buruaren eta bere erabakien jabe ez delako. Carter abokatuak adierazi duenez, zalantzak izan zituen hasieran Leek, baina testua «konfiantzako lagun batzuekin konpartitu» eta haien oniritzia jaso eta gero, baiezkoa ematea erabaki zuen, poz handiz.

Azken asteotan, mundu osoko giro literarioetan izan du oihartzuna Harper Leeren baiezko horrek. Ez da alferrik bartleby baten baiezkoa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.