Birikak, estutzen

Garikoitz Goikoetxea / 2015-02-05 / 1.271 hitz

Euskararen aurrerabidea nabarmena ari da izaten azken urteetan, baina ez leku guztietan. Inguru erdaldunetan, gehien populatuetan, asko aurreratzen ari da; euskaldunenetan, baina, atzeraka hasi da, batez ere azken hamarkadan.

Indar handia ari da hartzen arnasguneen kontzeptua azken aldian: euskarak non duen arnasa sendo, non dagoen osasuntsuen. Ahuldade batzuk agertu dira, baina. Soziolinguistika Klusterraren ikerketa batek berretsi ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mapa soziolinguistikoan agertutako zantzuak. Kontrapuntua da: euskara nabarmen ari da aurrera egiten, baina ez leku guztietan. Datu orokorretan argia da goraldia, herri handiagoetan, erdaldunagoetan, ari delako lekua egiten; herri euskaldunetan, txikiagoetan, ahultzen ari da. Zenbaki orokorretatik haragoko irakurketa egin behar dela azaldu du Iñaki Iurrebaso soziologoak txostenean: «Ez daiteke pentsa habitat batzuen eta besteen garrantzia berbera denik».

Udalerri euskaldunen egoera aztertu du Iurrebasok, Uemaren eskariz. 126 herri dira, erkidegoko herrien erdiak. Herritarren %70 baino gehiago euskaldunak dituzte. Gipuzkoan daude 68, Bizkaian 57 eta Araban bakarra (Aramaio). Beste herriekin alderatu du egoera. Gainerako herrialdeetako daturik ez dago horrelako ikerketa bat egiteko —Nafarroan, amaitu dute mapa, baina herrietako datu zehatzik ez dute eman—.

Azterketa osoa gaur aurkeztuko dute Donostian, Lurraldea eta Hizkuntza. Erronkak & Tresnak jardunaldietan. Arnasguneen babesa izango dute hizpide. Hona hemen egoerari buruzko azterketaren nondik-norako nagusiak.

EUSKARAREN EZAGUTZA

Euskaldunak, erdaldunago

Garapen handia izan du euskaraz egiteko gaitasunak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, datu orokorretan: herritarren %22k zekiten 1981ean, eta 2011n, %37k. Igoera indartsuagoa da eskualde erdaldunetan. Alderaketa: 1981ean zazpi eskualde zeuden euskaldunen portzentajea %10 baino eskasagoa zutenak; orain, ez dago herri eta eskualde bat ere egoera horretan. Ez ziren zonalde txikiak: erkidegoko herritarren erdiak baino gehiago bizi ziren euskaldunak %10 baino gutxiago ziren herrietan. Hori gainditua dago, eta urte gutxiren buruan ez da herririk egongo %20ren azpitik ere.

Txanponaren beste aldea oso da ezberdina, ordea. Joera argia sumatu du Iurrebasok: «Zenbat eta eremu euskaldunagoa, orduan eta atzerakada handiagoa euskaldunen proportzioan; zenbat eta erdaldunagoa, orduan eta aurrerakada handiagoa». Eskualde euskaldunenean, Lea Artibain (Lekeitio, Ondarroa…), bistan dago: 1981ean baino txikiagoa da euskaldunen portzentajea. %82 ziren orduan, %87ra igo ziren 2001ean, eta %81 dira gaur egun.

Azken hamarkadan sortu da galera. 2001etik, euskal hiztunen kopurua jaitsi egin da herri euskaldunetan —%75,5etik %72,3ra—, eta erdaldun elebakarrena, igo —%11,3tik %12,5era—. Praktikan zer eragin duen, hona adibide bat: 1981ean, 56 herritan euskaldunak ziren %90 baino gehiago; orain hamahiru geratzen dira —txikiak dira denak: 4.000 biztanle guztira—. Abiapuntua 1981ean dago, ordukoak direlako lehen zenbakiak. Euskara indarra galtzen ari zen ordurako, nolanahi ere. «Galera joera askoz lehenagotik zetorren; 1981erako ere oso ahuldua azaltzen zitzaigun habitat hori».

EUSKARA, LEHEN HIZKUNTZA

Transmisio handiagoa

Arnasgune geografikoen ezaugarri nagusietako bat da hizkuntz transmisioarena: gainerako herrietan baino nabarmen gehiago transmititzen da euskara etxean. Herri horietan, biztanleen %58k euskara dute lehen hizkuntza, umetan etxean ikasitakoa; gainerako herrietan, %12 eskasek. Hizkuntza nola jasotzen den, hori da udalerri euskaldunen eta gainerakoen arteko diferentzia handietako bat. Ikerketaren arabera, herri euskaldunetako hiztunen %56 euskaldun zaharrak dira, umetan euskaraz ikasitakoak; %6k euskara eta gaztelania, biak, jaso zituzten; eta %10ek geroztik ikasi dute euskara. Gainerako herrietan, aldiz, erabat ezberdinak da proportzioa: euskaldun berriak gehiago dira euskaldun zaharrak baino. Etxean %10ek eskuratu zuten euskara, eta %16k geroztik ikasi dute.

Arnasguneetako egoera nabarmen hobea den arren, nabari da beherakada. Euskara lehen hizkuntza dutenen ehunekoa jaitsi egin da: 1986an %69 ziren; orain, %58. Euskara jaitsi, eta erdarak igo: umetan gaztelania jaso zutenak %31 dira herri euskaldunetan, orain 30 urte baino bost puntu gehiago. Beste hizkuntza batzuk jaso dituztenak ere ugaritzen ari dira, baina oso gutxi dira oraindik —%1 ziren 1986an, eta %3 orain—. Herriz herri izan duen jaitsieraren isla: 1981ean, 59 herritan euskara zen lehen hizkuntza herritarren %90 baino gehiagorentzat. Orain, herri bakarra dago egoera horretan: Abaltzisketa (Gipuzkoa) —%99tik %91ra jaitsita—. Belaunaldi ordezkapenak pisu handia izan du, Iurrebasoren iritzian; euskara lehen hizkuntza zutenen portzentajea handiagoa da zaharren artean, eta haiek hil ahala, portzentajea nabarmen jaitsi da.

Hizkuntz gaitasunaren atalean kontrapuntua ageri zen —herri euskaldunetan, jaisten; erdaldunetan, igotzen—, baina lehen hizkuntzari dagokionez beherantz ari dira herri erdaldunagoetan ere: %11,6k eskuratu zuten euskara etxean umetan —1986an %12,4 ziren—. Aldea nabari da, hala ere: euskara lehen hizkuntza dutenen jaitsiera askoz ere nabarmenagoa da herri euskaldunetan. Baina alde handia dago zenbakietan, herri euskaldunek transmisioan daukaten rolaren erakusgarri: hamarretik seiren lehen hizkuntza da euskara herri horietan; gainerako herrietan, aldiz, batena.

ETXEKO ERABILERA

Euskaldunetan, beherago

Nahiz eta gaitasunean asko hobetu den, aurrerapausorik ez da izan etxeko erabileran. Eusko Jaurlaritzaren azken mapa soziolinguistikoan ere ohartarazi zuten «etxeko gotorlekua» ahultzen ari zela. Hiru herrialdeetako datuetan, herritarren %20,8k erabiltzen dute etxean euskara; duela hogei urte baino puntu bat gutxiago. Herri euskaldunetako datuetan galera handiagoa da: herritarren %48k diote euskaraz hitz egiten dutela etxean; 1991n %56 ziren. Azken hamarkadakoa da galera kasu horretan ere: 1991tik 2001era jaitsieratxo bat izan zen, baina ez horren handia —%56,4tik %54,5era—; azken hamarkadakoa aldiz, jaitsiera bizkorragoa izan da —%54,5etik %47,5era apaldu da—.

Areago, Iurrebasoren ustetan, litekeena da datua are baxuagoa izatea. «Inkestetan emandako erantzunen eta benetako portaeren artean sarri askotan egon ohi den tartea aintzat hartuta, pentsa daiteke bi hizkuntzen erabilera oso parekatua egon daitekeela udalerri euskaldunetako etxeetan». Gaztelaniaren erabilerak, izan ere, gora egin du herri euskaldunetan: etxean gaztelaniaz egiten dute %37k —orain hamar urte baino zortzi puntu gehiago—. Eta ez dute euskararekin tartekatuz erabiltzen: gaztelaniaz eta euskaraz, bietan jarduten dutenen portzentajea ere apaldu da: %13,3, 2001ean baino bi puntu gutxiago.

Herriz herriko datuetan gordinago nabari da etxeko erabileran euskarak nola jaitsi den. 1981ean, 34 herrik zuten %90ekoa baino erabilera handiagoa; orain ez da bat ere geratzen. Areago, erabilera %80-90 artekoa zuten herrien artean ere, erdiak ere ez dira geratzen: 23 herri ziren, eta bederatzi dira orain. «Euskararen erabilera nabarmen atzeratzen ari da udalerri euskaldunetako etxeetan», nabarmendu du Iurrebasok. Birikak ahultzen hasiak diren seinale.

+35,3 Zalduondo

Euskaldunen portzentajea gehien igo den herria da Zalduondo (Araba). 1981ean, biztanleen %1,6k zekiten euskaraz, eta orain, %36,9k. Gaztetxoen eskutik dator aurrerabidea. 14 urte baino gutxiagokoen artean, %86k dakite euskaraz; orain 30 urte, %12,5ek. 14-25 urterekin, %2,2 ziren euskaldunak 1991n; orain, %79. 191 lagun bizi dira Zalduondon; biztanle kopurua %49 handitu da 1981etik.

+26,4 Amurrio

Euskaldunen portzentajea 1981ean halako hamar baino gehiago da Amurrion (Araba): %2,5ek zekiten euskaraz orduan; orain, %28,9k. Biztanle kopuru esanguratsua du herriak: 11.000 lagun pasatxo —%21 handitu da kopurua 1981az gero—. Gazteen ekarpena da giltzarria: 14 urte baino gutxiagorekin, %76k dakite euskaraz —%11 ziren 1981ean—; 14-25 urtetan, %56k —%8k lehen—.

+28,6 Zalla

Ia ikusezin izatetik, ia hirutik batek jakitera pasatu da euskara Zallan (Bizkaia): %0,8 ziren euskaldunak 1981ean; orain, %29,4. Ikustekoa da euskara nola hedatu den umeen artean: %0,8k zekiten 1981ean; gaur, %78k. Hezkuntzaren eragina oso da bistakoa, beste adin taldeak ikusita —65 urtetik gora, %1,3 dira euskaldun—. 8.500 bat lagun bizi dira —biztanleria %19 handitu da—.

-23,6 Maruri-Jatabe

Maruri-Jatabek (Bizkaia) jasan du jaitsiera handiena euskaldunen ehunekoan: %85,8k ziren euskaldunak 1981ean; orain, %62,2. Biztanleria asko igo da —%86; 950 bat dira—, eta aldaketa handiak ekarri ditu. Gazteen artean ez —%82 inguru dira euskaldun—, baina bai helduetan: 35-64 urterekin, %48 dira euskaldunak —lehen %83—; 65 urte baino gehiagorekin %72 —lehen %96—.

-21,8 Gamiz-Fika

Abiapuntua oso goian zuen Gamiz-Fikak (Bizkaia), eta ahultzen ari da azken urteetan: herritarren %94,9 ziren euskaldunak 1981ean, eta orain, %73,1. Biztanleria asko handitu da —%52; 1.300 pasatxo dira—, eta euskararen egoera aldatu da: jaitsiera adin guztietan dago —haurretan %91tik 83ra—, baina nabarmenago helduetan —%94tik %63ra— eta zaharretan —%98tik %82ra—.

-14,3 Lizartza

Lizartza (Gipuzkoa) jaitsi egin da biztanleria 1981ean baino %20 gutxiago dira —2001ean baino %11 gehiago—; 650 lagun bizi dira. Euskaraz dakitenen portzentajea %96,6tik %82,3ra apaldu da. Bi adin taldetan nabaritu da jaitsiera handiena: 15-34 urte bitartean —%97tik %80ra— eta 35-64 artean —%96tik %77ra—. Zaharren artean da jaitsiera apalena, bost puntukoa: %99tik %94ra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.