Genomaren zabor emankorra

Arkaitz Almortza Muro / 2015-02-08 / 538 hitz

DNA «zaborraz» hitz egin izan da sarri, genomaren zati batek ezertarako ez zuela balio uste izan baita. Haatik, usteak erdia ustel; koloneko minbiziaren inguruko aurkikuntza bat horren isla da.

Ama lurraren seme-alabak dira gizakiak. Askok ahaztu duten arren, ez da apurtu natura eta pertsonak lotzen dituen zilbor hestea. Horren isla dira, esaterako, gaixotasunei aurre egiteko naturan aurki daitezkeen botikak; hots, amak seme-alabak babesteko sortu dituen medikamentu naturalak. Antzeko egoera izaten da gorputzaren barruan. Hainbat gaixotasuni aurre egiteko botika biologikoak ditu giza gorputzak, eta Nafarroako Unibertsitateko Medikamentu Aplikatutako Ikerketa Zentroko ikertzaile talde batek, hain zuzen ere, koloneko minbiziaren tumoreak ezabatzeko geneak aurkitu ditu genomaren zabortegian —hala deitu izan ohi zaio sarri askotan ustez informaziorik gabeko DNA zelako—. Azterketa horrekin, minbiziari aurre egiteko borrokan pauso bat gehiago eman dute. Ate berri bat zabaldu dute.

50eko hamarraldian martxan jarri zen biologia molekularraren dogmaren arabera, geneek informazioa dute eta eraldatu egin behar dira proteinak sortzeko. Horiek beren funtzioa betetzen dute zeluletan; hain zuzen ere, organismoetan. Haatik, genomaren zati batek ez du tankera horretako proteinarik. Hori dela eta, ikertzaileek pentsatzen zuten ez zuela inolako funtziorik betetzen; horrenbestez, genomaren zabortegi deitu zuten. Oso eremu zabala hartzen du zabortegi biologikoak, genomaren %80 inguru. Eta Nafarroako Unibertsitateko ikerketan hori aztertzen aritu dira. Maite Huarte da lantaldeko zuzendaria da, eta honela esplikatu du: «Genomaren zati hori aztertu dugunean, proteinarik sortzen ez dituzten geneak (RNA ez kodifikatzaileak) aurkitu ditugu; haatik, funtzio garrantzitsu bat betetzen dute. Hau da, tumore ezabatzeko rola hartzen dute eta P53 proteina laguntzen dute».

Genomaren zaindari deitzen diote proteina horri; izan ere, erasoen aurrean, zelulak babesten ditu kalte baten ondorioz mutazioak hasten direnean eta horiek tumore bat sortzen hasten direnean. Egoera horretan, proteinak tumoreak ezabatzeko programa bat jartzen du martxan; ondorioz, mindutako zelulei ez die garatzen uzten, eta, horrenbestez, ez da tumorerik sortzen. «P53 proteinak gene ez kodifikatzaileak jartzen ditu martxan. Ondorioz, kaltetutako zelulak ez luke garatzeko eta zabaltzeko aukerarik izanen». Ikerketa koloneko minbizia duten gaixoen laginekin egin dute. Huartek azaldu duenez, koloneko minbizian RNA ez kodifikatzaileak ez dira horrenbeste adierazten. Hau da, aktibatuta daudenean beren maila baxuagoa da eta horrek minbizia gelditzen laguntzen du. Horrenbestez, minbizia duen zelula bat dagoenean, RNA horiek adierazpen baxuagoa dute. «Hainbat ikertzailek genomaren zabortegi deitzen diete gene horiei. Baina orain ezin dugu hori esan, ikerketan kontrakoa frogatzen baita; funtzioa betetzen duten geneak daude eremu horretan», azpimarratu du.

Donostia ospitalearekin

Ikerketarako, batetik, beren laborategian ekoizten dituzten zelula tumoredunak erabili dituzte. Bestetik, Donostia ospitaleko biobankuarekin lankidetza hitzarmen bat dute, eta, haiei esker, koloneko minbizia duten gaixoen tumoreen laginak ere lortu dituzte sakonki aztertzeko. Horretarako, pertsona osasuntsu baten eta gaixo baten RNA ez kodifikatzaileak alderatu dituzte.

Halere, Huartek azaldu duen moduan, tumoreak ezabatzeko geneek ez dute soilik koloneko minbiziarekin funtzionatzen, gainerakoei aurre egiteko ere balio dezakete. Horiek horrela, biriketako minbizia dutenen artean, esaterako, eragin bera izanen lukete. Proiektuan AEB Amerikako Estatu Batuetako hainbat zientzialarirekin eta Biodonostiakoekin elkarlanean ari dira. Ikerketa Yolanda Sanchez doktoreak abiatu zuen, eta Nature Communications aldizkari zientifikoan eman dute lanaren berri. «Gene horien inguruan informaziorik ez zegoenez, ikertzen hasi ginen; finean, hori da gure lana, ezagutzen ez duguna ezagutzea. Oso interesgarria da, gure genoma eta zelulak hobeto ezagutzeko aukera izan dugulako, baina, batez ere, minbiziari aurre egiteko baliabide interesgarriak aurkitu ditugulako». Pauso txiki bat minbiziari aurre egiteko lasterketan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude