Gizabanakoak

Anjel Erro / 2015-02-13 / 159 hitz

Gizabanako batek hiru musulman hil ditu Amerikako Estatu Batuetan, egunkarietako goiburuetan irakurri dugunez. Jauzi logiko bat dago; multzoen teoria gaizki islatuta ageri da. Esaldia nola hasi den, «gizabanako batek hiru gizabanako hil ditu» beharko luke. Musulman hitzak talde bateko kide egiten du. Gizabanako hitzak, berriz, aske egiten du, Ilustraziotik hona gutxienez. Eta gu, ilustraziokumeak garenez gero, gizabanakoa izateko jarrera handia dugu, ez ohi dugu taldetan urtuak izan nahi.

Notizia honek, hor-hemenka berehala salatu dutenez, ez ditu masak mugiarazi eta kalera aterarazi, gehienbat gaitzetsi arren. Gizabanako batek eragiten dituen kalteen kontaduria (kalteak giza bizitzak direnean barne) gizadi osoaren zorren kontuan idazten da eta ezbeharrak beti gertatu ohi dira, beti badago eroren bat solte. Gizabanako bati errazago onartzen zaio eroa izatea, edo askatasun gehiegiz jokatu izana, muga zeharkatu izana. Horrek ez gaituelako gainerakoak ezbaian jartzen.

Geure buruari galdetu beharko genioke zer ote garen areago, gizabanako ala taldekide. Eta, behin aukeratuta, ohartu ez gizabanakoak ez taldekideak ez duela erabakitzen bere buruaren kokapena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.