Hayalta, Askartzaren jagole

Josean Gil-Garcia / 2015-02-10 / 480 hitz

Askartza herrian ibilian hasi eta, behialako bidexketan zehar, Arrieta mendirako paseo ederra osatuko dugu. Trebiñuko parajean Hayalta izenez ezaguna da Arrieta.

Sagardo eta sagardotegietako garaiak ezti-ezti hartu berri gaituela, Askartzako sotoak ere txotx egiteko parada ederra ematen digu. Bisita biribiltzeko asmoz, Euskal Herriko Federazioko mendi katalogotik Arrieta mendia ekarri dugu orriotara. Trebiñuko parajean Hayalta esaten baitzaio, jatorrizko izena gogora ekarri nahi izan dugu oraingoan.

Trebiñu herrian Askartzara doan errepide estua hartu, eta azken urteotan sagardoaren tenplu bilakatu den herri txikira helduko gara. Askartzan, eskuinetik doan kaleari jarraitu, eta sagardotegiaren paretik igaroko gara. Iturri txiki bat ikusiko dugu hurbil-hurbil. Haren paretik igarota, errekasto bat zeharkatzera abiatuko gara. Haren konpainian metro batzuk egingo ditugu, hurritzak inguruan. Aldats gora hasi eta berehala, bidebanatze bat ikusiko dugu. Ipar-ekialderantz jarraituko dugu, noranzkoa aldatu gabe eta arte xumeek bapo-bapo lagunduta, burdinazko langa batera heldu arte. Orduan, huraxe zeharkatu, eta ezkerrera joko dugu. Goratasuna galtzen hasiko gara, eta suebaki baten antzera bideratuko gaitu bideak.

Arrieta eta Gasteiz herriak lotzen zituen behialako bidea topatuko dugu laster. Eskuinera hartuko dugu han, eta, xenda historikoa lagun, errekasto baten ertzera iritsiko gara. Arte trinkoek hartua duten labirinto batean barna, ezkerretik segitu, eta errekastoan gora jarraituko dugu. Bidea txukundu eta zabaldu egingo da goratasuna hartu ahala. Korridore ekologiko baten moldean eramango gaitu bideak, zorionez.

Toloño mendilerroa

Talaia batera heldutakoan, inguruko paisaiaz gozatzeko parada bikaina izango dugu: Toloño mendilerroa bete-betean begiztatuko dugu, baita Dordoniz gaineko Cerro sonatua ere. Hurbilago, berriz, Rosteta tontorra ikusiko dugu, lerroaren ekialdean otzan-otzan gailenduta. Eta handik oso urrun ez, Askartzako ataka bistaratuko dugu, Gasteizerako bide historikoan. Harantz zuzenduta, Gasteizko ordokira jaisteko aukera ematen duen lepora helduko gara. Ezkerretik doan hesia gurutzatu beharko dugu lepora iritsi baino metro batzuk lehenago. Rostetako muinoraino lagunduko digun xenda bazter utzita, beraz, hesia gurutzatu, eta Hayalta tontorrerako bideari ekingo diogu.

Bocarones haitzuloa

Harrobi zahar batera iritsiko gara laster batean, eta, gorago, pagadiak harrera bikaina egingo digu. Gailurrera iritsita, bizkarretik jarraitu, eta, mendebaldeko noranzkoari eutsita, Doroñu edo Reventon mendaterako bidea hartuko dugu. Gasteizko udalerriko 452 zenbakiko mugarritik hurbil, Bocarones izeneko haitzuloa ikusteko aukera izango dugu. Aterpe txiki baten moduko haitzulo xumea da, harkaitzaren iparraldean gordetzen dena. Berriz gandorrera itzuliko gara, eta, berriz ere goratasuna galduz, GR zidorrarekin bat egingo dugu beheragoko pagadian.

Seinale zuri-gorriei segika, Doroñuko lepora iritsiko gara. Antena txiki bat ikusiko dugu lepoan. Hegoaldera jotzeko unea izango da, hots, Trebiñurako bideari jarraitzekoa. Kable elektrikoen lehen habera iristean, eskuinera egin, eta Doroñu herrira iritsiko gara, jaitsiera dotorea eginda. Herria zeharkatu, eta ezkerrera hartuko dugu herriko tabernan. Gero, kable elektrikoen azpitik igaro, eta, eskuineko bidetik eginda, Arrietarako bideari ekingo diogu.

Arrietan sartu gabe, ezkerrera egin, eta San Rokeren aurretik igaroko gara. Gero, ur biltegi batera iristean, ezkerreko bidea hartuko dugu, beherago doana. Autoak pasatzeko debekua adierazten duen seinale bat ikusiko dugu segituan, eta basabide behinenaren eskuinetik doan belarrezko bideari ekingo diogu, Garaia mendiko iparraldeko lepora igotzeko. Askartzaraino eramango gaituen nekazari bidea lepoan bertan hartuko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.