Ibon Egaña Etxeberria : «Literatura batek, sendotzeko, gatazka behar du bere barruan»

Iñigo Astiz / 2015-02-04 / 753 hitz

Azken 30 urteetako euskal literatur kritika aztertu du Ibon Egañak eta, dioenez, baikorrak dira iruzkin baloratzaileen %84. Liburu modura kaleratu du orain ikerketa: ‘Izan gabe denaz’.

Amesgaizto zuena doktore tesi bilakatu du Ibon Egaña Etxeberria literatur kritikari eta adituak (Urnieta, Gipuzkoa, 1981). «Inoiz kritika ez oso baikor bat bidali eta amesgaiztoak ere izan ditut, idazlea altxatzen zitzaidala eta erantzun egiten zidala, eta errealitatean ere gertatzen dira halakoak». 20 urterekin hasi zen Euskaldunon Egunkaria-n literatur kritikak idazten, eta euskal literatur kritikaren azken hiru hamarkadak aztertzen aritu da bi urte eta erdiz. Galdera bat guztiaren ardatz: «Nork legitimatzen du kritikaria kritika egiteko?». Arte eta gizarte zientzietan euskarazko tesi onenaren Koldo Mitxelena saria jaso du duela bi aste, eta liburu gisa kaleratu ditu orain bere ikerketaren emaitzak. Izan gabe denaz. Hogeita hamar urte euskal hedabideetako literatur kritikan (Utriusque Vasconiae).

1975etik 2005erako epealdian Euskal Herrian egindako 2.300 kritika aztertu dituzu, eta deigarria da ondorioa: positiboa edo oso positiboa da kritika baloratzaileen %84. Zer da munduko literaturarik onena dugula ala zerbaitek bultzatzen dituela kritikariak onbera izatera?

Nik baztertzen dut munduko literaturarik onena daukagula dioen ondorioa. Nire abiapuntua izan da ikuspegi soziologikotik heltzea gaiari, a priori ez epaitzea zerbait ona ala txarra den, baizik eta aztertzea balio hori nola sortzen den. Zerbait ona dela esateak ez du esan nahi berez ona denik, baizik eta badagoela diskurtso sozial bat hori ona dela esaten duena. Beraz, ez, ondorioa ez da munduko literaturarik onena dugula, baizik eta kritika diskurtso sozial modura legitimatzeko arazoak dauzkagula, eta euskal literaturak berak ere bere burua legitimatzeko arazoak dituela.

Legitimitate krisiarena orokorra dela erakusten du liburuak, baina euskal literaturan berezitasun batzuk badaudela diozu.

Bai, baina, nire harrigarri, konturatu naiz kritikaren inguruko diskurtso guztia planteatzen dela krisi modura edo ez dagoen zerbaiten modura. Literatura handiagoetan eta beste garai batzuetan ere arazo hori planteatzen da. Euskal literaturan oso jende gutxi da kritikari profesionala, eta hori izan daiteke bereizgarri bat. Bestalde, [Pierre] Bourdieuk dioenez, legitimazio ekintza bat eraginkorra izateko, legitimatzen duen subjektuak eta legitimatua den objektuak elkarrengandik urrun samar egon behar dute, edo ez dute loturarik izan behar. Amak esaten badizu oso polita zarela, ez du sinesgarritasun handirik. Eta hemen, ez beti, harreman handia dago legitimatzailearen eta legitimatuaren artean.

Protekzionismo moduko bat ere aipatzen duzu liburuan.

Pentsatzen da euskal liburu baten kritika negatiboa egiten baduzu, nolabait ere literatura horren kontrako ahotsekin bat egiten ari zarela. Baina, nire iritzian, justu kontrakoa gertatzen da. Literatura batek, sendotzeko, gatazkak behar ditu bere barruan, estetika ezberdinen lehia, eta kritika. Protekzionismoak baino gehiago garatzen du horrek literatura.

Bernardo Atxagak 1989an jasotako Espainiako Literatur Saria da liburuan aipatzen duzun faktoreetariko bat. Legitimazio-instantzia gorena euskal esparrutik kanpo gelditu zela diozu.

Zaila da urte bat jartzea, eta gehiegi sinplifikatzea da dena Atxagaren sariaren ondorioz datorrela, baina konturatu nintzen 1990eko hamarkadatik aurrera liburuen balorazio positiboak gero eta positiboagoak direla. 1980ko hamarkadan lehia handiagoa zegoen, gatazka gehiago, eztabaida gehiago. 1990etik aurrera, aldiz, homologazioaren ideiak indarra hartzen du; espainiar literatura beste bagarela adierazi nahiak. Euskal literaturak bere buruarengan halako sineste bat eskuratzea gauza baikorra da berez, baina uste dut arrisku bat ere badaukala. 1990eko hamarkadatik aurrera badirudi kanpoko sariek indar handiagoa dutela barrukoek baino, eta ematen du instantzia gorena ez direla ez euskal kritika ez euskal irakurlea, baizik eta hortik kanpo dagoen zerbait.

Zail zena zailduz joan da urteekin, agian?

Euskal literaturan idazle jakin batzuk joan dira kapital sinbolikoa pilatzen. Idazle kanoniko sakratu batzuk ere sortu dira, eta horrek zaildu egin du haien liburuen gainean iruzkin ez oso positiboak egitea. 80ko hamarkadan akaso ez zegoen halako alderik idazleen artean, oraindik ez zegoen halako pilaketa eta halako desberdintasunik. Bazegoen literaturaren zentzu kolektiboago bat ere. Taldean egiten den proiektu baten ideia bazegoen, bazeuden talde literarioak, aldizkari literarioak, baina gero eta gehiago dagoena da ibilbide indibidualak, eta kapital sinbolikoaren pilaketa hori ere gero eta indibidualagoa da, eta idazle eta kritikariaren arteko desoreka gero eta handiago da ondorioz. Iruzkin negatiboak egitea ez da erraza, baina kritika negatiboa egiteak kritikariaren rola ere indartu dezake.

Badago kritikaren egoera hobetzerik?

Nik gero eta ilunago ikusten dut. Batzuetan pentsatzen dut hedabideetan idazten duen kritikariaren figura hilzorian dagoela, baina akaso kritika beste forma batzuk hartzen ari da. Irakurle kluben fenomenoa hor dago. Kritikaren sorreran, adibidez, hori zegoen. XVIII. mendeko tertulia literarioak, kafe literarioak, klubak… Azken finean, autoritate kulturala dago zalantzan orain, eta hori berez ez zait txarra iruditzen, jadanik ez baita pertsona bat autoritatea daukana, zuria, gizona, heterosexuala. Baina horren ordez zer egiten dugun da gakoa. Autoritate horren gabeziak eragin dezake merkatu irizpide hutsak gailentzea, eta horren aurrean behar da kritikaren instantzia bat. Ez dakit zer formatutakoa, baina beharrezkoa da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude