Iragana beti presente

Juan Luis Zabala / 2015-02-19 / 367 hitz

Zortzi ipuin batu ditu Julen Belamunok ‘Ukabilak eta loreak’ bere lehen liburuan.
Beren bizitzen jabe izan ezinik bizi dira narrazioetako pertsonaiak.

Ignacio Aldekoa ipuin sariketa irabazi zuen 2010ean Jose Mari Segurolak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1959) Oso gauza ohargarria narrazioarekin, eta sari bera eskuratu zuen bi urte geroago Egonerako egunak-ekin. 2007az geroztik ari zen ipuinak idazten, eta egundaino libururik argitaratu gabea zen. Ikusirik idazten zituen ipuinak sariketetan harrera ona zutela, haietako batzuk bilduta liburu bat argitaratzen saiatzea erabaki zuen, eta jo zuen aurreneko atean jaso zuen baiezkoa, Elkar argitaletxearena. 2007 eta 2013 artean idatzitako zortzi ipuin bildu ditu Ukabilak eta loreak liburuan (Elkar), eta Julen Belamuno ezizenarekin sinatuta argitaratu. «Ez diot estimazio handirik nire izen ofizialari», azaldu du, irriz, ezizena zergatik erabili duen galdetutakoan. Idazle berria baldin bada ere, Belamunoren idazkeran aurretik asko idatzi izanak ematen duen eskarmentua agerikoa dela azaldu du liburuaren editoreak, Xabier Mendiguren Elizegik.

Liburua «ipuin bilduma bat» da, egilearen ustez, hura osatzen duten ipuinak ez daudelako ardatz jakin baten inguruan antolatuta, ez dutelako «batasun bat». Hala ere, uste du elementu batzuk ipuin askotan agertzen direla, badaudela «konstante batzuk» ipuin guztietan. «Zortzi ipuinetatik bost Gasteizen kokatuta daude», egileak 2002az geroztik bizileku duen hirian. Horrez gain, ipuin guztiak garaikideak dira, gaurko garaian kokatuta daude, baina guztietan dago, aldez edo moldez, egileak «iraganaren itzulera» deitzen duena. «Beti, egoera guztietan, itzultzen da iraganeko zerbait, lehen gertatutako zerbait, eta horrek astintzen du ipuineko pertsonaia nagusia. Azken batean, iragana ez da hil; iragana beti hor dago, presente».

Izaera ahula

Pertsonaia gehienen izaera ahulak ere batzen ditu liburuko narrazioak, Belamunoren ustez. «Beren bizitzen jabe izan nahi dute, baina inguruko indarrek astintzen dituzte, eta kosta egiten zaie beren bizitzetan zentratzea, nahi luketen bizimodua egitea. Gauza gehienak beren esku ez daudela sentitzen dute, ingurukoen esku baizik». Pertsonaia horietako asko beren buruaren aurrean egokitzen dira narrazioaren uneren batean —amaieran kasurik gehienetan—, dela ispilu baten aurrean, dela alter ego-aren rola jokatzen duen beste pertsonaia bati begira.

Ipuinak «egoera batetik» abiatu eta hartatik «tiraka» idatzi ohi ditu Belamunok. «Gero beste egoera batzuk edo irudi batzuk etortzen zaizkit… Ez dut jakiten nondik jarraituko dudan». Baina, Mendiguren Elizegiren ustez, kasu guztietan pertsonaiaren «soslai psikologikoa» nahiko argi marrazten du beti. Ez du ukatzen hori Belamunok: «Pertsonaia asko interesatzen zait».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.