Lorea Kortabarria, psikopedagogoa: «Zoriontasunarekin lotu da argaltasuna»

Saioa Alkaiza / 2015-02-19 / 614 hitz

Neska eta mutil gazteek beren gorputzen inguruan duten pertzepzioa aztertu du Kortabarriak. Generoaren zama nabarmena da: neskek mutilek baino lodiago ikusi ohi dute beren burua.

Gorputzaren pertzepzio desitxuratua dute neska eta mutil gazteek: neskek beren burua berez dena baino lodiago ikusten dute; mutilek, aldiz, muskulu gehiago izatearekin egiten dute amets. Horiek dira, besteak beste, Lorea Kortabarria psikopedagogoak (Arrasate, Gipuzkoa, 1984) Elikadura ohiturekin lotutako aldagaiak ikerketaren bidez kaleratu berri dituen datuetako batzuk. 2011. eta 2012. urteen artean, 14 eta 25 urte bitarteko 1.075 ikasle elkarrizketatu zituen.

Neskek eta mutilek haien pisua ezberdin hautematen dutela diozu.

Ikerketaren arabera, hala da. Neskek pentsatzen dute pisatzen dutena baino gehiago pisatzen dutela. Adibidez, 50 kilotan badaude, uste dute 55 kilotan daudela. Gainera, gustatuko litzaieke gutxiago pisatzea: hau da, 45 kilo inguru. Mutilek, aldiz, badakite zenbat pisatzen duten; eta nahi izaten dute gehiago pisatu, baina ez gizentzeko helburuarekin, baizik eta altuagoak eta gihartsuagoak izateko.

Ildo beretik, oro har, mutilek autoestimu handiagoa dutela ondorioztatu duzu.

14-18 urte arteko bitarte horretan, depresio gutxiago izaten dituzte, antsietate txikiagoa… Egia da, ordea, haiekiko presio estetikoa ere areagotzen ari dela. Geroz eta mutil gehiagok nahi du argal egon.

Anorexia eta bulimia ere ikerketagai izan dituzu. Zer ikusi duzu?

Neskek dieta gehiago ezagutzen dituzte mutilek baino, eta gehiago egiten dituzte, gizartean onartuak sentitzen ez direlako edo baztertuak izateko beldurra dutelako. Mutilek, dieta egiten hasiz gero, osasunagatik edo bikotekideak esanda egiten dituzte. Uzteko arrazoien artean ere aldea dago: mutilek uzten dute ez zaielako iruditzen behar dutenik; neskek, berriz, ez dutelako beren burua helburua lortzeko gai ikusten.

Genero rolekin zuzenean lotutako gaia da, beraz, autopertzepzioa.

Bai, noski. Etengabe jasotzen ari gara presio soziala.

Mutil indartsuak, handiak, altuak; neska finak, ederrak, argalak… Nola eraikitzen da feminitatean eta maskulinitatean oinarritutako iruditegi hori?

Hedabideek ematen dituzten irudiak ikustea baino ez dago. Gaur egungo eredu estetikoa argaltasuna da, eta neskei, gainera, geroz eta meheagoak izatea eta geroz eta aldaka estuagoak izatea eskatzen die. Zenbat eta argalago, zenbat eta finago, orduan eta hobeto. Zoriontasunarekin lotu ohi da argaltasuna, prestigioarekin, lan hobe bat lortzearekin, lagunak izatearekin…

Baina ez da soilik komunikabideek hauspotutako mezua, ezta?

Etxeko hezkuntza ere garrantzitsua da. Etxe batzuetan gurasoak arduratuta daude umeak argal mantentzearekin, hori ikusten dute-eta telebistan. Seme-alabek goxokiak janez gero, esaten dute: «Kiloak hartzea oso erraza da, baina galtzea ez!». Eta gosaltzeko, berriz, txokolatea txurroekin eta croissant-ak gurinarekin ematen dizkiete. Koherenteki jokatu behar da, eta osasuntsu elikatu.

Kalean ere mehetasuna saritzen da. Hori ez al da biolentzia estetikoa?

Argaldu zarela, kalean zoazela, edonork esaten dizu: «Argaldu zara, zeinen polit zauden!». Pentsa helduengan eragina baldin badu zein eragin izan dezakeen haurrengan.

«Emakumearen gorputza da kapitalismoaren azken muga». Silvia Federici teorialari feministak dio emakumearen gorputzak presio estetiko handiagoa duela, kontrolatuago dagoela.

Emakumeok objektuak izan gara bai gizartearentzat, bai gizonentzat. Eta objektuek zer izan behar dute? Liluragarriak. Horrek marka uzten du. Objektu hori nahi duten pertsonen neurrira dago eginda. Horrek kalte ikaragarria egin du. Baina egia da, era berean, gizonen gorputzarekiko kontrola geroz eta zabalduago dagoela. Oso kezkagarria da.

Zer egin dezake norberak bere burua beste era batean ikusteko?

Barneratuta dagoen horrekin apurtu egin behar da. Gorputz irudia eraikitzerakoan, funtzionaltasunari eman behar zaio garrantzia, osasunari. Izan ere, gorputz batek ibilgailu moduan balio du: noski, obesitatea txarra da, baina muturreko argaltasuna ere bai.

Sozialki zer egin daiteke autoirudi osasuntsuago bat eraikitzeko?

Normal hartu behar da elikadura; ez dago janari txarrik edo onik. Gorputzen funtzionaltasunari eman behar zaio garrantzia, ez saltzen denari. Bestalde, koherentzia behar da: iragarkietan ezin da, aurrena, osasunaz hitz egin, eta hurrena, gantza ia mirariz kentzeko zopa saldu. Bestalde, prebentzio programa gehiago behar dira.

Ikerketa berri bat duzu amets: itsuen autopertzepzioa behatzea.

Itsuek ikusten dugunok baino hobeto baloratu ohi dute haien gorputza. Ezberdin bizitzen dute presio estetikoa. Oso datu interesgarria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.