Mende erdi, aldarrikapen berak

Oihan Vitoria / 2015-02-21 / 1.027 hitz

Arraza segregazioaren mehatxuari aurre egitea. Berdintasuna eta diskriminaziorik eza bultzatzea. Errepresioaren aurka irmo agertzea. Gaur-gaurko aldarriak dira. Eskubide zibilen aldeko borroka sutsuan ere oso presente eduki zituen Malcolm X ekintzaileak. Gaur 50 urte hil zuten tiroz. Haren predikuak, ordea, AEBetako afroamerikar komunitatearen oroitzan bizi-bizi gordeak dira oraino.

Zuri-beltzez tindatutako aldarrikapenak iduri lezakete lehenbiziko begi kolpean. Beste garai batekoak. Antzinako kutsuko premisak: erabateko berdintasuna, errepresioaren kontra tinko altxatzea, arrazen arteko segregazioaren mehatxuari aurre egitea edo diskriminaziorik eza sustatzea. Egungo kezkak dira, alabaina. Eta orain mende erdikoak. Malcolm X aktibista hil eta 50 urtera, izan ere, arnasa hartzeko eskubidea galdegiteari eusten diote AEBetan Afrika beltzeko arbasoak dauzkatenek. Itota sentitzen dira: justifikatu gabeko atxiloketak, miaketak, tratu txar salaketak… Ia etengabeak dira. Afroamerikar ugariren egunerokoaren parte. Eta mende erdi igarota, oraindik mahai gainean segitzen dute antzeko aldarrikapenek.

Arrazaren araberako jazarpena gaitzesten lehenetarikoa izan zen Malcolm, eta arrazismoaren aurkako kexuak beltzen eskubideen aldeko borrokarekin uztartzen, kementsuenetarikoa. Lozorrotik esnatu zuen garai hartan ahula zen komunitatea; bozkatzeko eskubiderik ere ez zuten afroamerikarrek. Elkartu, antolatu eta mugimendu sendoa erna zedin premiazko giltzarria izan zen Malcolm. Kontzientzia beltzaren ahotsa bilakatu zen, eta hari zor zaio beltzen kontrako krimenak bistaratzea eta gizarteko kezken erdi-erdian kokatzea.

Era gordinean kritikatzen zituen injustiziak iruditzen zitzaizkionak. Zenbaitentzat, AEBetako beltzen historian eragin gehien izan duen pertsona da. Arerioen irudiko, aldiz, muturrekoak dira haren ideiak. Bestelako ikuspuntua dute: arrazismoa, beltzen nagusigoa, antisemitismoa, zurien bazterketa eta indarkeria bultzatzea egozten diote. Nolanahi ere, kasik berezkoak zeuzkan komunitate gutxituen aldarrikapenak. «Ghettoaren instintua badut… haren mintzatzeko moldea enea da», zioen Malcolm X-ek. Cleveland, Ohio. 1964ko apirilaren 3a. Beltzen komunitatearen aldeko eskubideak aldarri hartuta, aitzindaria zen ordurako, eta horren alde jardun zen etenik gabe.

Arraza segregazioa indargabetzeko asmoz abiatutako eskubide zibilen aldeko mugimenduko erreferente nagusien hurbilekoa eta adiskidea ere bazen: besteren artean, Muhammad Alirena eta Martin Luther Kingena. Hasiera-hasieratik, eskutik aritu ziren hirurak antzerako helburuen bila, baina apurka-apurka katramilatu eta pitzatu egin zen harremana; nork bere bidetik jo zuen arte.

Estatu propioaren sorrera

Baina talde hori arraza segregazioaren kontrako lehiara mugatzen zen bitartean, Malcolm X-i harago jotzea otu zitzaion: afroamerikarrak zuriengandik bereizita gura zituen, eta jarrera hori muturreraino eraman zuen ia-ia. Afroamerikarrak Afrikara bueltatu aurreko irtenbide gisa, lurralde eta estatu propioa sortzea proposatu zuen. Gizartea bitan bananduta, afroamerikarrek burujabetza politikoa egikaritzeko parada izan zezaten, «indarkeria arrazistatik eta zurien zapalkuntzatik at». Horra ailegatzeko, ez zuen bazter laga indarkeriara jotzea. Haren iritzian, beltzek edozein bide erabil zezaketen beren burua oztoporik gabe babesteko.

Horren harira, honela mintzatu zen Malcolm: «Ez nago indarkeriaren alde, baina bortizkeria autodefentsa bilakatzean, ez litzateke indarkeria modura hartu behar, inteligentzia gisa baizik». Kontrara, indarkeria sekula ez baliatzeko estrategia zeukan eskubide zibilen mugimenduak.

Hauspotzen hasia zen jadanik Malcolmen ideia, eta indar izugarria lortu zuen denbora gutxian. 1952an Islamaren Nazioan sartu eta 1964an irten zen arte, 25.000 kidetik gora irabazi zituen mugimenduak. Xedea, musulmanen batasuna zen, sasoi hartako «sistema arrazista» errotik eteteko; kristautasunaren kontrako erlijio kontrajarri gisa zuten islama.

Afroamerikarrengan etsipena, nekea eta makalaldia gailentzen ari zirela igarrita, Islamaren Nazioaren irakaspenak lau haizeetara zabaltzeari ekin zion Malcolmek. Aho bizarrik gabe, gainera: beltzak munduko jatorrizko pertsonak zirela, nabarmen zeudela zurien gainetik, zuriak gainbehera betean zeudela, etorkizuna beltzen esku zegoela… Mesfidantza eragin zuten ideiok, muinean atxikimendu handia lortu arren.

Ordura arteko zuhurtasunarekin asper-asper egindako afroamerikarrei esker erdietsi zuen arrakasta; iparraldean eta mendebaldean, bereziki. Horietako askok euren kezkak «hobeto» islaturik ikusten zituzten Malcolmengan eskubide zibilen aldeko taldean baino gehiago, eta ez zuten denbora gehiago itxaron nahi berdintasuna, errespetua eta justizia lortzeko. Malcolm: «Presazkoa da askatasuna eskuratzea».

Kontrako indarrak ere altxatu zitzaizkion, ordea. Tartean ziren zuriak eta afroamerikar franko ere. Ez zituzten batere ongi hartu Malcolm X-en proposamenak, indarkeria eta gorrotoa bultza zitzaketela iritzita. Areago, arrazen arteko harremanak gaiztotzeko arrisku gisa ere ikusi zuten. Eskubide zibilen mugimenduko ordezkariek, berriz, arduragabetzat jo zituzten Malcolmen «muturreko ideiak», afroamerikarrak ordezkatzen ez zituelakoan.

Zatiketa Islamaren Nazioan

Leporatu zizkiotenak behin eta berriz ukatu zituen Malcolmek. «Ez naiz arrazista, ez nator bat arrazismoak oinarritzat dauzkan ideia batekin ere ez. Argi eta zintzo esan dezaket, edozeren gainetik, nire herriaren askatasuna, justizia eta berdintasuna baino ez dudala lortu nahi», argitu zuen.

Malcolmek, oro har, gertutik ezagutu zituen errepresioaren hari muturrak: aurkariena, poliziena eta agintariena. Zortzi urte egin zituen preso, lege urraketak egotzita. 1952an, kartzelatik irtetean, egin zen Islamaren Nazioko kide, eta dozena bat urtez mugimenduko aurpegi publikoa izan zen, desadostasunak zirela-eta 1964an erakundea utzi zuen arte.

Aldarrikapenez betetako historia da Malcolmena. Mehatxuak eguneroko ogia bilakatu zitzaizkion, baina ez zen kikildu. Makina bat hitzaldi eman zituen han eta hemen, pairatzen ari zen egoera jendaurrean gaitzesteko. Zehazki, New Yorkeko Harlem auzoan arraza segregazioaren kontrako hitzaldi bat ematen ari zela hil zuten, tiroz, 1965eko otsailaren 21ean; 39 urte zituen, eta urtebete zen Islamaren Nazioa laga zuela —mehatxu gutxiago jasaten zituen geroztik—. Erabakia gaizki hartu zuen taldeak, eta areagotzen hasi zen ezinikusia. Mugimenduko kidea zen, hain justu, hilketaren egilea; espetxean 44 urte eginda, 2010etik dago libre.

Malcolmen hilketaren 50. urtemuga da gaur. Dena den, haren predikuek ez dute gaurkotasun printzarik galdu: AEBetako beltzen oroitzan gordea da oraindik, garai hartan aldarrikatzen zituztenak orain ere aldarrikatu beharrean daudela baiteritzote. New Yorkeko poliziekin, bereziki, oso kritiko agertu zen beti Malcolm. «Oinarrizko eskubideak ukatzen dizkigute», zioen. Izan ere, 1964. urterako indarrean sartu berria zen herritarrak atxiki eta miatzeko legea. Hautsak harrotzen segitzen du egun ere: horren isla dira iragan urtean AEBetako poliziak hildako Michael Brown eta Eric Garner gazteen kasuak.

Ez dira zerrendako bakarrak: Oscar Grant, Trayvon Martin, Manuel Diaz, Kimani Gray… Beltzak. Armarik gabeak, gehienak. Deliturik egiten ari ez zirenak. Polizia zuriek edo zaindariek hildakoak. Liskarrak. Bertsio kontrajarriak. Polizia gehienak errugabe izendatuak. Oso argiak dira iazko datuak: 14.300 lagun atxilo hartu zituzten AEBetan, miatuak izateko; atxiki zituztenen 11.600, errugabetzat jo zituzten, eta erdia baino gehiago beltzak ziren. Malcolmen pentsaera, hortaz, afroamerikar belaunaldi berrien eredu bihurtu da, autonomia propio eta duintasuna exijitu eta kanpo esku hartzerik gabeko parte hartze politikoa aldarrikatzeko.

Zeresana eman zuen, halaber, Malcolmen jatorriak. Islamaren Nazioko beste askok bezala, esklabistek «inposatutako» Little abizenaren ordez jarri zuen X-a. «Ezezaguna» sinbolizatu nahi zuen. «Esklabotzaren oinordeko gaizkileen erruz, musulmanok inoiz ez baitugu jakingo gure benetako abizena». Eta pertsonaia publikoa izanda ere, politikoki oharkabean igarotzea zuen xede: «Ez naiz demokrata, ez errepublikanoa ez eta amerikarra sentitzen ere. AEBetan sortzeak ez dakar hori sentitu beharrik, ez baitakit neure burua engainatzen».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.