Avellaneda

Angel Erro / 2015-03-24 / 162 hitz

Errealitateak fikzioa gaindi dezakeela gauza jakina da. Fikzioak fikzioa bera gainditzearena ez da hain kontu usua, baina gerta daiteke eta Game of Thrones eleberri sail eta telesailarekin, izan ere, hala gertatuko dela iragarri dute. Batak besteari aurrea hartuko dio, telebistako pertsonaiek liburukoei, «ordena naturala» hankaz gora jarrita.

Aspaldiko kezka zen telesailak ez ote zuen eleberrigilea harrapatuko. Unea iritsi da. Liburuetan agertu gabekoak filmatzen hasiko dira, George R. R. Martin egileak tramak nondik joko dituen aintzat hartuta.

Eleberrigile askok esaten dute pertsonaiak beregain bilakatzen zaizkiela, baina sekula ez oraingoan bezain nabarmen. Kontuak badu sinbolikotik. Ikus-entzunezkoaren nagusigoa nabarmentzeko harrokeria ematen du. Zertarako ibili liburuen zain itxura egiten? Irakurlea akaso, merkatua ez dagokio idazletzaren erritmo geldora.

Bada uste duenik, dena den euskarria, fikzioa beti fikzio dela. Ni, esaterako, horietakoa naiz. Martin jauna, batek daki. Halere, erraz barkatuko nioke HBOtik eskubideak kobratu ondoren, eleberriak beste bide batetik eraman eta nor bere tokian utziko balu.

Azkenean, dirua irabazi ondoren, idazle bati gehien gustatzen zaiona irakur dezatela da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.