Barazkiak berdelarekin eta txipiroiekin

Iker Markinez / 2015-03-21 / 247 hitz

Osagaiak:

Dozena erdi zerba.
2 azenario.
Kuia txiki 1.
2 gari zainzuri.
Ziazerba eskukada bat.
8 baratxuri fresko.
Gure kostako bi berdel.
8 txipiroi fresko.
Gatza.
Oliba olioa.

1. Lehenik, barazki guztiak garbituko ditugu. Azenarioak zuritu. Zainzuriak erditik moztu. Azenarioak eta kuia txikia tiratan moztu. Zerbetatik penkak atera, eta penkak prestatzeko, 20 minutuz egosten jarri.

2. Denbora horren ostean, ur hotzetatik pasatu, eta erretilu batean gorde. Beste lapiko bat urez bete, eta gainontzeko barazkiak egosten jarriko ditugu. Baina barazki talde bakoitza banaka egosi, bakoitzaren egoste denbora kontuan hartuz. Egosi ostean, ur hotzetatik pasatuko ditugu, zapore eta kolore indartsua izan dezaten.

3. Txipiroiak banan-banan garbitu, eta plater batean utzi. Berdela arrandegian garbitu, eta xerratan mozteko eskatuko dugu. Etxean, berdela puska lauki luzetan moztu.

4. Zartagin bat berotzen jarri, eta ongi beroa dagoenean, bertan lehenik berdela ipini, azala zartagin aldera jarrita. Gatz pittin bat bota, eta olio zurrusta fin bat gehitu. Garrantzitsua da bi edo hiru minutuz alde bakarretik egin bitartean ez ukitzea. Hala, azala txigortu egingo da, eta berdelaren haragia samurtu.

5. Ondoren, buelta eman; eta jarraian, plater batera atera. Txipiroiak gehitu zartagin berera. Gatz eta olio zurrusta bat gehitu, eta horiek ere minutu batez utzi, ongi gorritu daitezen. Ondoren, beste aldetik beste minutu bat eduki. Txipiroiak atera. Zartagin berean baratxuri freskoak gehitu lehenik, eta, ondoren, gainontzeko barazki guztiak. Denak batera ongi nahastu. Barazkiak berotzeaz gain, txipiak eta berdelak utzi; duten zaporea berreskuratuko dute horrela.

6. Plater bakoitzean barazki sorta desberdinak jarri, eta gainean, berdel zatiak eta txipiroak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.