Dirua banu…

Zihara Enbeita / 2015-03-05 / 232 hitz

Dirua banu, sormen etxe bat eraikiko nuke herrian. Umeen sormena trabatuko ez duen eskola bat eta nagusiak erreskatatzeko, salbatzeko aterpea. Sormenarekin batera herria bera ere krisitik ateratzeko. Sormenari etengabe ateak ixten baikabiltza, denbora galtzea delakoan. Eta sormen gabezia ikusten dutenek ere sormenerako denbora falta dagoela diostate. Ez dugula astirik. Denbora garestiegi dagoela. Nahikoa dugula egunerokoarekin. Familiarekin, lanarekin eta bestelako betebeharrekin. Eta sormena, pentsatzea, pribilegiatu batzuen kontua direla. Ardura artean edo bestelako lanetan lotuta ez daudenen pribilegioa. Umeek ere badute bada denbora sobera, diot nik, baina horiei ere ostu guran gabiltza eta badaezpada estimuluz josi ditugu.

Eta ez al luke, bada, bestela behar? Eskola orduetan ez al luke garrantzi handiagoa behar sormenak, pentsarazteak? Burua datuz josi beharrean, denbora gutxira ahaztuko ditugun datuz, burmuinean gigabyte gehiago beharko genituzke libre. Datuak behar baditugu non topatu badugu eta. Bizitzari gure begietatik argazkiak ateratzen joateko gigabyteak behar ditugu, programatutako aplikazioak alde batera utzita. Esperimentatzeko, sentitzeko, ukitzeko, amets egiteko, galdera gehiago sortzeko… Psikomotrizitatea, artea, bertsolaritza moduko adierazpide tresnek ere pisu handiagoa behar lukete. Ez aisialdia betetzeko bakarrik.

Zientzia museoan legez, denak ukigarri, ikusgarri behar luke, helburua ulertzea edo galderak sortzea izanik. Jakin, ustez gauza asko dakizkigulako, baina dakigun hori benetan zer den ulertu barik. Eta jakitun garelakoan, ezjakin gara. Formula matematiko hutsak, ezer esaten ez dutenak. Eta horren ordez denbora sormenean xahutuko bagenu? Ba al da ezer ederragorik sortzea baino? Eta derrigorrean barik barruak hala eskatuta ikastea baino?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.