Doako haurrak

Anjel Lertxundi  / 2015-03-26 / 117 hitz

Udal zerbitzu batek banatutako propaganda-orri bat. «Doako haurrentzat sormen tailerra» dio bertan. Doako haurrak! Hutsak eragindako egonerre linguistikoak ez nau, ordea, itsutu: sormenaren oinarrian premia bertute bihurtzeko pagotxa baitago, irudimenari giltza eman eta artistarena egiten hasi naiz sormen tailerrak oparitu didan buztinarekin. Laster atera zait doako haur bat, hobbit bat baino dezentez guapoagoa eta negarrik egiten ez duena. Bat-batean, ordea, nire poxak pott: ez dakit nondik aterako dudan sehaska erosteko dirua, zerekin ordainduko ditudan pixoihalak, jostailuak, botikak, potitoak, ume-kotxea eta nire kotxerako ume-aulki homologatua, haur eskolako gastuak, umea zainduko didan norbait…

Doako haurrari zer nolako etorkizuna emango niokeen imajinatze hutsak izu larriz jarri nau, eta usaintzen hasita guraso gazteen atarramendu zaila, zakarrontzira bota dut propaganda-orria.

Doako haurrak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude