Historiaren zabortegian

Iñigo Astiz / 2015-03-07 / 607 hitz

Joseba Sarrionandiaren ‘Moroak gara behelaino artean?’ saiakera eta Ernest Renan pentsalari frantsesaren ideiak oinarri hartuta, nazioari buruz egin du gogoeta Joxe Azurmendik Bilbon.

Hartu bost gai, idatzi bost liburu eta gero denak prest daudenean prentsatu guztiak liburu bakarrean. Joxe Azurmendi pentsalariaren arabera, hori da Joseba Sarrionandia idazleak Moroak gara behelaino artean? saiakera idazteko erabilitako metodoa. «Ikaragarri ondo ematen ditu lau edo bost gai horiek elkarrekin etengabe. Ematen du film batean bezala ari dela konposatzen, edo Bachen konposizio musikal baten modura». Maisulan bat dela, alegia. Nahasian doaz amazighen historiari buruzkoak, gerra kontuak, hizkuntzari buruzko gogoetak, oroitzapen pertsonalak, Tubalen mitoaren erreferentziak… Prentsatuta dena. Baina horien guztien atzean kontzeptu bat igar daitekeela uste du Azurmendik: nazioaren kontzeptua, hain zuzen ere. Eta, horregatik, hitzaldiari jarritako izenburua: Nazioaren kontzeptua behelaino artean. Bilbo Zaharra euskaltegiak Sarrionandiaren omenez antolatutako hitzaldi zikloan eskaini zuen hizketaldia ostegunean.

«Historia zabortegi bat da, iraganak ate aurrean utzi digun zabortegi handi bat». Sarrionandiaren liburuko hitzaurretik hautatu zituen hitz horiek Azurmendik. Eta ez kasualitatez. Haren ustez, historiaren filosofia dago nazioaren kontzeptuan inplikatuta, eta esaldi horretan laburbil daiteke idazlearen historiari buruzko pentsamendua. Motzean: galtzaileei adi dagoen historia da Sarrionandiaren historia. Baina ez da negarrean gelditzen, galtzaileen historia horretan topatzen baitu eraldaketarako borondatea ere idazleak, eta horrek lotzen baitu Walter Benjamin pentsalari alemaniarrarekin. Horixe Azurmendiren tesia. Izan ere, gisakoa da Benjaminen historiari buruzko ulermena ere. «Historian, batez ere, galtzaileen alderdia begiratu behar dela dio Benjaminek. Menperatuok begiratu behar duguna da atzoko menperatuen historia, ez irabazleen historia. Belaunaldi bakoitzak aurreko belaunaldiaren porrotari begiratu behar dio, eta hortik atera behar ditu borondatea eta emozioak». Benjamin horretan topatzen du Sarrionandia Azurmendik. Eta, horregatik, amazighen presentzia liburuan ere. Galtzaile haien bidez, galtzaile hauez mintzatu nahi duelako.

Sakonago. Marxista zen Benjamin, baina marxismoari buelta eman zion. Azurmendi: «Marxentzat ere historia, progresoaren historia da, eta historiaren fase bakoitzean garaileak erabakitzen du hurrengo fasera nola pasatuko garen, klase nagusiak. Irabazleen historia bat da, beraz, Marxena ere. Baina Benjaminek erantzuten dio logika horrekin egungo burgesia oso ongi dagoela, eta akabo. Haren ustez, ordea, alderantzizkoa da egin beharrekoa. Aro bakoitzeko galtzaileak dira eredutzat hartu behar direnak, zergatik eta iraultza nahi dugulako, ze galtzaileengan aurkituko dugu horretarako beharrezko den amorrua, emozioa eta borondatea». Eta iraultza kontzeptua ere irauli egiten du hor Benjaminek. Eta Benjaminen arrastoan Sarrionandia. «Iraultza ez da etorriko historiaren azken momentu batean akto heroiko eta katastrofiko modura, eta askatasuna ez da orduan lortuko. Benjaminentzat, iraultza egingo da egunero-egunero, galtzaileekin identifikatuz, eta daukagun amorru horrekin. Iraultza ez da momentu bat historian, baizik eta eguneroko praxiarekin egiten den zerbait. Eta hori oinarrizkoa da Sarrionandiaren liburua ulertu nahi badugu».

Euskaldun irabazleak

Prentsatutako hitzaldia izan zen Azurmendirena ere ostegunean. Bi gairi buruz idatzitako bi liburu hartu, eta solasaldi bakarrean uztartu zituen. Sarrionandiaren saiakera hartu zuen, batetik, eta orain hilabete batzuk kaleratu duen Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk liburua, bestetik. Eta, horregatik, historiaren filosofiari buruzko gogoeta. Azken finean, Azurmendik bere liburuan sakon aztertzen duen eta 1870ean nazio etniko eta nazio zibiko kontzeptuak sortu zituen Ernest Renan pentsalari frantsesaren pentsamenduaren ispiluaren aurrean aztertu baitzuen Sarrionandiaren pentsamendua. Edo zehatzago esanda: Renanen ispiluaren kontra. Garaileen historia baita Renanen historia. «Renanentzat, historia garaileen martxa triunfala da, eta Sarrionandiarentzat, galtzaileen via dolorosa bat».

Renani buruz gehiago. «Jarduerarik nobleenak dira jarduera kriminalenak ere, irabazleak egiten baditu, ze progresoari laguntzen diona beti da irabaztea. Beraz, irabazleek egiten dute historia. Historia ez dugu egiten gizon-emakumeok gure asmoen arabera, baizik eta irabazleek erabakitzen dutenaren arabera. Edo bestela esanda, historiak berak badu probidentzia bat, eta andre-gizonok ez gara haren instrumentu itsuak besterik. Ez gara historiaren s0ubjektuak». Eta justu kontrapuntuan kokatzen du Azurmendik Sarrionandia. «Euskal Herriaren benetako historia ez da San Ignazio, Elkano eta bestelakoak, baizik eta herri langile sinple anonimoaren historia»

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude