Kaltea eginda dago

Saioa Alkaiza / 2015-03-12 / 532 hitz

EHUko ikerlari talde batek piztu du alarma: ‘Gelidium corneum’ alga desagertzen ari da euskal itsaspetik. Espezie horren galerak itsas hondoko bioaniztasunaren geroa jar dezake kolokan. Arazoa latza da: gainbehera jada ezin da saihestu, mantsotu baino ez.

Itsaspean dauden alga gorrixkak dira Gelidium corneum-ak, gogorrak, ugariak, askotan itsas hondoko zelai zabalak betetzen dituztenak. «Kantauriko beheko mailako espezie garrantzitsuena da; lehorrean bageunde, haritzaren baliokidea litzateke. Itsasoko gakoetako bat da. Izan ere, aterpe ematen die pila bat bizidunei». Zoritxarrez, arriskuan dago. «Lehen algen belardi zabalak zeuden tokietan, orain basamortu itxura duten eremuak daude». EHUko Itsas Bentos Ikerketa taldeko kide Jose Maria Gorostiaga mintzo da. Hala erakutsi du egin berri duten azterketak: flora mota hori desagertze bidean da, horrek dakarren guztiarekin. Herri batzuetan, erdira jaitsi da kopurua; beste batzuetan, are okerragoa da: adibidez, Cobaronen (Bizkaia) hondoaren %80 estaltzetik %5 tapatzera pasatu da.

Askok uste baino larriagoa da; itsas hondoko biziaren oreka da kolokan dagoena. «Alga gorri honek CO2a hartu, eta oxigenoa sortzen du, eta hori jada ezingo du egin. Gainera, desagertuz gero, hari lotuta bizirik irauten duten espezie guztiak arriskuan leudeke». Eta ez hori bakarrik. Ekosistema «pobretu» egingo litzateke: «Itsasoak elikagai garrantzitsuak galduko lituzke». Ez da, ordea, soilik itsaspeko errealitatea kaltetua izango litzatekeena. «Kulturari dagokionez, itsasoari lotutako bizitza tradizionala ahanztea esan nahi du; paisaiaren ikuspegitik, hondoak edertasuna galduko luke; eta bukatzeko, ekonomikoki ere emango luke zer esana: komertzializatzen diren hainbat arrain eta ornogabe bertan daudelako».

Baina nola da posible horrelako galera? Makina bat arrazoi dago, bai eta denak barne biltzen dituen egiturazko arazo bat ere: klima aldaketa. Lehenik eta behin, uraren tenperatura igo da —esaterako, orain dela hiru hamarkadako abuztuan, uraren tenperatura 22 gradukoa zen; azken urteetan aldiz, 23 gradukoa da—. Bigarrenik, eguzki erradiazioa areagotu da. Hirugarrenik, espezieak behar dituen mantenugaiak gero eta urriagoak dira. Eta bukatzeko, ekaitz bortitzen eragina nabarmena da; lurzorutik erauzi izan dituzte algak. Ez dago faktore bakarra, beraz, askoren arteko elkar eraginaren emaitza da egoera. Zorionez, alga bilatzaileen jardunak ez du eraginik izan haiengan.

Algek estresa daukate

«Estresa» daukate algek. Hori ziurtatu dute adituek. Horregatik, kolore gorria higatu, eta zuri eta hori tonuak hartzen hasi dira bizirik dirauten horiek. Ez da hori duten problema bakarra. Babesleku, erruntoki eta bizileku gisa erabili izan dituzte hainbat animaliak; orain, ohiko ziren izakiez gain, beste batzuk sartu zaizkie. 1991n, euskal kostaldean, 90 bat espezie zeudela zioten ikertzaileek; egun, 116 zenbatu dituzte.

Datuak korapilatsuak dira. Gehiago daude, bai, horrek ez du esan nahi, dena dela, bioaniztasuna aberatsagoa denik. Oreka da kontua. «Espezie bat desagertzen denean, leherketa efektu bat sor daiteke, eta, horren harira, beste espezie batzuk sartzen dira, baina berriak oso ahulak dira, oso sinpleak. Prozesu hau haritza, zedroa edo hurritza sastrakarengatik aldatzearen antzekoa da». Morfologia eta iraupenaren aldetik, beraz, murritzagoak dira jaiotako bizidun berriak.

Egoerari so, ezkorra da Gorostiaga, ez du atzera bueltarik ikusten, eta, horregatik, prozesua mantsotzean baino ez du sinesten. Aho bizarrik gabe ziurtatu du: «Geldiezina da klima aldaketaren inertzia».

Dioenez, 2050. urterako tenperaturak 2 eta 2,5 gradu egingo du gora, eta hori kasurik onenean, alegia, neurriak hartuta; egoera txarrenean, aldiz, hau da, deus egin ezean, 4,5 gradu igoko litzateke. «Horrek guztiak ozeanoei eragingo die, ezinbestean. Eta kalterako». Adabakia: «babes politikak garatzea». Horrez gain, ikerketarekin segitzeak ere lagunduko luke. Konponbiderik ez dago jada.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude