Letrajaleak

Anjel Lertxundi / 2015-03-07 / 125 hitz

Beharbada irakurle izatea da konturik arraroena» esaldiarekin ixten du Pere Gimferrer poetak idazle arraroenei buruzko Los raros liburu estrainioa. Irakurle izatea oso da arraroa, halako gutxi dabil gure eguneroko paisaian: gero eta letrajale gutxiago ikusten dugu trenean, terrazaren batean, dentistaren itxarongelan. Eta bat ikusi orduko, harritu egiten gara. Idazle batek bakardadean idatzi zuena, bakardadean jasotzen ari da irakurlea, trena jendez gainezka baldin badago ere. Pertsonaia edo ideia batzuen bizitza ulertu nahian doa trenaren erritmoan, hitzari hitz, irudiari irudi, ideiari ideia, orriari orri. Bakardadean.

Irakurri aditzak, inoiz ekarria dut hona, landare baten hosto onak eta txarrak bereiztea esan nahi zuen gure baserritarrentzat; alea lekatik libratzea. Hitz hori baratzatik letren mundura ekarri zuenak —letrajale arraroren bat behar zuen— bazekien zerbait alea eta lastoa bereizteko letrek duten indarraz.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude