Malguak gu

Anjel Lertxundi / 2015-03-15 / 131 hitz

Gero eta hedatuago dago batuak ez ote duen malgutasunik, kolore bakarrekoa ote den, errealitatea islatzeko edo umorea egiteko gaitasun falta ote duen gaixotasun… Eta malgutasunik ez duenez, qué subidón! bezalako haize biguinak hauspotzen dizkiogu barra-barra irrati-telebistatik, gure solasetatik. Nekez ezer malgu esker onekoagorik haize hegoaren gau epela baino…

Dakiena mintza bedi, baina ni nago batuaren noranahikoa ukatzen duenak ez duela tutik, izpirik, mistik, fitsik ulertu zer den batua. Ez du zipitzik aditu, piperrik konprenitu, koskorrik jaso, zakilik usaindu zer den estandarra. Gaixo koittaduak ez ditu euskararen bazter eta zokondoak miatu, bihotzaren txoko gozoenak eta gorrotoaren zulo beltzenak hizketan jarri, isiltasuna ozendu eta burrundara itzali, ez da saiatu esan ezin omen zena esaten…

Ez, ez du asuntuaren motzaren laburra ere harrapatu, ez dio astoari bere antzik hartu, asta-arrantzari ere ez bere jardunarena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.