‘Road movie’ bat gatazkarantz

Iñigo Astiz / 2015-03-26 / 606 hitz

Bikote batek Euskal Herrira egindako bi asteko bidaia du oinarri Katixa Agirreren lehen eleberriak: ‘Atertu arte itxaron’.
Euskal gatazka ere presente dago kontakizunean.

Errepidean aurrera jo bai, baina ezin beti dena atzean utzi. Road movie baten gisakoa da Katixa Agirreren lehen eleberria, eta Ulia eta Gustavo pertsonaiek Euskal Herrian egindako bi asteko bidaia da kontakizunaren bizkarrezurra. Azaldu duenez, ordea, kasu honetan aitzakia da bidaia, eta ez helburu. «Ez dut esango ideia nobela bat denik, baina badago kezka bat liburu guztian: gatazka baten aurrean zer-nolako jokaera daukagun». Bikotearen barne gatazka izango da liburuaren motor nagusietariko bat, baina beste bi geruza nagusi ere baditu liburuak. Protagonista nagusiak maiz aipatuko du, adibidez, Benjamin Britten konpositore bakezale eta ezkertiarrak II. Mundu Gerrara joateari egindako ukoa, eta euskal gatazkak ere izango du pisurik kontakizunean. Eta hiru hari horiek dira, beraz, Atertu arte itxaron (Elkar) liburuaren oinarri nagusia.

Bidaia literatura: klasiko bat, eleberriko lehen kapituluan narratzaileak ere onartzen duenez. «Errepidea eta bidaia, asfaltozko metafora, auto-ezagutza, penitentzia, deserria, basamortuan zehar egindako ibilbidea. Itaka. Literaturaren historian tradizio oparoa duen generoa. Zer uste zenuen ba. Gauza hauek fundamentuz egiten dira. Aurreko literaturaren errebisio batez. Status quaestionis./ On Quixote, errepideak asfaltozkoak ez ziren garaikoa. The Road, asfaltozko errepideek dagoeneko ezertarako balio ez duten apokalipsiaren osteko garaian. Edo, bestela, erdi-bidean, On the road, klasiko bat. Edo Suminaren mahatsak, beste klasiko bat. Eta ez ahaztu Lolita. Zer esan Lolitaz. Lo-li-ta». Eta Agirrerena hurrengo azalpena: «Bidaia aukeratu nuen narrazioaren formularik oinarrizkoena delako. Aitzakia ematen zidalako istorio bat aurrera eramateko, garapen bat egoteko, eta aldi berean hainbat gauzari buruz hitz egiteko».

Txirikordatuz doaz horregatik eleberriko hiru hari nagusiak, eta adibidea aipatu du Agirrek. Madrilgo martxoaren 11ko gertaeretan ezagutu zuten elkar Uliak eta Gustavok. Baina ez da hori bakarrik; nolabait ere, Uliaren gurasoen maitasun istorioaren paraleloan baitoa haiena. Madrilgo atentatuetan egin zuten topo Uliak eta Gustavok; 1976eko martxoaren 3eko Gasteizko liskarretan ezagutu zuten elkar protagonistaren gurasoek. «Han ezagutu zuten elkar, eta maitasun istorio gorabeheratsua dute, gatazka politikoak oso baldintzatua». Eta hortik idazlearen galderak. «Nola aurre egin iragan horri? Nola maneiatu iragan hori? Nola jokatu horren aurrean?». Eta hain zuzen ere gai horiei buruz gogoeta egiteko baliatzen du idazleak Britteni buruzko haria. Gatazkari buruzko bere gogoeta azaltzeko baliatzen baitu protagonistak konpositorearen figura.

Planifikazioa eta sorpresak

Zehaztapen bat ere egin du idazleak, halere: «Plazerak ere badu bere abagunea nobelan». Dena ez dela Thanatos, alegia, eta badagoela Erosik ere. Auto bidaian protagonistek egiten dituzten oturuntzak aipatu ditu, adibidez, baita bisitatutako zenbait ingururen edertasuna ere. Ez dira gutxi, izan ere, liburuan bisitatzen diren Euskal Herriko bazterrak. Gasteizen hasi, Arabako txokoak bisitatu, Bizkaira pasatu, Bilbon sartu, Lekeitio ezagutu, Getaria, Donostia, Arantzazu, Baztan, Ipar Euskal Herriko zenbait herri… «Oso arbitrarioa da bidaia, eta bada nire bidaia sentimentala ere Euskal Herrian barrena».

Nobelarena erronka izan dela aitortu du idazleak. Lehen eleberria du oraingoa, aurrez idatzitako bi lanak ipuin liburuak baitira: Sua falta zaigu (2007) eta Habitat (2009). Zehaztu duenez, ordea, bestelakoa da ariketa nobela bat idazterakoan. Orain sei urte sortu zitzaion liburuko ideia Agirreri, baina, bestelako lanak tartekatu, eta tentuz aritu nahi izan duela ere esan du. Azaldu duenez, idazten hasterako oso pentsatua zuen kontakizunaren egitura, baina ezustekorik ere izan du bidean. «Oso planifikatua izan dut hasiera-hasieratik dena. Gero beti daude sorpresak, eta hori da politena. Baina, behintzat, mapa bat baduzu, eta mapa horretatik desbideratu behar baduzu, ongi, baina gero helmugara itzul zaitezke. Inprobisazio gutxi du nobelak».

Uliarena da eleberriko ahots nagusia. Bikotekidearentzat ari da idazten, eta bigarren pertsonan mintzo zaio horregatik zenbaitetan. Xabier Mendiguren editoreak azaldu duenez, ordea, polifonikoa da eleberria, eta idazleak kontakizunean txertatutako egunkarietako testuak eta elkarrizketa modura edo hirugarren pertsonan idatzitako pasarteak aipatu ditu horren adibide gisa. «Nobela on-ona egin du», laburtu du editoreak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.