Fosilen kolagenoaren argia

Koldo Nuñez / 2015-04-29 / 216 hitz

Kanadako Albertako hegoaldeko arroiletan ugari izan dira Kretazeoko dinosauroen hezurren aurkikuntzak. Nik neuk, duela 25 bat urte, han aurkitu nituen nire lehenengo hezur fosilak. Harritu ninduen nola, eskuan hartzean, ondo fosilizatuta bazeuden ere, itsaskorrak ziren, egungo hezurrak balira bezala. Itsaskor izaten dira hezurrak kolagenoari esker, eta, orduan zientzialariek ez bazuten ezaugarri hori aipatzen ere, nabaria zen dinosauroen hezur haiek oraindik kolagenoa eduki zezaketela. DNA ezin denean errekuperatu fosiletatik, kolagenoa erabiltzen hasi dira egun fosilak aztertzeko. Teknika hori erabili berri dute Uruguain Darwinek aurkitu zituen fosil batzuk aztertu ahal izateko. Izan ere, 1833an kalean ume batzuk aurkitu zituen elefante baten tamainako burezur fosil batekin jolasten, eta erosi egin zien txanpon batzuen truke. Geroxeago, burezur horretan oso ondo ahokatzen zen arratoi erraldoi batena zirudien hortza aurkitu zuen. Hilabete batzuk geroago, Argentinan, gameluen lepoa eta elefanteen tronpa zuen animalia arraro horren fosilak aurkitu zituen.

Orain dela gutxi, Darwinek aurkitutako hezurretako kolagenoa aztertuta frogatu dute animalia horiek ez zeukatela harremanik elefanteekin, baizik eta ungulatuekin, alegia, zaldi, tapir eta errinozeroekin. Darwinek proposatu zuen animalia talde desberdinek, inongo harremanik gabe, antzeko garapenak lor zitzaketela leku eta une desberdinetan. Horri esker, adierazi zuen eboluzioa ez dela aurrera doan eskailera bat, etengabe adarkatzen den zuhaitz bat baizik. Kolagenoaren teknikak lagunduko du, aurrerantzean, aurkikuntza asko egiten Paleontologian, hobeto ezagutu ahal izateko suntsitutako animalien arteko harremanak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.