Hitzen zama arindu ezinik

Arantxa Iraola / 2015-04-23 / 771 hitz

Alpeetan martxoan jazo zen hegazkin istripuaren harira idatzitako berriek agerian utzi dute usu lotzen direla buruko gaitzak eta arriskugarritasuna; ez da samurra erientzat.

Lubitzek tratamenduan zegoen, depresioa, antsietatea eta izu atakeak tratatzeko. Lufthansak ez zuen Lubitzen depresioaren gaineko informaziorik eman. Andreas Lubitzek depresioa zuen. Goiburu horiek guztiak iragan asteotan nazioarteko hedabideetan argitaratu diren beste ehunkaren ildokoak dira; martxoaren 24an Alpeetako mendi baten kontra txikitutako hegazkinaren hondamendia —150 pertsona hil ziren— pilotuetako batek nahita eragin zuela zabaldu zenetik, berehala hasi ziren ikerketarekin ari ziren erakundeak —eta, haiei segika, hedabideak— haren buruko osasuna auzitan jartzen, eta, bide batez, buruko gaitzak eta arriskugarritasuna lotzen. Eriek eta alorreko hainbat adituk, ordea, urteak daramatzate horren kontra borrokan, aurreiritziz betetako hitzek gaixotasunaren inguruko estigma handitu besterik ez dutela egiten argudiatuta. Izan ere, buruko erien eta haien senideen EAEko elkarteen federazio Fedeafesen arabera, buruko gaixo larrien %3k izaten dituzte bortxazko portaerak, eta, gehienetan, tratamendu egokirik gabe daudenean. Usu jotzen da, ordea, erien bortxa joerak hauspotzera.

Alpeetako albisteari eman zaion trataerarekin guztiz asaldatuta dago, esaterako, Alvaro Iruin psikiatra (Donostia, 1959), Osakidetzaren Buruko Osasunaren Gipuzkoako Sareko zuzendaria. «Ezin gara ez dakigunaz mintzatu; Lubitz edo delako hori ez dut ezagutzen, ez dut inoiz tratatu, eta ezin dut esan zer gertatu zen; ezin dugu hitz egin ebaluatu ez dugunaz. Espekulazio bat besterik ez da dena, eta ez da horrela hitz egin behar», ohartarazi du. «Jende askok jokatzen du gizartean ezarrita dauden arauen kontra, buruko eritasunik izan gabe ere; politikari gorenak daude hor, eta gizarteko pertsona arruntak». Artegatasuna eragiten duten albisteak «ulertze aldera» buruko gaitzetan azalpena eta kausa bilatzera sarriegi jotzen dela uste du Iruinek, eta horren erakusgarritzat ditu, hain justu, egunotan irakurri dituen albisteak eta kazetariek azkenaldian egin dizkioten dei sarri-sarriak. «Igual, izango ziren 50. Eta argi esan dut ez dudala hitz egingo; ezin dut hitz egin ez dakidanaz», nabarmendu du. «Egia da: noizean behin, buruko eriren batek bortxazko ekintzaren bat egiten du; baina indarkeriarekin lotutako berriak, bestela ere, egunero daude albistegietan».

Asteotako albisteek auzitan jarri dute, besteak beste, depresioak jotako pertsonak pilotu izan daitezkeen —Lubitz pilotuak eritasun hori zuela zabaldu da—; Alemaniako hainbat agintarik, hain zuzen ere, depresio larria duten pilotuei lanerako baimenak erretirarazteko bideak eskatu dituzte. Garraio ministro Alexander Dobridntek, ordea, horrelakorik ezin dela egin ohartarazi du; depresioa erruz zabaldutako gaitz bat dela nabarmendu du —Iruinen arabera, populazioaren %20k izan dezake inoiz depresioren bat—, eta gehienetan ondo sendatzen dela. Horregatik, medikuarengana jo, eta gaitzaz natural hitz egiteko gomendioa eman die ministroak eriei; deus ezkutatu gabe. Beste hainbat taldek, Lubitz pilotua gaixo agiria izanda ere lanean ari zela ikusita, osasun datuen gaineko «konfidentzialtasuna» hausteko salbuespenak eskatu dituzte pilotu, autobus gidari eta antzeko lanak dituztenentzat. Baina Alemaniako mediku elkarteek gogorarazi dute osagileen betebeharra dela konfidentzialtasun hori errespetatzea; eta gobernuak ontzat jo du legea lehengoan uztea.

Alfonso Apellaniz (Bilbo, 1958) medikua da, eta Laneko Medikuntza irakaslea EHUren Laneko Segurtasun eta Osasuna unibertsitate masterrean. Errealitatearekin lotura urria ikusten dio hark ere buruko gaixotasunei ezarri zaien zama astunari. Egia da buruko eri larriek arazo handiak izaten dituztela lanpostuak izan eta horiei eusteko —%5ek bakarrik lortzen dute, Fedeafesen arabera—, baina nahasmendu arinagoek pronostiko askoz ere hobea izaten dute gehienetan. «Buruko eritasunek, normalean, ez dute galarazten lana egiteko gaitasuna», azaldu du Apellanizek. Arazo asko gaixoaldiaren aro akutua gainditu, senda-agiria jaso, eta bestelako arazorik gabe pasatzen dira. «Ezin da esan buruko gaixotasun jakin bat izateagatik lan jakin bat ezin denik egin; pertsona bakoitzaren egoeraren araberakoa izango da, betiere. Milaka diagnostiko daude, eta neurri oso ezberdinetan erasandako eriak. Beraz, ezin da inor estigmatizatu gaitz bat duelako bakarrik; ezin da orokorkerietan erori», ohartarazi du. Depresioaren kasuan, hain justu, azaldu du gaitz horren ezaugarri agerikoa dela gaixoen heterogeneotasuna: «Graduazioa handia da sintometan, eta larritasunean».

Depresioa, antsietatea, estresa eta antzekoak zernahiri buruz hitz egiteko erabiltzen direla salatu du Iruinek, eta ezjakintasun handiz hitz egiten dela oro har gaitz psikiatrikoez. Ahalegin etsi bat ikusten du horren muinean, ezer onik ez dakarrena: «Eromenean bilatu nahi da ulertu ezin dena esplikatzeko bidea». Hautu antzua dela dio: «Ulertu behar dugu ez dakigula gauza batzuk zergatik gertatzen diren, eta horrekin bizitzen ikasi behar dugula».

Bat dator Yolanda Iglesias psikologoa (Donostia, 1969), buru gaixotasunen bat duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako Agifes elkarteko zuzendari teknikoa. «Haserretuta eta zapuztuta» irakurri ditu berak ere egunotako hainbat albiste. «Buruko gaitzak biolentziaren sinonimotzat hartzen dira». Datuek erakusten dute, ordea, buruko eriek ez dituztela, populazioaren datu orokorrekin alderatuta, portaera bortitz gehiago: «Gaiztakeria ez da buruko gaitzaren sinonimo. Hor badira zeloak, bekaizkeria, haserrea eta beste hainbat motibo». Ikuspegi horrekin gaitzok normalizatzeko ahalegina asko zailtzen dela dio; ezkutatzera egiten baita. «Jendeak oso ondo neurtzen du non eta nori eman arazo psikologikoen berri». Eta eritasunen «beldurra» handitu egiten du horrek: «Ezagutzen ez denaren beldurra».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.