Otoi! Bularrik ez Facebooken

Lander Muñagorri Garmendia / 2015-03-28 / 1.014 hitz

Facebookek kritika ugari jaso du bere erabiltzaileek argitaratzen dituzten argazki eta iruzkinak zentsuratzeagatik. Emakumeen bular biluzirik ezin da jarri, baina bularra ematen ari diren amen argazkiak onartzea lortu da duela gutxi. Europarako politika ezberdina agindu du.

Eskolako irakasle batek hartu du Gustave Coubert margolariaren Munduaren jatorria koadroaren irudia, eta Facebooken jarri du bere ikasleekin partekatzeko. 1866. urtean margotutako lanean emakume baten alua ikusi daiteke lehen planoan, eta arrazoi horregatik sare sozialak argazkia kendu du irakaslearen profiletik, eta baita bere kontua blokeatu ere. Haserretu da irakaslea, eta sare soziala auzitara eraman du. Kasua gainetik irakurri du Jesus Soler abokatuak, baina, hala ere, berehala esan du ezer gutxi lor dezakeela Facebooken aurka, «epaitegi batek irakasleari arrazoia eman diezaiokeen arren ondoren ezin duelako epai hori aplikatu». Facebook ez dago Frantzian, AEBetan baizik, eta Europatik doakion epai bat ez dauka zertan bete.

Adibide soil bat da hori, baina agerian uzten du azken boladan sare sozialari Europak egin dizkion kritikak. Hain zuzen, Facebookek bere erabiltzaileek jartzen dituzten argazki eta iritziak ezabatzeko eskubidea dauka, eta horregatik izan da salaketen jomuga. «Erabiltzaileek Facebookeko profil bat zabaltzen dutenean eurek jartzen dizuten baldintzak onartzen dituzte, eta bertan sare sozialak bere buruari argazki edo aipamenak kentzeko ahalmena ematen dio». Zehatzago esatearren, gorputz biluziak azaltzen diren argazkiak, gorrotoa susta dezaketen aipamenak, terrorismoa goratzen dutenak edo jazarpen kutsua izan dezaketen edukiak kentzeko eskubidea dauka sareko erraldoiak. Eta orain dela gutxi arte, haur bati bularra ematen ari zen emakumeen argazkiak ere kentzen zituen sare sozialak. Kritikak areagotu egin ziren, eta baimendu zituen argazki horiek. Europan soilik, ordea.

«Bi kultura ezberdinen arteko talka bat dago kontu honen atzean, AEBetako ikuspegitik haur bati bularra ematea iraingarria izan daitekeen bitartean, Europan erabat normala izan daitekeelako ekintza hori», azaldu du Solerrek. Gaur egun, oraindik, Facebookek bere edukiak baimentzeko erabiltzen dituen politikak AEBetako gizartearen ikuspegitik edaten dute, eta horregatik aipatu du abokatuak kultura ezberdinen arteko talka hori. Baina sare sozialak ez ditu Europako bezeroak galdu nahi, eta kontinenterako beste politika bat erabiliko duela aurreratu du.

Jarrera zabalagoa izango dezake, baina gaur-gaurkoz, oraindik, «ikuspegi kontserbadorea dauka Facebookek», June Fernandez Pikara aldizkari feministako kidearen arabera. «Gizartean gertatzen den bezala, emakumeen irudia oso sexualizatuta dago Facebooken ere, arreta deitzeko erabiltzen delako. Baina norberak hala nahi duenean biluzik agertzen denean, hori zigortu eta kendu egiten dute». Fernandezek dio ikuspegi horrek mugak jartzen dizkiela feministei euren jardunean, baina, era berean, badakite sare soziala euren lanak zabaltzeko tresna baliotsua dela. Facebookeko arauek, ordea, aldarrikapenerako tresna garrantzitsuenetako bat kentzen die: gorputza.

Eta adibideak bata bestearen atzetik datoz. Proyecto Kalho egitasmoak Emakume tigreak izeneko argazki sail bat jarri zuen Facebooken. Hor, hainbat emakumek euren larru ildoak erakusten dituzte, baina sare sozialak kendu egin ditu irudi horiek. Facebooken menpe dagoen Instagram plataforman, bestalde, Rupi Kaur poeta pakistandarrak bere hilerokoa erakusten duen irudiak ere kendu dituzte. Argazki horietako batean, emakume bat ageri zen pijama jantzita, bizkarrez ohean etzanda, eta galtzetan odol orban bat ikusten da. Eta hori izan da argazkiak kentzeko arrazoia. «Haien ustez, hilerokoa zikina, bortitza edo pornografikoa da. Baina, guretzat, argazki horiek zentsuratzea oso larria da, gure gorputza naturalki erakusteko aukera murrizten digutelako». Fernandezek adierazi du gizartearentzat estigmak diren irudiak zentsuratzen dituztela oraindik.

Argazki horiek zabaltzeagatik Facebookek zenbait profil itxi dituela azaldu du, baina kontrara gutxitan gertatzen da. «Feministas Ácidas izeneko profil bat bazegoen, eta egiten zituen aipamenengatik etengabe ixten zioten kontua. Behin betiko itxi ondoren, Machistas Ácidos izeneko bat zabaldu zuten, eta, bertan, genero indarkeriari gorazarre egiten zitzaion. Behin baino gehiagotan hura ixteko eskatu den arren, Facebookek hau erantzuten zuen: «Ez dugu profil horretan arazorik ikusten».

Iruzkinengatik, atxilotu

Argazkiak argitaratzeko politikaren eraginez kritika ugari jaso ditu Facebookek, baina beste hainbeste iritsi zaizkio iruzkinak zentsuratzeagatik. Alde horretatik, iritzi argia dauka Jon Gomez Garai sare sozialetako adituak. «Facebooken sarrera orrian argi eta garbi jartzen du: ‘Doakoa eta beti izango da’. Baina mundu honetan ezer ez da doakoa». The Guardian egunkariak 2008an argitaratu zuenaren arabera, urte hartan sare sozialak 27,5 milioi dolar jaso zituen CIA inteligentzia agentziaren eskutik. «Alegia, espioitzarako sekulako tresna da Facebook». Urtebete geroago, Barack Obama AEBetako presidenteak ere bere herritarrak ohartarazi zituen argitaratzen zutenarekin tentuz ibiltzeko: «Egiten duzuen edozer gauza zuen bizitzan atera daiteke ondoren». Beraz, adierazi du sare soziala erabiltzeko garaian aintzat hartu behar dela informazio hori guztia nora doan. Horretan aritzen da bera ere, sare sozialen inguruko hitzaldiak eskaintzen baititu gazte eta nerabeentzat. «Ez nago Facebooken aurka, baina jakin beharra dago zer egiten den bertan».

Baina informazioa biltzeak zer ikusia izan dezake zentsurarekin? «Sare sozialek erabiltzaileak kontrolatzen dituzte, eta gobernuek informazio hori erosten dute». Beraz, sistemaren barruan sartzen ez den iruzkin, argazki edo aipamenak kanpoan uzten direla ondorioztatu du Gomez Garaik: «Biluzik edo erdi biluzik dauden argazkiak zentsuratzen dituzte, baita euren sistemaren aurkako iruzkinak ere. Lotsagarria da, baina horregatik beragatik egiten dute, ez delako pentsamendu bakar horren barruan sartzen». Bestela, ez du ulertzen sare sozialak zergatik dauden debekatuta erregimen totalitario batzuetan, edo zergatik atxilotu izan diren txiolariak Euskal Herrian. Azken kasu horrekin ere feministen profilekin bezala gertatzen dela salatu du. «Sistemaren aurkako iruzkinak egiten dituztenei poliziak bidaltzen zaizkie, baina beste aldekoei ez zaie ezer esaten. Batzuentzat balio duen neurriak ez bu balio beste aldekoentzat».

Hain zuzen ere, gaur egun Facebook eta sare sozialak herriko plaza baino gehiago bihurtu direla uste du Gomez Garaik, eta gobernuek eztabaidaguneak kontrolatu nahi dituztelako dago halako kontrola espazio horietan. Horregatik, sare sozial horien barruan adierazpen askatasunaz hitz egitea paradoxikoa izan daitekeela dio Solerrek. «Hitz egin daiteke adierazpen askatasunari buruz, noski, baina, betiere, haien mugen arabera. Hain zuzen, haiek direlako salatzaile eta epaile». Eta, horregatik beragatik, askotan «ez da jakiten zer argitaratu daitekeen eta zer ez», Solerren arabera. «Haiek euren irizpideak dituzte ohorearen eta duintasunaren inguruan, baina horiek ez dute balio mundu osorako». Gainera, erabiltzaileak sare sozialarekin kontratu bat sinatzen du baldintzak onartzen dituen unetik beretik, eta, horregatik, bide judiziala alferrikakoa dela uste du. «Zer egin daitekeen? Presioa egin. Mendeetan onartua izan den Miguel Angelen eskultura baten argazkia kentzeak ez dauka zentzurik, baina hori horrela izan dadin beste aukerarik ez dago», dio. Oraingoz, Europarako legedia aldatu egingo dute, baina, gai horretan, mesfidantza dute hiru elkarrizketatuek. «Bularra ematen ari den amaren irudia onartu izana aurrerapauso bat da, baina mugak oraindik ez dira batere argiak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.