Pertsonaia. Mikel Peruarena Ansa. 111 Akademia Saria jasoko du

Igor Susaeta / 2015-04-17 / 332 hitz

Mikel Peruarena Ansa idazle eta BERRIAko kazetariak (Ereñotzu, Hernani, 1978) irabazi du 2014ko 111 Akademiaren Saria, Su zelaiak liburuari esker (Susa). I. Mundu Gerran, Gerla Handia edo 14ko gerra deiturikoan, Ipar Euskal Herriko 6.000 lagun hil ziren. Haiek eta haien familiako kideek, lagunek eta bestek bizitako errealitate harrapaezin eta kaotiko hura kontatzen du, «errukirik gabe», Peruarena Ansak. Guztira 195 akademiakidek eman zezaketen botoa sariketan, eta irabazlearen nobelak Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez (Elkar) ipuin bildumak baino hiru boto gehiago jaso ditu. Maiatzaren 7an emango diote saria, Andoaingo Bastero kulturgunean.

Urtarrilaren 20an zabaldu zen sarirako lehenengo bozketa txanda, eta iazko libururik gogokoenaren aldeko botoa emateko eskatu zitzaien akademiakideei. Arautegiaren arabera, lehen txandan obra batek botoen %30 bereganatu behar ditu saria jasotzeko. Ez zen, ordea, halakorik gertatu. Iñigo Aranbarriren Apirila liburuak (Susa) eta Zalduaren eta Peruarena Ansaren lanek izan zuten boto gehien, kopuru berarekin. Haien atzetik oso gertu geratu ziren Irati Goikoetxearen Andraizea (Erein) eta Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa (Susa). Hortaz, arautegiak dioenari jarraituz, akademiako batzorde eragileak bigarren txandara pasatu zituen lehen saioan boto gehien jaso zuten bost obra horiek.

Martxoaren 8a baino lehen bost horietako baten aldeko botoa bidaltzeko eskatu zitzaien akademiakideei. Bigarren txandan jasotako botoen %40 bereganatu balitu obra batek, huraxe izendatuko zuketen 2014ko saridun; ez zen, ordea, kopuru horretara iritsitako lanik egon. Hortaz, berriz ere arautegira jo, eta boto gehien jaso zuten bi liburuak finalera pasatu zituzten.

Orain pare bat aste jakin zuen irabazleak finalistetako bat zela, eta «harriduraz» jaso zuen berria. «Ez zait iruditzen oso literatura erraza denik egin duguna, narrazioak ez baitira oso konbentzionalak, ez direlako ixten, istorioak gogorrak direlako…». Pentsatzen du «erraz eta arin» irakurtzen diren liburuak direla, batez ere, gomendatzen direnak, eta horrela irakurlea «umetzeko» arriskua dagoela. Baina, aldi berean, badaki jendea ahalegin bat egiteko prest ere badagoela. «Hori erakusten du sariak». Sari berezia da, egilearen iritzian, akademiakideek erabakitzen dutelako garailea: irakurleek beraiek, alegia.

Azken hiru aldietan, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (2014), Ramon Saizarbitoriaren Martutene (2013) eta Harkaitz Canoren Twist (2012) saritu dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude