Umeen ahotsa argitara

Oihan Vitoria / 2015-04-17 / 304 hitz

Haurren parte hartze aktiboa bultzatzeko bost liburuxka plazaratu dituzte.
‘Herri hezitzailea, eskola herritarra’ lantaldeko eragileek ondu dute lana.

Parte hartze prozesuak egiten direla, baina herri ugaritan haur eta nerabeen iritzia ez dela aintzat hartzen, uste hori dute aisialdi «parte hartzailea, herritarra, euskalduna eta hezitzailea» garatzen dabiltzan zenbait eragilek. Hezkuntza beste era batean egin daitekeela sinetsita, haurren neurriko egitasmoak abiatu nahi dituzte, gazteen kezkak erdigunean jarrita. Hutsunea estali eta aisialdi eredu berri bat proposatzeko, bost liburuxka atera dituzte Herri hezitzailea, eskola herritarra taldea osatzen duten eragile anitzek.

Umeen parte hartze «aktiboa» bultzatzeko haritik tiraka atondu dituzte, honako gai hauen bueltan: zelan sustatu haurren parte hartzea ikuspegi feministatik, zelan egin ludoteka parte hartzaile bat, zelan egin udaleku parte hartzaileak eta zelan biziberritu parkeak. Sorguneak ikertegiko Lorea Agirrek eta eragileek berek hartu dute liburuxkak taxutzeko lema.

Haurrei erabakitzeko benetako ahalmena eman nahi dietela azaldu du Euskaltzaleen Topaguneko Sonia Perezek, eta esku hartzeko premia nabarmendu: «Ez da aski eskariak entzunda; haien iritziei bide ematen saiatu behar dugu».

Poza oinarri, heztea xede, zazpi printzipiotan mamitu dute taldeak proposatutako aisialdi eredua. Txatxilipurdi aisialdi elkarteko Maialen Gorosabelek eman ditu xehetasunak: «Haurrek eraikitako aisialdi euskaldun, hezitzaile eta parekidearen bidetik, haurren kultura aitortu, parte hartzea bermatu eta auzolana indartzeko xedea dugu, harreman sare osasuntsu, justu eta asegarriak josteko».

Gaur zortzi, jardunaldiak

Aisialdia, hezkuntza, euskalgintza, administrazio publikoa… Esparru anitzetako eragileak biltzen ditu lantaldeak. Hain justu, aniztasun horrek egitasmoa «aberasten» duela nabarmendu du Perezek: «Elkar elikatzeko beta ematen digu horrek». Horren isla dira gaur zortzi Donostiako Kursaalean egingo dituzten jardunaldiak.

Zortzi herritan martxan jarriak dituzte proiektu hezitzaileak: Gipuzkoan, Arrasaten, Soraluzen eta Donostiako Egia auzoan; Araban, Agurainen; Bizkaian, Otxandion eta Diman; Nafarroan, Baztanen; Nafarroa Beherean, Baigorrin. Emaitza onak lortu dituztela ziurtatu du Perezek. Haren hitzetan, taldearen izaerari eustea izan da gakoa. Lekuan lekuko egitasmoen autonomian sinesten dute: «Dagoena ordezkatzea ez; ez dagoen tokian sortzea nahi dugu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.