Zer da antzerkia?

Ander Lipus / 2015-04-19 / 683 hitz

Eduardo Galeanoren esaldi hau irakurri dut txio batean: «Gai izan behar dugu begiratzea merezi duten eta begiratzen ez diren gauzei so egiteko, beste mundu posible horretara eramango gaituzten gauza txiki horiez jabetzeko».

Hamar urte daramatzat Aulestiko Urregarai eskolan antzerki klaseak ematen. Ikasturteko hiruhileko bakoitzean, bi goiz hartzen ditut eskolan antzerkia irakasteko. Horretaz gain, behar badira gauza bereziak prestatzen ditut eta ekintza ezberdinetan parte hartzen dut: herriko eskultura batzuen inaugurazioan, bestelako ikasketen alorretan zerbait espezifikoagoa indartzen, eta abar. Ederra litzateke antzerkia eta dantza curriculumaren barruan egongo balira, eta antzerki irakasle kualifikatuek soldata duin bat izango balute. Ofizioko lagun asko ezagutzen ditut haurrei antzerkia irakasten dabiltzanak, eta askotan nahiko egoera prekarioan egiten dute lan. Ez dago inolako babesik eta ez dago hori kudeatzeko estruktura egonkor eta bateragarririk eraikia. Baina tira! Hori beste bataila bat da. Bat gehiago, baina ez edonolakoa! Kulturaren eta diziplina artistikoen lanketak eta ezagutzak on egiten baitio hezkuntzari eta, oro har, gizarteari. Nire kasuan, ordea, nahiz eta ordu curricularren barruan sartu, nire klaseak ez ditut alor pedagogikotik lantzen. Antzerkia transmisio bezala ulertzen dut, eta hala bizi dut. Ez naiz irakaslea sentitzen, aktorea baizik. Herriko komediantea.

Udaletxeko ganbaran bada antzoki txiki bat eta bertan ematen dizkiet klaseak. Bost urtetik hasi eta hamabi urte bitartekoei. Umeek ez didate ez Ander eta ez Lipus deitzen, Anderlipus, betiere izena eta abizena ondo markatuz. Eta sarritan hiru aldiz errepikatuz: Ander Lipus, Ander Lipus, Ander Lipus. Pentsatzen dut bitxia egiten zaiela nire izen artistikoa.

Talde bat datorrenean, jada kaletik entzuten da euren azantza, euren gogoa antzerkian aritzeko, euren poza. Hasteko, ikasle guztiei nola dauden galdetu, zertan ari naizen edota ari diren aipatu eta oholtza gainera igotzeko eskatzen diet. Gorputz beroketarekin hasten gara: masajea, luzaketak, erlaxazioa, arnasketa eta gorputzaren kontzientziazioa lantzen da. Gero, hainbat teknika erabiliz ahotsa lantzen dugu: ahoskatzea, proiekzioa, modulazioa, intonazioa, ahotsaren bidezko emozioen azaleratzea. Ondoren, talde dinamikarako ariketak: espazioa, memoria sentsoriala, arnasa, jauzia, indarra, jolasa, begirada, erritmoa, animalizazioa, oreka, koordinazioa, ahozkotasuna, maskara… Eta bukatzeko, antzerkiaren unea iristen da. Horrekin zoratzen dira! Inprobisatzearen bidez istorio bat kontatzea eskatzen diet. Taldeka jartzen ditut, eta, nik emandako gai eta jarraibideekin, beraiek sortu behar dituzte istorioak era librean. Adibidez, familia istorio bat. Edo animaliena. Edo bakardadeaz aritzen gara. Edo maitasunaz.

Beste egun batzuetan antzerkiaren beste adar batzuei ematen diegu garrantzia. Adibidez, makillajeari. Edota jantziei. Eta paperezko jantziak egiten ditugu. Beste batzuetan, zapi batekin begiak estali eta herria beste era batean ezagutzeko aukera izaten dute haurrek. Eta nagusiagoak direnei, LH 5-6 taldekoei, antzerki teoria ere ematen diet. Shakespeare edota Brecht nortzuk ziren azaldu, edo ekialdeko antzerkiaren ezaugarriak, panpinen eta txotxongiloen mundua, eta gurean egiten den eta egin izan den antzerkia: libertimenduak, maskaradak eta pastoralak, Gabriel Aresti edo Piarres Lartzabalen teatroa edota Joan Antonio Mogelen Peru Abarka.

Egia bilatzen duen gezurrezko artefaktua da niretzat antzerkia. Gauza txiki on askotarako balio du antzerkiak, eta merezi du. Ezagutza zabaltzeko, imajinazioaz gozatzeko, erlazioak indartzeko, komunikazioa bizitzeko, adierazpena erakusteko, magiarekin aurkitzeko, konfiantza lantzeko, sormena gauzatzeko, pentsamendua eraikitzeko, jakin-mina bilatzeko eta beste mundu posible horretara eramango gaituzten gauza txiki horiez jabetzeko.

Zuentzako, zer da antzerkia? Marrazki bat eta idazlan bat egiteko eskatu diet ikasleei. «Nire ustez, antzerkia ipuinetako pertsonaiak eta ipuina bera ere modu errealean kontatzea da, hau da, benetan gertatu balitz bezala. Antzerkietan ez da benetako autorik ez motorrik. Antzerkietan kartoi zati handiak erabiltzen dira margotuta. Etxea egin behar duzunean ez da egiazko etxea erabiltzen. Hori bai, eserlekuak behar dituzunean benetakoak erabiltzen dira». Ez dakit nork idatzi didan hau, izena jartzea ahaztu zaio, baina uste dut Garazi izan dela. Oierrek ere argi azaldu digu berarentzat zer den antzerkia. «Antzerkia da pertsonak beste pertsonen barruan egotea, eta jendea ondo pasatzeko dago antzerkia. Antzerki batzuetan, jendeak ikasten du. Antzerki batzuetan, pertsonaiak mozorrotu egiten dira. Normalean, eszenatokian egiten dira antzerkiak, beste batzuetan ere kalean, eskolan…». Banan-banan, eskolako artistek antzerkiaren inguruko gogoeta interesgarriak eta marrazki ederrak oparitu dizkidate. Zelako perlak!

Durangoko plateruek, De la Fuente anaiek kantatu zituzten koplak gogoratu ditut: «Ez diamante ez perla ez urregorriric, alegrantzija baño ez dago oberic!». Izan ere, «zer da antzerkia?» galdera pausatu diedanean, eskua altxatu eta zera erantzun dit Nilek, sei urteko neskatoak: «Danak ipintxi pozik». Ba, hala bada, bejondeiola antzerkiari! Biba antzerkia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.