Bateria, etxea kargatzeko

Iker Tubia / 2015-05-16 / 714 hitz

Aurki merkatura aterako dira etxeetako bateriak, norberak etxea energiaz hornitzeko aukera izan dezan. Ez dago argi legeak oztopo izanen direnetz.

Ez da asmakizun berria, baina bolo-bolo dabil orain etxeetako baterien afera. Izan ere, Tesla markak udan aterako ditu merkatura, eta dagoeneko 38.000 eskari egin dituzte. Bateria bat da, baina ez sakelakoa kargatzeko, etxea energiaz hornitzeko baizik. Energia berriztagarrien aldekoek, batik bat, begi onez ikusi dute asmakizun horren merkaturatzea. Hala ere, litekeena da energia enpresa handiek kontra egitea. Alde horretatik, Hego Euskal Herrian halakoak erabiltzeko arazoak izan daitezke Espainiak onartu nahi duen errege dekretuarekin.

Bateria horiek etxeetako energia gorde egiten dute. Noski, bateriak berak ez du energiarik sortzen; beraz, energia iturri bat behar du bere burua kargatzeko. Iturri hori eguzki plakak dira, markak haren webgunean azaldu bezala. Hala, etxeko bateria eguzki plakara konektatuta legoke, eta eguzkiak jotzen duen orduetan jasotako izpiak, energia bihurtu ondoren, baterian gordeko lirateke. Gero, inbertsore baten bitartez, energia etxeko argiek eta gailuek erabiltzeko moduko energia bihurtzen da.

Bateria horiek eguzki izpietatik jasotako energia behar gehien dagoen momentuetan —eguzkirik gabekoak— erabiltzeko aukera ematen dute. Bestetik, etxeko energia kontsumoa baxua den momentuetan erabiltzen ez den energia gorde dezakete, beste momentu batean erabiltzeko.

Teslak iraultza irudikatu nahi izan du, baina Veronica Palomaresek albistea neurriz hartzea gomendatu du. Baterien alorreko ikerlaria da EHUko kimika ez-organikoko sailean. Ez du ukatu garrantzitsua denik, aitzitik: «Garrantzi handia du, batik bat, eremu bakartuetan argindarra mozten denean energia hornidura errazteko, baita etxean eguzki plakak dituztenek zuzenean sarera konektaturik ez egoteko ere». Izan ere, gaur egun eguzki plakak dituztenek handik eskuratutako energia sare orokorrera bidali behar dute, eta gero sareak berriz eskaintzen die.

Bateriek hiru abantaila nagusi dituzte: larrialdietan energia izatea, argia mozten denean energia hornidura izatea eta energia aurrezteko aukera. Azken hori, energiaren prezioa orduen araberakoa den kasuetan batik bat. Izan ere, ordurik baxuenetako energia kontsumoa garestien den momentuetan erabiltzeko gorde dezake. «Beste kontu bat litzateke norberak lortutako eguzki energiarekin etxerako aski izatea, batik bat bizi zaren tokiaren arabera», gaineratu du Palomaresek. «Hornidura osoa lortzekotan, erabateko iraultza litzateke sare nagusiaren menpe ez egotea. Sare horregatik denek ordaintzen dugu, eta ez soilik erabileragatik».

Eguzkia ez da arazo bakarra, dena den. Izan ere, hainbat kontsumitzaile elkartek gogorarazi dutenez, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxeko bateriei oztopoak jarriko dizkietela pentsatzeko zantzuak daude. Hain zuzen ere, energia konpainiek sustatutako eguzkiaren zerga deitutakoagatik. Espainiako Gobernuak autokontsumorako errege dekretuaren barruan sartu du, nahiz eta oraindik onarturik ez dagoen. Horren arabera, autokontsumorako sistemak dituztenek zerga ordaindu beharko lukete, betiere sare nagusiari lotuta badaude.

Materialekin gorabeherak

Espainiako Energiaren Batzordeak zerga hori bertan behera uzteko eskatu zuen, euren energia sortzen dutenak diskriminatzen dituelakoan, eta nork bere energia sortzeko proiektuak bidera ezin egiten dituelakoan. «Kasu horretan erabilgarritasun nagusia energia aseguratzea litzateke, erdi bakarturik biziz gero edo mozketak izanez gero». Palomaresek ere argi ikusten du azken urteetan norbera bere horniduraz arduratzeari oztopoak jartzen ari zaizkiola, adibidez, eguzki plakak sare orokorrera konektaturik egotera derrigortuta.

Euskal Herritik kanpo, baina, are erabilgarriagoa izan daitezke etxeko bateriak. Palomaresek eguzkiak gehien jotzen duen tokiak aipatu ditu; adibidez, Saharaz hegoaldeko Afrika aipatu du. «Eremu horien garapena ahalbidetu dezake, eta bertan eragin handia izan zezakeen. Baina ikusi beharko litzateke zer kostu duen eta zein neurritan jar daitezkeen». Bestalde, AEBetako eremu batzuetan oso errentagarria izan litekeela uste du ikerlariak: «Biztanleria sakabanaturik dago, herrigune txikiak daude eta basamortu eremuak dituzte, eta hor garrantzi handia izan dezake; merkatu ona izan daiteke».

Bada beste arazo bat litioko baterien alorrean beti agertzen dena: zenbat egin daitezkeen. Etxeko zein auto elektrikoetako bateriak handiak dira, eta material asko behar da horiek egiteko. Material horien kostua handia da, eta, gainera, baliabide mugatuak izaten dira. «Ioi litio sisteman aspaldi hasi dira alternatiben bila, auto elektriko multzo handi bat egiteko litio aski ez dela izanen aurreikusi dutelako, edo gutxienez, zaila izanen litzatekeelako kopuru hori lortzea».

Baina badira alternatibak. Adibidez, Japonian, sodio sufre bateriak erabili izan dituzte, baina horiek bateria handietarako lirateke. Litio sufrea ere erabili izan da. Bestalde, sodio ioi bateriak ikertzen dabiltza. «Gehiago dago eta merkeagoa da», azaldu du EHUko ikerlariak.

Arazo horiei aurre eginez gero, ikusteko dago etxeko baterien iraultza zenbatekoa den. Teslaren sistemak 3.000 euro balio du, instalazioa eta bihurgailua kontuan hartu gabe. Nork bere hornidura izateko, orduko 7 kilowatteko bost bateria beharko lituzke. Aurrera urratsa badela dio Palomaresek, eta garrantzitsuena zera da: «Berriztagarriei onura handiena ateratzeko modua energia behar duzunerako gordetzen duten sistemak dira».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.