Ikasleez ikasten dena

Iñigo Astiz / 2015-05-22 / 456 hitz

Jon Kortazarrek zuzenduta eta zazpi literatura ikasleren ikerketak batuta osatu dute ‘Gizartea eta Artea haur eta gazte literaturan’ liburua.

Ideal klasiko bat da kasik, eta Jon Kortazar literatur ikerlariak berritu du oraingoan: ikaslea eta irakaslea, biak aberasten ditu irakaskuntza prozesuak. Ideia hori dago Gizartea eta Artea haur eta gazte literaturan liburuaren oinarrian. Izan ere, Jon Kortazarrek Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan ikasle izandako zazpi ikerlariren lanak biltzen ditu liburuak. Iaz azken kurtsoa egindakoak dira denak, emakumezkoak guztiak, eta haien lanek haur eta gazte literatura dute abiapuntu. Erroa argitaletxeak kaleratu du lana, eta Kortazarrek zuzendu du bilduma. Liburuko hitzaurrean datoz haren hitzak: «Irakaskuntzan, eta batez ere literaturen irakaskuntzan ari garenok, badakigu jakin gure ikasleen trebezia handia dela, eta adi egon behar dugula, nekatu gabe, ikasleen irakurketak eta horiei buruz dituzten iritziak haiengandik entzun eta jasotzeko, elkarrekin egiten dugun elkarrizketak aberasten baikaitu».

Aurrez ere, koordinatuak ditu Kortazarrek ikasleen testuetan oinarritutako bi lan, eta haien segida gisa aurkezten du oraingo lana ere. 2012an argitaratu zuen Utriusque Vasconiae argitaletxeak Euskal prosa aztertuz. Kritiko berrien ahotsa liburua, eta EHUk atera zuen Euskal prosa aztertuz. Kritiko berrien ahotsa II lana 2013an. Eta bi liburu horiek hasitako hariaren jarraipena da oraingoa, koordinatzailearen hitzetan.

Kritika kulturala

Bada alderik, ordea. Izan ere, literatura garaikidea zuten ardatz aurreko bi lanek, eta haur eta gazte literatura da azken bildumaren gai nagusia. Koordinatzaileak dioenez, gainera, zabaldu egin da ikerlariek azterketa egiteko erabili duten ikuspegia. «Ez dago ukatzerik ipuinak, kontakizunak -eta, beraz, literatura- hartzen dituztela oinarri gisa, baina haietara hurbiltzeko bidea ez da jada soilik narratologia eta kritika literarioa; kritika kulturalean, ikerketa kulturalean sartu dira». Artikuluz artikulu ikusten da hori. Resurreccion Maria Azkue ikerlariak jasotako ipuinetan emakumeez ematen den irudia aztertu du Amaia Oleagak, esaterako. Baina ez da berea genero gaiak presente dituen testu bakarra. Mariasun Landa idazlearen eleberrietan emakumezko pertsonaia protagonistek duten irudia aztertu du Helene Jauregik, eta egungo euskal haur eta gazte literaturako familia ereduak aztertu ditu Sandra Martinezek.

Baina Kortazarrek aurreratu bezala, ez du literatura soilik aztertzen liburuak, eta Artea izendatutako liburuaren bigarren atala da horren froga. Badira literatura aztertzen duten bi lan bertan: Kirmen Uribek idatzitako haur eta gazte literatura lanen balioaz mintzo den Nerea Larruzearena da bata, eta Jon Arretxe idazlearen Zazpi kolore liburuan literaturaren eta beste arteen arteko elkarrekintza aztertzen duen Arrate Santiagorena da bestea. Baina bestelako diziplinei eskainitako ikerketak ere badaude. Miguel Gallardo komikigilearen Maria eta biok komikia aztertu du Mercedes Mendibek haur hezkuntzetako geletan inklusiorako baliabide gisa, eta Peter Pan liburuaren zinemarako moldaketari buruz idatzi du Aitziber Hermosok.

Hermoso aritu da liburuko parte hartzaile guztien izenean, eta egileen poza azaldu du aurkezpen ekitaldian. «Urtebeteko lanaren aitortza hau oso garrantzitsua da». Gurutze Ezkurdia irakasleen eskolako zuzendaria ere baikor mintzatu da ikasle izandakoen lanen harira. «Hainbatek badauka euskal kulturaren ardura barneratuta».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.