Iturrigorri eta Bellotzako parajeak

Mikel Arrizabalaga / 2015-05-19 / 427 hitz

Iturrigorri eta Bellotzako baso eta zelaiguneek eskaintzen dituzten aberastasunen artean, kortarri edo haustarriak daude.

Arantzazuko Santutegiaren aurrean dagoen plazatik abiatu, eta, gure ezkerrera dagoen Goiko Benta atzean utzi eta gero, Sindika ostatuaren ondora helduko gara. Urbiara igotzeko, ohiko bidetik egingo dugu aurrera PR GI-3005ari dagozkion bide-seinale zuri-horiek erakusten diguten norabidean. Metalezko langa baten ondora iristean, Urbiara doan bidea utzi, eta basoan zehar zabaltzen den pistatik jaisten hasiko gara. Gure eskuinean, Arantzazu erreka — behean— eta Gazteluaitz tontor bikaina — goian— ikusiko ditugu. Pagadi trinkoek eskaintzen diguten itzalpean erraz egingo dugu bidea, eta, porlanezko zubitxo bat gainditu ondoren, futbol zelai bat ikusiko dugu, eta segidan beste batzuk.

Iturrigorriko lurretan, Arantzazuko frantziskotarren apaizgaitegiko ikasleek lursail hauek futbolerako eta beste kirol batzuk egiteko moldatu zituzten XX. mendearen lehen hamarkadetan. Gaur egun, isiltasuna da nagusi paraje hauetan, eta herdoildutako ateak bakarrik geratzen dira garai haietako lekuko gisa. Azken zelaiaren ondoan, iturria aurkituko dugu. Aurrera jarraitu, eta, bi zubi igaro ondoren, bidegurutze batera iritsiko gara. Guk eskuineko bidea aukeratuko dugu, balizatuta dagoena. Malda pikoari eutsi, pagadia atzean utzi, eta berehala pinudi batean sartuko gara. Arrionako lepora iristean, bidegurutze batekin egingo dugu topo.

Eskuinera doan bidea hartuko dugu; baina, lehenago, pinu artean dagoen pago bakar baten ondoko Arrionako kortarria ikusteko aukera izango dugu. Harri hauek kortabasoak eta saroiak zehazteko erabiltzen ziren. Kortabasoak antzinako lur banaketak dira, abereentzako larre partikularrak. Haustarri eta artamugarri izenez ere ezagunak dira. Pinudian zehar, behera egiten hasiko gara, eta, pinudia amaitzean, pagadi bikain batean murgilduko gara. Bidezidorrak basoa zeharkatzen du, eta, behera heldu aurretik, berriro pinudi batean sartuko gara. Errekasto pare bat gainditu, eta, bat-batean, ikuspegia erabat zabalduko zaigu. Mendi artean oasi berde bat aurkituko dugu, eta, inguruan, kareharrizko haitz erraldoiak eta baso trinkoak. Pista zabal batek bitan zatitzen ditu lurrak, eta bertatik jarraituko dugu alanbrezko hesiaren paraleloan.

Bide erdian gutxi gorabehera, gure ezkerrera eta egurrezko ataka gainditutakoan, Bellotzako kortarri berezia aurkituko dugu, bi zelai banatzen dituen alanbrezko beste hesi baten ondoan. Pistaren beste aldean, Erbizaskun mendiaren magalean kokaturik, Bellotza baserria ikusiko dugu. Bitoriano Gandiaga frantziskotar eta poeta ezagunak kontatuta, inguru hauek Santa Kruz apaizaren gordelekua izan omen ziren. Laster utziko dugu atzean paraje eder hori, eta, porlanezko pistara jaistean, haizpitarte bat zeharkatuko dugu zubi baten ondora iristeko. Puntu honetan eskuinera, maldan gora ateratzen den zidorretik, Arantzazuko aparkalekuraino igoko gara. Desnibela handi samarra da, baina bidea ondo zainduta dago; sigi-sagan, erraz lortuko dugu abiapuntura iristea. Bide batez, euskal arte garaikidearen ikur nagusienetakoa den santutegia eta bere altxorrak bisitatzeko aukera baliatuko dugu. Aipatzekoak dira Jorge Oteizaren eskultura harrigarriak, Xabier Alvarez de Eulateren beirate modernoak, Nestor Basterretxearen margoak eta Lucio Muñozek egindako erretaula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude