Lurrikarak: noiz hurrengo handia?

Koldo Nuñez / 2015-05-24 / 222 hitz

Nepalen, 7,8 indarreko sismoak triskantza handia sortu zuen apirilaren 27an Katmandun. Astebete lehenago, bertan hainbat geologo eta geofisiko bildu ziren eskualdean megalurrikarak gertatzearen probabilitatea aztertzeko, eta esan zuten oso probalitate handia zegoela Nepalen laster sismo handi bat gertatzeko. Hala ere, noiz eta non joko zuen ezin izan zuten zehaztu. Izan ere, Indiako plaka aspaldi batean gutxi edo batere ez zen mugitzen iparralderantz Nepaleko hainbat tokitan; alegia, blokeatuta zegoela ohartarazi zuten, eta, hortaz, edozein momentutan aurrera egin behar zuela lurrikara handi batean. Asmatu zuten. Katmandu bezala, munduan badaude beste hiri handi asko arriskupean: San Frantzisko, Los Angeles, Tokio, Osaka, Caracas, Lima, Bogota, Mexiko, New Delhi, Karatxi, Jakarta, Istanbul, Teheran eta beste hainbat. Lurrikaren arriskua failen arabera neurtzen da, eta aipatutako hirietatik gertu faila handiak ezagutzen dira. Horiek aztertuta, aurreikuspenak egiten dira, baina, maiz, okertu egiten dira zientzialariak oraindik.

Esaterako, 2011n Japonian jo zuen sismoak. Askoz hegoalderago espero zen, gertatu zen tokitik urrun, eta 7 edo 8 indarrekoa, inoiz ez 9koa. Orain, hurrengoaren zain daude: Tokai lurrikara, Tokiotik 160 bat kilometro hegoaldera. Noiz joko du? Kalifornian ere, zain daude San Andreas failaren hegoaldean. Eta munduko beste toki askotan. Oraindik ezin da esan noiz gertatuko diren. Gainera, hainbat lurrikara aurretik ezezagunak ziren failetan gertatzen ari direla ikusten ari gara. Alegia, gure ezagutza tektonikoa oraindik oso murritza da, eta espero ez diren tokietan ere gerta daitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.