Politikoa eta pertsonala

Estibalitz Ezkerra / 2015-05-17 / 718 hitz

Britainiarren aginte kolonialetik estatubatuarren inperialismora Egiptok izandako bilakaera politikoa azaltzen du Ahdaf Soueif idazlearen ‘The Map of Love’ nobelak.

Geure bizitza bizi ahal izan genuen politikari bizkar emanda?», galdetzen dio Laylak bere buruari. «Okupazioak zehaztu zuen zein labore haz zezakeen fallah-ak, industria proiektu ororen kontra egin zuen, geure finantza erakunde propioak sortzea galarazi zigun, hezkuntzarako gure nahiari oztopoak jarri zizkion, argitara zitekeena zentsuratu zuen, otomandar inperioan ahotsa ukatu zigun, gure gizonek zein lan eduki zezaketen erabaki eta emakumeen burujabetasuna ukatu zuen. Gutako bakoitza haur babesgabearen egoeran jarri gintuen, eta haztea eragotzi zigun. Eta, urteek aurrera egin ahala, nazio modernoen lasterketan atzera egiten hasi ginen, hazteko aukerak gutxituz eta zailduz. Gure jendearen artean mesfidantza erein zuen, eta gutako onenak fanatismora edo etsipenera bultzatu zituen. Eta Palestinan proiektu kolonialistak egin zezakeenaren adibide argia ikusi genuen: jendea lurrik gabe utz zezakeen.

»Ez ikusiarena egin geniezaiokeen horri guztiari? Geure bizitzek betetzeko lain lekurik egongo zen? Duintasun izpirik duen zein gizonek onartuko zuen bere burua leku horretara mugatzea, hari desafio egiten saiatu gabe? Eta zein emakumek ez zuen bere egitekotzat hartuko hari laguntzea?». Laylaren neba Xarifek hogeita hamar urte igaro ditu ingelesek kontrolpean duten Egiptoren alde borroka egiten, lehenago aitak eta osabak egin bezala Urabiren iraultzaren garaian. Laylak berak ere ahal duen guztia egiten du nebari eta senar Hosniri laguntzearren, baina XIX. mendean emakumeek etxetik kanpo joka dezaketen rola txikia da. Politika gizonen kontua da, ingelesena zein efendi edo «klase hizlariarena», hots, Mendebaldeko hezkuntza jaso duten klase ertain eta altuko egiptoarrena. Emakumeak ez du eztabaidetan parte hartzerik, are gutxiago fallah-ak, nekazariak. Klase hizlariak azken bi horien interesak babestu beharko lituzke, baina, kolonialismoak zabaldutako mesfidantzaren eraginez, Xarifek zalantza du hala izango ote den. Bere lagunetako batzuk aise makurtu dira Mendebaldeko teknologiara; beste batzuk Otomandar Inperioari men egiteko prest daude, ingelesak lurraldetik kanporatzearren. Muturreko islamiarren kontua ere hor dago; Europatik datorren guztiari kaltegarri iritzita, oinarrietara itzultzea proposatzen dute, bestelako bidegabekeriei toki eginda.

Egiazki, Laylak eta Xarifek bizimodu lasaiagoa eraman zezaketen politikari bizkar ematea erabaki izan balute, baina horregatik ez zen bizimodu zoriontsuago izango, ezta hobea ere. Maitasunaren aukera ere ezinezkoa izango zen halako egoera batean, benetan maitatzeak besteez arduratzea dakarrelako. «Pertsonala dena politikoa da», gogorarazten dio Amalek, Laylaren heren-ilobak, Israelekin negozioak egiteko prest dagoen lagunari, eta pertsonala dena familiari —biologikoari zein harreman bidez osatutakoari— lotuta doa beti. Izenburutik bertatik tesi horri heltzen dio Ahdaf Soueifen The Map of Love nobelak (1999, Maitasunaren mapa), eta hiru kontinente eta familia beraren lau belaunaldi erabiltzen ditu hura frogatzearren.

Belaunalditik belaunaldira

XIX. mendeko Kairon ezagutu eta ezkondu egiten dira Xarif eta Anna. Beren herrialdeak arerio izan arren —ingelesa da Anna, eta lehen senarra, britainiar armadako kidea hura, Sudango gerra kolonialaren ondorioz galdu zuen—, elkarrekiko errespetuan oinarrituriko harremana izatea lortzen dute. Ingelesek Egipton eta, oro har, mundu arabiarrean egindako bidegabekeriez ohartuta, Annak independentziaren aldeko mugimenduan lagundu egiten dio Xarif senarrari, haren idatziak ingelesera eta frantsesera itzulita, nazioarteko egunkari garrantzitsuenetan argitaratu daitezen. Modu horretan Mendebaldeko herrien arreta erakartzea espero dute, haiek aginte koloniala amaitzeko presio egin dezaten.

Xarif ez da helduko independentzia eguna ikustera, ideia iraultzaileegiak dituela iritzita arerioek hil egingo baitute. Horren ostean, familia bitan banatuko da: Xarifekin izandako alabarekin, Europara joko du Annak; Layla eta haren familia Egipton geratuko dira. Hiru belaunaldi igaroko dira bi adarrak berriro batu arte, AEBetan sortutako Isabelek (Annaren eta Xarifen heren-ilobak) eta Egipton jaiotako Amalek eta Omarrek (Laylaren eta Hosniren heren-ilobek) topo egin arte, Annaren gutun eta egunkarien eraginez. Haien mundua ez da Xarifek eta Annak ezagutu zuten mundua: Egipto independentea da orain, eta gobernu propioa du. Hala ere, kolonialismoaren eragina nabarmena da oraindik, eta AEBen inperialismoak hankaz gora jarri du Ekialde Hurbila. Xarifen eta Annaren garaian sionismoa mehatxu bat zen; palestinarren desjabetzea eta jazarpena errealitate krudela da Isabel, Amal eta Omar bizi diren garaian, 1990eko hamarkadaren amaieran.

Milurtekoa amaitzera doa, eta haren hasieran Xarifek eta Annak egin bezala, Isabelek, Amalek eta Omarrek espero dute elkar ulermena armei gailentzea. Xarifek eta Annak egin bezala, Isabelek, Amalek eta Omarrek espero dute beren haurrak bestelako munduan bizi ahal izatea. Xarifek bizia galdu zuen horren alde, eta litekeena da Omarri beste horrenbeste gertatzea, Palestinan bake negoziazioetan parte hartzen ari dela. Handik bi urtera, Dorre Bikien erasoen ostean, terrorearen kontrako gerra abiatuko dute AEBek. Baina une honetan Omarrek ez daki hori. Isabelen eta bien arteko semeari —egokiro heren-aiton/heren-osaba bezala Xarif deitua— egokituko zaio errealitate horri aurre egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude