Postariaren mendekua

Iraitz Urkulo / 205-05-24 / 369 hitz

  • Izenburua: Jende desegokia
  • Egilea: Gaizka Zabarte
  • Argitaletxea: Susa

Peter Zuazo idazle ohiak Desegokituen Elkarte misteriotsuak Bilbon antolatutako jardunaldietan hizlari gisa parte hartzeko gonbidapena jaso du. Proposamenaren originaltasuna dela eta, irakurleon jakin-mina abiapuntutik bertatik pizten du Gaizka Zabartek bere bigarren eleberrian. Hortik aurrera, tarteka gure baitako morboa hauspotzera datozen misterio txikiz eta bitxikeriaz beteriko, baina, halere, erabat gertagarria dirudien istorio batekin egiten dugu topo. Argumentuaren erdigunean pertsonaia desegoki —ala desegokituak ote?— multzoa dago, jakina.

Desegokitasunaren kontzeptu arras abstraktuari tiraka, terminoaren inguruko eztabaida interesgarri bati heltzen dio autoreak: bada hura moralki definitzerik?, edo estatistikari arreta jarrita, akaso? (estatistikari bete-betean egokitzen zaion inor baldin bada, behintzat); ezaugarri esentzialtzat uler daiteke ala testuinguruaren baldintzapenaren ondorio da? Hobe nuke adieraztea, agian, pentsamenduetan zein jokaeran bazterrekoak diren —hots, beren buruak halakotzat jotzen dituzten— pertsonaiek betetzen dituztela obrako orrialdeak; are gehiago, ziurrenik irakurle askoren begietara galtzaile peto-petoak baino ez dira izango. Jendearekiko mesfidantza, nagia edo, besterik gabe, misantropiarako joera albo batera, esan dezagun arruntasunean xelebreak direla, gehiengoaren arauetatik ez baitira gehiegi desbideratzen.

Elkarteak bultzatutako jardunaldien aitzakian, protagonista taldeko kide batetik bestera saltoka egingo du aurrera narrazioak. Bataren bizitzaren funtsezko gertaeratik hurrengoaren anekdota hutsera. Hausnartzearen eta pentsamendu intimoaren bihurguneak agerian, solaskidearen pentsamenduak igartzen eta, azken batean, giza harremanak zein zailak diren erakustea lortzen duen arte. Horrela, oso modu natural eta argian, baina sinplekerian erortzeari uko eginez, errekaren emaria itsasorantz nola, pertsonaiak elkar lotuz eleberriari forma emanez doa apurka-apurka.

Jarrera erradikaletara edo esperpentora jotzea saihestuz, egileak zuzentasuna zaintzeko batere kezkarik antzematen ez zaion planteamendu baten alde egiten du, non nahiko hizkera lotsagabe baten bidez, portaera matxista edo klasistak isiltzeko ahalegin oro deuseztatzen duen, esaterako. Ironia fina, umore azidoa… zalantzarik gabe, tonua da liburuaren gakoetako bat. Pertsonaiak kabroiak bai, baina ukitu sinpatikoa ere badutelako. Bestalde, dekadentziaren xarmak indar berezia eskuratzen du, izan ere, badu zerbait erakargarria kontakizunean nagusitzen den erromantikotasun oroz biluzitako ikuspegiak. Alderdi hori oso nabarmena da Peter Zuazo idazlearengan eta, oro har, islatzen den literaturaren kontzepzio zirikatzailean —kontu metaliterarioak eta haiei lotutako kritika umoretsu eta ziztatzaileari dagokienez, besteak beste—.

Zalaparta eta suzirien beharrik gabe, bai ordea probokazio-dosi handiak txertatuz, sotiltasuna eta zorroztasuna arma literario nagusitzat erabilita, Gaizka Zabarteren Jende desegokia eleberriak, euskal literaturan maiz hautematen den proposamen handinahietatik aldenduz, irakurketa atsegin eta zinez kitzikagarria eskaintzen digu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude