XenofobiApp

Gorka Julio / 2015-05-28 / 284 hitz

Biraltasuna lortzea, hori da gaur egun hedapena lortzeko bilatzen dena. Hauteskundeetan ikusi dugu, ia edozerk balio duela. Bideo lotsagarriak izan dira gehien zabaldu direnak. Hala ere, publiko eta pribatuagoan era honetako mezuak hedatzeak eragin ezberdina dauka.

Memetikak, memeak, hedatu daitekeen informazio unitate txikienak nola hedatzen diren aztertzen du. Baina errazagoa da egunerokotasunean ulertzeko zurrumurruei begiratzea. Badakigu arrazakeriaren lotutako zurrumurruek nolako arrakasta izaten duten; horiek saihesteko estrategiak ere landu dira, baina arrakasta gutxiagorekin.

Hala ere, aldea dago era publiko batean mezu biralak zabaldu edota era pribatuago batean egitearen artean. Publikoki hedatzean, demagun Twitter bezalako sare sozial baten bidez, esposizioa argia da, eta beraz, jendeak erantzun edo kontra egiteko aukera dauka. Kontrako efektuak ere sor daitezke maiz, Streisand efektu ezaguna da horietako bat.

Era pribatuago batean egitean, aldiz, kontrako efektu horiek lausotzen dira apur bat. Kontrako eragina izan dezake bai, baina murritzagoa. Era honetako komunikazioan mezu faltsuek, gezurrek, zurrumurruek… sinesgarritasun handiagoa izaten dute. Egoera irudikatu nahi baduzue, Whatsapp talde askotako dinamikak horrelakoak dira.

Publikoki egiten diren komunikazioetan, aldiz, jende gehiagotara iritsi gaitezke, baina eragina ez da hain gertuagokoa eta erantzuteko aukera du jendeak. Aldiz, era pribatuagoan egiten dugunean, jende kopurua mugatuagoa bada ere, gertutasuna handiagoa eta kontrako eraginak murritzagoak kasu gehienetan.

Hauteskunde hauetan ez dira gutxi izan lehen komunikazio mota erabili dutenak, baina esango nuke bigarren komunikazio motak garrantzi berezia izan duela. Niri behintzat bolo-bolo ibili diren zenbait informazio iritsi zaizkit, eta horietako batzuk beldurtzeko modukoak. Whatsapp izan da berriro horretarako aukeratutako tresna.

Whatsappek bere erabilpen baldintzetan argi uzten du ezin dela kanpaina politikorako erabili. Argi dago jende askorentzat ez dela oztopo izan, niretzako ere honek ez du garrantzi berezirik. Gehiago arduratzen nau publikoki egiten ez diren zenbait baieztapen, pribatuan nola hedatzen diren, horietan larriena xenofobia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude