Aitana Lertxundi, Ingurumen zientzialaria: «Edoskitzeak haurtxoa kutsaduratik babesten laguntzen du»

Juanma Gallego / 2015-05-31 / 562 hitz

Amak haurdunaldian kutsaduraren aurrean izandako esposizioak eragin kaltegarria dakarkio umeari, baina ikertzaileak iradoki du efektu hori desagertu egiten dela titia hartu duten haurtxoengan.

Aitana Lertxundi (Zarautz, Gipuzkoa, 1980) Ingurumen Zientzietan lizentziatua eta Ingurumen Epidemiologian doktorea da. EHUko Medikuntza Fakultateko irakasle ere bada. Beste hainbat ikertzailerekin batera, artikulu bat plazaratu berri du Environment International aldizkarian: haurdunaldian jasotako kutsadurak umeengan izan dezakeen eragina aztertu dute.

Nola hasi zenuen ikerketa lerro hori?

Nire lan arloa ingurumen epidemiologia izan da beti; inguruneak biztanleriaren osasunean duen eragina ikertzea, alegia. Horren inguruko doktoretza egin nuen, Gironan [Katalunia]. Euskal Herrira bueltatu nintzenean, Inma proiektuaren berri izan nuen. Espainian haurtzaroaren eta ingurumenaren arteko erlazioa ikertzen duen sare bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bertan parte hartzen du. Nik kutsaduraren azterketa estatistikaren eta espazioaren ikuspuntutik lantzen dut bereziki. Sinplifikatuz, nire lana da mapetan mendien altuerak irudikatzeko erabiltzen diren sestra kurben antzeko marrekin kutsadura mailakatzea. Ondoren, kutsadura horrek biztanlerian duen eragina estatistikoki aztertzen dut.

Artikuluan, batez ere, haurdunaldian jarri duzue arreta.

Inma proiektuan proposatzen dugun hipotesia da haurdunaldian emakumeak kutsaduraren aurrean izan duen esposizioak eragina izango duela fetuan. Guk 638 haurdun eta haien haurtxoak hartu ditugu erreferentzia gisa; zortzi urtez jarraipen sistematikoa egin diegu. Jaiotzean neurri antropometrikoak jaso ditugu, eta, ondoren, izan duten hazkuntza ere aztertu dugu. Hamabost hilabeterekin, haurren garapen kognitiboa eta garapen motorra neurtu ditugu, eta famili ekologia ere bai: zenbateko espazioa duen umeak jolasteko eta nolako erlazioa duen inguruko umeekin.

Eta nola sortzen da eragin hori?

Aire kutsatzaile desberdinak daude, baina neurtzeko errazena autoek isurtzen duten nitrogeno dioxidoa da (NO2). Era berean, oso garrantzitsuak dira PM2,5 izeneko partikulak, 2,5 mikra baino gutxiagoko tamaina dutenak. Zenbat era txikiagoak izan, orduan eta errazago sartzen dira gorputzean, eta, horregatik, arrisku handiagoa dute. PM2,5 partikulen inguruan ikerketa gutxi egin da orain arte, oso zaila eta garestia izaten baita horiek neurtzea. Gure taldeak, ordea, Osasun Saileko laborategi batean aztertu ahal izan ditu.Bentzenoarekin batera, bi kutsatzaile horiek aztertu ditugu gure artikuluan, eta ondorio oso interesgarriak atera dira. PM2,5 partikulek garapen motorrean eragiten dutela ondorioztatu dugu: haurdunaldian esposizio handiagoa izan duten emakumeen seme-alabek puntuazio baxuagoa izan dute gero neurketetan.NO2arekin gauza bera gertatu da, baina garapen kognitiboari eragin dio, eta horrek ere Europan ateratzen ari diren antzeko emaitzak berretsi ditu. Kutsadura fokuarekiko erlazioak argia dirudi, gainera. Zenbat eta gertuago bizi industriatik, orduan eta puntu gutxiago ateratzen dituzte haurrek. Balore horiek normaltasunaren barruan daude, baina oso esanguratsuak dira. Bentzenoa ere aztertu dugu, baina kasu horretan ez dugu eraginik aurkitu.

Ondorio horiez gain, ezusteko harreman bat topatu duzue…

Bai: lau hilabete baino gehiagoz titia hartu duten umeengan aire kutsatzaileen eragin kaltegarri hori desagertzen dela ikusi dugu. Beraz, esan dezakegu edoskitzea babeslea edo aringarria dela.

Eta ba al dakizue zergatik gertatzen den hori?

Oraindik ez dakigu edoskitzearen efektu babesle hori zergatik izaten den. Agian, esnearen defentsak lagungarriak dira kutsaduraren aurka, edo edoskitzeak sortu ohi duen amaren eta haurtxoaren arteko loturak umea sendotzea eragiten du. Orain, beste ikerketen datuekin alderatu nahi ditugu, lagina handituz gero datuek trinkotasun handiagoa irabaziko dutelako.

Kutsadura mailei dagokienez, nola gaude?

Nikela, manganesoa, beruna eta antzeko metal astunak neurotoxikoak dira, eta, Europarekin alderatuz, gure artean maila ikaragarri handiak dira. Goierriko eskualdean industria eta N-1 errepidea dira kutsadura foku nagusiak. Gure analisian, oraingoz, merkurioa baino ez dugu neurtu, baina metal hori batez ere elikaduraren bitartez sartzen da gorputzean. Gure hurrengo helburua manganeso kontzentrazioak neurtzea da. Hala ere, horrekin bakarrik ezin dugu konformatu: aurrera eraman behar da ikerketa.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.