Astolasterrak, astazakilik gabe?…

Patziku Perurena / 2015-06-03 / 1.006 hitz

Gurean astolaster deitu fartsari buruz nik baino lehenago eta dotoreago hitzegin duenik bada, eta besteak beste, Euskaltzaindiak sarean daukan Literatura Terminoen Hiztegia ikustea aski. Honatx bi pasarte, deusik ez badakizu, pittin bat girotze aldera:

«Astolaster deitu fartsa herriko pertsona jakin batzuen jokabidearen aurkako satira gogorra zen, eta, hori zela eta, agintariek debekatu egiten zuten. Zintzarrotsak asto-lasterrak baino lehenago egiteko ohitura izaten zen, abisu modura, zintzarrotsetako bertsoetan esaten baitzen, haien biktimek zintzarrotsei amore ematen ez bazieten eta gazteriari ordaintzen ez bazioten, asto-lasterrak egingo zizkietela.

»Zintzarrotsak alargunei egiten zitzaizkien ezkontzen zirenean eta ezohiko adin ezberdintasuna zegoenean bikotearen artean, edo ezkontideetako bat hainbat bider ezkondua bazen aitzinetik…: edo alargun batek ohaidea zeukanean. Asto-lasterretan, aldiz, gaiak bestelakoak izan zitezkeen: isekaren jomuga senar edo emazte adarduna, emazte senar jipoi emaile edo zaflatzailea, mozkorra, haurgaltze egilea, apez neskazalea, senar-emazte borrokalariak eta abar izan zitezkeen».

Eta teoria orokor hori bere ugaritasun zinezkoan nolatsukoa izan zen ikusi nahi izatera, hor dituzu Armiarma sarean Patri Urkizuk bildu XVIII mendeko hamazazpi testu eder, eta haietako lau inoiz argitara gabeak gainera. Honatx testu zahar horietako puxka batzuk, herri hizkera bixi bixian:

Bubane eta Xiloberde: «Gizon gaztiak harek, ni beno maitiago tü / haiek egiten beteie nik beno haboro zerbütxü» (…) [hil ondoan]: «Lehenik ezariren dirot emaztiari bürian / adarren egitia dela meritü handibat lürrian // Gizona irus datiala adarren ükheitiaz, / eztükiala behar düdarik zelialat juaitiaz».

Kabalzar eta bere familia: (…) «Sinuek erakuxi deitade lehen artikülian, / zaharrak amurus direla bixisto den urthian. // Ordian amurus hau dira laur urtherentako, / hartakoz dira emaztiak bethi amurus oro. // Benüs izarra beita ustiraleko sinua, / ordian sorthürik dirade araus / plaza huntako emazte güziak». // Eta partikülarki dendari bilho zuritiak, / hurak dirade, hurak, amurus erhatiak. // Haietarik inprimatü düt egünko sollaza. / ikhusiren tüzie urthia gabe astuak laur hazka».

Azalpen horiek eginik, eta gure herri antzerkiko izen ugaritasun aberats bezain nahasgarrian galdu gabe: xaribari, maskarada, tobera, galarrots, karruxa, santibate, astolaster… natorren nere gaurko galderaren errora. Zergatik astolaster? Edo zergatik astoak?

Metaforak eta sinboloak pittin bat eguneratze aldera, honatx Antton Lukuri Ezterenzubin esana: «Astolasterka erran nahi duzu? Hau ezkondu gabe haurra ukaiten zuten nexkeer egiten zen. Buztanari so ezartzen zuten asto baten gainean eta zozokeriak erraiten zazkoten» (30. or.). Nola ez, Libertitzeaz liburukoa duzu pasartea. Atsegin haundiz leitu dudan liburua, eta nire ustez antzerki sari on bat merezi lukeena. Hara zer dioen honetaz Marti Gaztenagak, Larramendi koblariaren iloba ttipiak: «Gure etxen dena bekatu zen. Haurrek nahi ginuen ikusi eta amamak begiak tapatzen zauzkigun erranez: bekatua da hor plazan ari» (258. or.). Edo Lukuk berak dioskuna: «Tobera gai kasik guziak sexuari lotuak dira guti edo aski» (49. or.) «Dudarik ez lehengo funtzioek sekulako inarrosaldia biltzen dutela. Zer egin astoaren sinbolikaz egungo gizartean? Lehengo trufa tresna oraingo haurren kuttuna bada?» (59 or.).

Baina gaur astoa haurren kuttun izaitea, ez baita inondik ere haur kontua, gure gizarte erabat haurtu (astotu?, gizajotu?) honena baizik, Lukuk berak behin eta berriz dioen bezala. Kontuak horrela, esan dezadan behingoz, nontsutik letorkeen gure teatro zaharreko asto santu honen sinbologia literario unibertsal bide luzekoa:

Horazio eta aurreko moralista haundien ondotik Ovidiok halako askatasun aire populatxeroa ekarri zuen, batez ere amodio kontutan, askotan exhibizionismo huts bihurtzeraino. Hagitz ezagunak dira Amodiorako Artea, Metamorfosiak... Eta gauza jakina da eragin izugarria izan zutela Erdi Aroan eta Berpizkunde Garaian ere. Eta Fasti izeneko lanean, Erromako egutegiko herrijaiak azaltzen ditu hilabetez hilabete, sei liburukitan, eta haietako batean, maiatzekoan hain juxtu, garbi ageri da Silenoren gorazarreko banketean Loti izeneko ninfa nola erori den mozkorturik lo seko. (Oroit gure amodio baladetan behin eta berriz nola ageri den loa, lo belar (amore belar), eta abar, Loti hartantxe baitizu erroa). Eta hain juxtu, Loti egoera hartan dela, Priapo bortxatu nahian hasi, eta Silenoren astoek sekulako arrantzak eta zalapartak hasten dituzte, jende guziari adieraziz zertan ari den Priapo isatsaundia. Beste leienda batek dio, berriz: nork zakil haundiago, apustu egin eta, Priapok irabazi ziola astoari. Erro bera duen priapismo gaitza ere ezaguna da: buztana tentetu eta ezin apalduarena, alegia. Eta abar eta adar… (Ikus Interneten Priapo, nola testu hala irudi).

Kontua da, astolasterrak azaltzerakoan inori ez diodala tutik aditu, euskal eminentzia guzien artean, herri sinbologia ovidiar honen aipamenik. Ez eta Patri Urkizu adiskideari ere, bereziki astolasterron ETORKIAZ ari den atalean. Eta bien bitartean, horra euskararen semantikak menderik mende jaso duen edertasun hiperboliko ugari guzia salatari: astazakil, astapito, astakirten, pellokirten, kirtena, zakilaundi, zakila, zakiles… Horra potentzial sexuala eta burugabekeria, lasaikeria, astakeria… elkarren orpoz orpo, euskal usarioan. Eta zergatik ez zaldizakil edo mandozakil? Galdezka ari naiz, ez baiezka. Baina, lehen esan dizut ez dela alferrik iritxia izanen gureganaino Priaporen leienda ovidiar hura. Ez ote du lexiko horrek deus ikustekorik gure astolaster haiekin? Ni baiezko seguruan nago.

Eta sexuaz aldatuz, ez al da gure artean hedatuago, neska eder potentzialki sexualago eta tuntuntzar amorratuago delakoa? Bai, baina itxura denez, askoz lehenagotik zegoen errotua, gizon sexualki potentzial oro funtsean astazakila zelakoa, bere mila aldaeretan, baina, astoaren kirten priapoar hura sinbologian ardatz zuela beti ere. Priaporen leienda zahar gurean ederki errotua lekuko. Errotua bezain ixildua, esan beharko. Astolaster ikerle xuri guziek erabat estalirik utzi baitigute.

Jakina, egungo fintasun hiritar hipokritan arrunt zakar dirudite asto metafora hiperboliko horiek, baina, zinez zer gertatzen ari da urbe finki hezi horietan? Begira Interneten, edo gizarte itsu zeharo sexualizatuan. Bai, zoofilia imaginario natural eta zuzeneko pittin batek on eginen liokeela uste dut nik egungo gizarteari. Orain, mundu guzia bakar eta lagun gabe gelditu denean, inoiz baino emaztekien (lehen gizonen) lagunago egin dela ikusten baitut, esate bateko, zakurra, leitzar hiritar finen artean bertan. Eta etorri zait, garai bateko astazakil haien ordezko botika are lohiagoa ez ote den gaurko zakur finezia moderno hau.

Bukatzeko esan, guk erdarazko eskola birjinetan «con flores a María» kantatzen genuela maiatzean, aingeru jantzian, koplari zaharrak aspaldi erakutsitako finezia eder hura erabat atzendu, arbuiatu eta zakartzat bazterturik: «Katuak otsaila, astoak maiatza! (bis) / Maitia noiz emanen didazu baietza?/ Ai ei oi ai, emanen baietza?». Handik urtetara, halatsu aditu izandu nuen, oso oker ez banaiz, Bingen Zupiria delako trikitilari hernaniar gazte baten ahotik. Nola aldatzen garen!… Horrexegatik egin nahi izan diot astoari, nire lagun bakarrari, gorazarre, maiatza bukatu berritan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.